Donostiako Udalak mugikortasun bertikala bultzatuko du bi igogailu berri eraikiz

Tokiko Gobernu Batzarrak onartutako beste gai batzuk: Roteta berroneratzea, EBAR Tximistarri, Lorategi Hiria

Donostiako Tokiko Gobernu Batzarrak bi igogailu kontratatzeko espedienteak onartu ditu. Alde batetik, Altzako osasun zentroaren inguruan dagoen desnibela gainditzen duen igogailua egitea aurreikusten da, eta, bestetik, Heriz pasealekua eta Antiguoko Erregezaintza kalea lotuko dituena.

Eneko Goia alkateak azaldu duenez, «proiektu hauekin hiriko mugikortasun bertikala bultzatzen dugu, auzoen irisgarritasuna hobetzeko udal gobernuaren konpromisoaren barruan, bizilagunen bizi-kalitatea hobetzeko«.

Altzako igogailuari dagokionez:

  • Osasun zentroaren irisgarritasuna hobetzeko egikaritze-proiektu aldatuan sartutako elementuetako bat da,
  • 641.952 euroko lizitazio-prezioa eta 6 hilabeteko egikaritze-epea ditu.
  • Proiektuaren xedea irisgarritasuna hobetzea da, igogailu bat ezarriz, atzeko aldean dagoen aparkalekuaren eta eraikinaren sarrera nagusiaren artean ibilbide irisgarri bat eginez.

Antiguoko igogailuari dagokionez:

  • Lizitazio-prezioa 1.354.060 eurokoa da, eta egikaritze-epea 8 hilabetekoa.
  • Proiektuaren xedea da igogailu bat eraikitzea, Erregezaintza kalearen eta Heriz pasealekuaren artean dagoen desnibela gainditzeko. Kale horretako 26. eta 28. zenbakien arteko eskailera-espazioa da, eta Heriz pasealekura ematen du. Han, 19 eta 21 zenbakien artean igarotzen dira eskailerak.