Ikerketa-lanetan laguntzeko interesa duten unibertsitateko ikasleei zuzendutako 190 beka

Gobernu Kontseiluak 2025-2026 ikasturtean ikerketa-lanetan laguntzeko Ikasiker beken deialdia onartu du gaurko Gobernu Kontseiluan. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak 330.000 euro bideratuko ditu guztira ekimen horretara.

Ikasiker programaren helburua da unibertsitateko ikasleei aukera ematea Euskal Ikerketa Sistemaren esparruan oinarrizko ikerketa eta ikerketa aplikatutako zereginetan hasteko.

Eskabideak aurkezteko epea irailaren 6tik urriaren 6ra arte izango da zabalik.

Memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko hiru dirulaguntza lerro

Gobernu Kontseiluak, – Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak sustatutako hiru dirulaguntza lerro onartu ditu gaur, Euskadin memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzea sustatzeko. Guztira, 232.500 euro bideratuko dira 2025ean, honako deialdi hauetan banatuta:

1. Memoria demokratikoa berreskuratzeko liburuak argitaratzeko dirulaguntzak. Aurrekontua: 40.000 €.

2. Memoria demokratikoa berreskuratzeko dokumentalak sortzeko dirulaguntzak. Aurrekontua: 80.000 €.

3. Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteek eta fundazioek memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko dirulaguntzak. Aurrekontua: 112.500 €.

Hiru deialdi horien bidez, Eusko Jaurlaritzak memoria historikoa eta demokratikoa berreskuratzeko, babesteko eta zabaltzeko konpromisoa berresten du.

Nekazaritza Politika Bateratuan aldaketa egiteko eskaera baso-suteen arriskua murrizteko

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak, Amaia Barredok, Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) aldatzeko ministerioari egindako eskaeraren berri eman du gaurko Gobernu Kontseiluan. Helburua da, Euskadiko mendi pribatu zein onura publikoko medien kudeaketa egokiagoa eta jasangarriagoa bermatu ahal izatea, suteak saihesteko.

Ministerioari proposatutako aldaketen artean daude: gehieneko abere-kargak handitzea eta zuhaitz- eta baso-azalerak bazkatzeko moduko eremu edo larre gisa aintzat hartzea. Eusko Jaurlaritzaren ustez, euskal mendietan azienda gehiago egoteak landaredia modu naturalean kontrolatzen laguntzen du, eta suebaki gisa jokatzen du sute potentzialen aurrean.

Ministerioari egindako eskaerez gain, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiekin koordinatuta, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako Lege berri bat lantzen ari da. Lege horrek basoen kudeaketarekin, mendien kontserbazioarekin eta suteen prebentzioarekin lotutako kapitulu espezifiko bat izango du.

EDA ekimena garatzeko lankidetza-hitzarmena

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailaren eta EDA Drinks & Wine Campus Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena eguneratzea onartu da gaur Gobernu Kontseiluan, EDA “Edariak eta Ardoak” ekimena garatzeko helburuarekin.

EDA ekimenaren inbertsio-aurrekontua, Guardian eta Gasteizen, 18.000.000 eurokoa da eta horietatik 10.000.000 euro Eusko Jaurlaritzak jarri ditu.

Estatistika Organo berria

Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren Estatistika Organoa sortzea. Gaur onartutako dekretuak haren antolaketa eta funtzionamendua zehazten ditu.

Besteak beste, sailaren estatistika-plana eta estatistika propioak egingo ditu, Euskal Estatistika Planean eta Urteko Estatistika Programetan sartuta ez daudenak. Halaber, Estatistika Organoaren zeregina izango da estatistiken emaitzak argitaratzea eta hedatzea eta Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailak interesgarritzat jotako proiektuak egitea.

Lankidetza-hitzarmenak Aldundiekin Feaga eta Feader funtsen kudeaketarako

Gobernu Kontseiluak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren eredua onartu du, Europako Feaga eta Feader funtsen kontura egindako esku-hartzeak kudeatzeko.

Foru-aldundiekiko lankidetza funtsezkoa da euskal erakundeen artean koordinatutako eta partekatutako kudeaketa-eredu bat sendotzeko, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) arau-eskakizunei eta Euskadiko nekazaritza-sektorearen eta landa-ingurunearen beharrei eraginkortasunez erantzuteko eta, baita ere, lehen sektorera bideratutako Europako funtsen kudeaketa egokia ziurtatzeko, erkidegoko araudia betetzen dela bermatuz eta laguntzen tratamenduan hurbiltasuna, ezagutza teknikoa eta arintasuna eskainiz.

Hitzarmen berriak zenbait funtzio arautzen ditu, besteak beste, hainbat zeregin foru-aldundiei eskuordetzea, esaterako laguntza-eskaerak jaso eta baliozkotzea, administrazio-kontrolak eta tokian tokikoak egitea, onuradunei aholkularitza teknikoa ematea, intzidentziak koordinatzea eta, kasu batzuetan, batera finantzatutako ordainketak kudeatzea eta bidegabeko zenbatekoak berreskuratzea.

Funtzio horien barruan sartzen dira NBEFk (Feaga) finantzatutako esku-hartzeak —besteak beste, nekazaritzarako zuzeneko ordainketak, mahastizaintzako eta ardogintzako laguntza sektorialak, berdeko uzta edo erlezaintza— eta LGENFk (Feader) finantzatutakoak, 2015-2020 aldirako Landa Garapenerako Programako eta 2023-2027 aldirako NPBren Plan Estrategikoko neurriak barne.

Prentsa-txostena

Gai-zerrenda