- 2015etik abian den Eloise Garmendia Bieter katedrari jarraipena emateko hitzarmena ere izenpetu dute
- Bengoetxea lehendakariordea: «Euskararen eta euskal ikasketen presentzia akademikoa sendotzen dihardugu nazioarteko ingurune batean, eta Euskadi kultura eta hizkuntza eragile dinamiko eta bokazio globaleko gisa proiektatzen ari gara»
Lehendakariak Boiseko Jaialdira egin duen bidaiaren testuinguruan, Eusko Jaurlaritzak eta Etxepare Euskal Institutuak bi lankidetza-hitzarmen estrategiko sinatu dituzte Boise State Unibertsitatearekin (BSU): bata euskal ikasketen inguruko ikerketa bultzatzeko programa berri bat martxan jartzeko, eta bestea, 2015tik abian den Eloise Garmendia Bieter katedraren etorkizuna bermatzeko. Bi akordio hauek euskal ikasketak nazioarteko esparru akademikoan sendotzeko urrats esanguratsua dira.
ZORTZIAK BAT sinposioan Etxepare Euskal Institutuaren egitekoak atzerriko euskal komunitateari eta eremu akademikoko eragileei aurkeztu ostean burutu da sinadura ekitaldia. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Hizkuntza Politika sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Marie-Anne de Graaff BSUko Arte eta Zientzen Fakultateko dekanoak eta Cara Greenle BSUko Finantzatutako Programak sailaren zuzendariak hartu dute parte, eta lau ordezkariek euskal ikasketen presentzia eta garapena bermatzeko konpromisoa berretsi dute.
Lehendakariordearen hitzetan, «akordio honek euskararen nazioarteko presentzia indartzen du eta Euskadik kultur eragile ireki, dinamiko eta global gisa duen posizioa sendotzen du. Gure hizkuntza eta kultura bere mugetatik haratago partekatzen dituen eta mundu osoko komunitate eta unibertsitateekin harremanak estutzen dituen Euskadiren aldeko apustua egiten dugu».
Zentzu honetan, Bengoetxeak “Jauzia Gara” eta “Euskadi Globalaren” estrategiekin lotu ditu euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzen dituelako kultura-diplomazian sakonduz, kanpoko euskal komunitateekin eta nazioarteko erakunde akademikoekin lankidetzan aritzeko bide gisa.
Bestalde, Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari Irene Larrazak Boise State Unibertsitateak gaurdaino euskal ikasketekiko erakutsitako interesa azpimarratu du. “Zinez pozik gaude orain arte jorratutako gaiek izan duten harreraz jabetuta: euskal identitatearen inguruko gaiak, genero-ikasketak, ikusizko arteak, literatura-itzulpena, historia, hizkuntza-teknologien etorkizuna edota euskal musika-ondarea. Sinatutako hitzarmenek euskal ikasketak diziplina akademiko gisa garatzeko gure konpromisoarekin bat egiten dute, eta BSUrekin urratutako bidea beste unibertsitate batzuentzat eredu bihurtzea espero dugu.”
Euskal ikasketen inguruko ikerketa-programa aitzindaria
BSUrekin sinatutako lehen hitzarmenak euskal ikasketen inguruko ikerketa-programa egonkor eta aitzindari bat martxan jartzea du helburu, Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitate batean bultzatzen duen ezaugarri horietako lehenbizikoa. 2026. urtean zehar abiatzea aurreikusten den programa hau BSUko Arte eta Zientzien Fakultatean kokatuko den arren, euskal ikasketak diziplina arteko ikuspegitik eta sail ezberdinetan jorratuko dira.
Programak ikerketa-bideak eskainiko dizkie gradu eta graduondoko ikasleei, eta euskal ikasketetan ikertzeko aukera emango dio irakaslegoari. Halaber, Euskal Herriko unibertsitateekin elkarlana bultzatuko da, eta bertan ikerketa-jarduerak garatzeko aukerak zabalduko dira. Horrekin batera, euskal kultura, hizkuntza, historia eta gizartea ardatz dituzten ekitaldi akademikoak (hala nola hitzaldiak, sinposioak edo jardunaldiak) sustatuko dira, eta ikerketa-emaitzen zabalkundea ere indartuko da.
Ikerketa programa honen bidez BSUko ikasle, irakasle eta sailak euskal ikasketetara erakartzea espero da.
Eloise Garmendia Bieter katedraren etorkizuna bermatzeko konpromisoa
Bigarren hitzarmenak Eloise Garmendia Bieter euskal ikasketen katedrari jarraipena ematea du xede. Etxepare Euskal Institutuak finantzatzen du, eta Boise State Unibertsitatearekin elkarlanean kudeatzen den katedra honek urtero, nazioarteko irakasle esanguratsu bat gonbidatzen da katedraren baitan euskal ikasketen esparruan espezializatutako irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerak garatzera. Irakasle horiek eskolak, mintegiak eta hitzaldiak ematen dizkiete graduondoko ikasleei eta doktoregaiei, eta euren ekarpenaren bidez, euskal gaiei buruzko ezagutza zabaldu eta ikerketa akademikoa indartzen da. Boiseko euskal komunitatea ere aintzat izaten da programazioan, eta bertaratutako adituek hitzaldi eta jarduerak egiten dituzte komunitateko kideekin.
2015ean martxan jarritako katedra honen izenarekin Eloise Garmendia Bieter omendu nahi izan zen, euskal kulturaren sustapenean eta transmisioan Boise hirian funtsezko rola jokatu zuen emakumea. Garmendia Bieter (1925–1999) figura nabarmena izan zen bertako euskal komunitatean, eta Boiseko Euskal Museoan eta Euskal Etxean egindako lanari esker komunitatearen erakunde nagusiak indartu eta garatzen lagundu zuen. Horrez gain, 1974an AEBetako ikasleentzako Euskal Herrian egin zen lehen ikasketa-programaren sustatzaileetako bat izan zen. Katedra haren ondarea luzatzeko bide bihurtu da.
Gaur sinatu diren bi hitzarmenen bidez, Boise State Universityk eta Boise hiriak Euskal Herritik kanpo euskal ikasketen arloan erreferente izaten jarraitzen dute. Izan ere, 1930eko hamarkadan izan zen lehen aldiz euskal ikasketen inguruko eskaintza akademikoa bertan, Estatu Batuetan alor horretan aitzindaria izan zelarik. Orain, Eloise Garmendia Bieter katedraren berritzeak eta ikerketa-programa berriak beste mugarri bat ezartzen dute, euskal ikasketen presentzia eta garapena nabarmen indartuz.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutua euskara eta euskal kulturaren nazioarteko proiekzioaz arduratzen den Eusko Jaurlaritzaren erakundea da. 2010ean sortu zenetik, euskal sorkuntza garaikideari ikusgarritasuna emateko, atzerrian euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko eta nazioarteko kultur lankidetza sustatzeko lanean dihardu.
Esparru akademikoan burututako jardunari esker, mundu osoko 35 unibertsitatetan irakasten dira euskara eta euskal kultura, eta euskal ikasketen 12 katedra daude ospe handiko zentroetan.





























