Une batez geratzeko, hausnartzeko eta jarduteko jardunaldia da, baita gogorarazteko ere profesional guztien prebentzioa eta konpromisoa funtsezkoak direla pazienteen segurtasuna bermatzeko.
Presio-ultzerak osasun-arretaren erronka handiak dira oraindik; hala ere, erizaintzaren indarra erakusteko aukera paregabea ere badira: ebidentzian oinarritutako praktikak gidatzea, aldaketak bultzatzea, eta osasun-emaitzak hobetzea. Arriskua garaiz antzemateak eta modu koordinatuan lan egiteak aldea markatzen du zaintzen ditugun pertsonen duintasunari, ongizateari eta haiek osatzeari dagokionez.
Ildo horretatik, gure erakundeak jarraitzen du aurreraupauso irmoak egiten Presio-ultzeren arrisku eta prebentzioaren balorazioari buruzko jardunbide egokietarako BPSO® gida ezartzeko; izan ere, ebidentzian eta etengabeko hobekuntzan oinarritutako erizaintzarekin dugun konpromisoa sendotzen duen proiektua da. Batera egindako esfortzu horri esker, estrategia homogeneoagoak, eraginkorragoak eta seguruagoak lortzen gabiltza, asistentzia-esparru guztietan kalitatezko arreta bermatzen dutenak.
Aurten apur bat haratago joan nahi dugu eta komunitate osoa inplikatu nahi dugu prebentzio-lan horretan. Hori dela-eta, prestakuntza-saioak antolatu ditugu senide eta paziente zaurgarrientzat, detekzio goiztiarra eta autozainketa ardatz hartuta, bai eta profesionalentzako ihes-gela hezigarria ere; esperientzia desberdina izango da, non ezagutzak ikasi, partekatu eta sendotuko baitira era ludikoan, parte-hartzailean eta elkarlanean oinarrituta.
Jarduera guztietan modu aktiboan bat egitera animatzen zaitugu, bai eta egunero BPSO® gidaren gomendioak aplikatzen jarraitzera ere. Prebentzio-ekintza oro delako garrantzitsua:
Prebenitzea zaintzea da, eta bikaintasunez zaintzea modurik onena da gure lanbidea ohoratzeko eta gehien behar dutenak babesteko.
Azaroaren 17tik (astelehena) aurrera, “El reto de Florence” izeneko online ihes-gela egongo da eskuragarri, Jakinsarea prestakuntza-eskaintzaren bitartez.
Azaroaren 20an, presio-ultzerak prebenitzeari buruzko senideentzako tailerra egingo da, IKTUS unitateko itxarongelan, 12:00etan.




























