Eusko Jaurlaritzak Porcelanosa Offsiteren industrializazio aurreratuko teknikak ezagutu ditu, eta horien artean dago bainuen egitura fabrikatzeko lerro robotizatu bat

  • Vila-realeko (Castelló) faktoriak MONOBATH moduluak ekoizten ditu gaur egun, Ortuellako 94 BOEko bainuak hornitzeko. Modulu horiei esker, eraikitzeko epeak laburragoak izango dira
  • Denis Itxaso sailburuak proiektuak aurreikusitako fatxada modular industrializatuko soluzioekiko interesa ere agertu du

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak Porcelanosa Offsite (Butech) enpresaren Vila-Realeko instalazioak bisitatu ditu ostegunean, industrializazio aurreratuko teknikak bertatik bertara ezagutzeko. Besteak beste, MONOBATH bainugelen egitura fabrikatzeko lerro robotizatua du, Visesak Ortuellan (Bizkaia) sustatu eta Altuna y Suria SA eraikitzen ari den alokairuko 94 etxebizitza babestuak hornituko dituena.

Bisitan zehar, ordezkariek industria-prozesuaren estandarizazio- eta zehaztasun-maila egiaztatu ahal izan dute. Horren bidez, fabrikan erabat amaitutako moduluak eman daitezke —egitura, estaldura zeramikoak, elektrizitatea, iturgintza, aireztapena eta ekipamendua barne—, obran zuzenean instalatzeko prest. MONOBATH ereduak bizitegi- edo zuzkidura-tipologien arabera konfigura daitezke, eta soluzio aurreratuak izan ditzakete, hala nola zoru erradiatzailea edo dutxa-plater integratuak.

Sistema industrializatuaren bidez epeak, hondakinak eta errepasoak murriztu, segurtasuna hobetu eta plangintza indartzen da, fasekako kalitate-kontrolaren eta instalazioko trazabilitatearen bidez. Aldi berean, Porcelanosak garatutako fatxada modularraren sistema ere ebaluatu dute bisitariek. Erabat amaituta entregatzen da fabrikatik, isolamendua, egitura, akabera, juntura estankoak eta arotzeria barne hartuta, eta beirak integratzeko aukera ematen du, hala azkarrago muntatzeko, aldamioen beharrik izan gabe.

Bisitari esker, Ortuellako proiektuaren mugarrien jarraipena egin ahal izan da —Visesak, Altuna y Uria SAk eta DG Arquitectura Habitable SCPk sustatzen dute—. Arreta berezia jarri diote bainu-tipologien koordinazioari eta muntaketaren plangintzari, amaierako kalitatea eta obrarako finkatutako epeak betetzen direla ziurtatzeko.

Bisitaren amaieran sailburuak nabarmendu duenez, “industrializazioa palanka estrategikoa da etxebizitza babestu gehiago eskaintzeko, kalitate, jasangarritasun eta eraginkortasun handiagoarekin, obra-denborak murriztuta eta sektorea profesionalizatuta”.

Era berean, Itxasok iragarri du Euskadi dagoeneko lanean ari dela Etxebizitza Industrializatzeko HUBa sortzeko: “Enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen eta administrazioen arteko lankidetza-gunea izango da, berrikuntza, prestakuntza eta estandarizazioa sustatzeko. 2026an Etxebizitza Babestu Industrializatuaren lehen Ziurtagiri Ofiziala plazaratzeko moduan izango gara eta, hala, eraikuntza horien kalitatea, trazabilitatea eta jasangarritasuna bermatuko dira”.

Gainera, Etxebizitzaren aldeko Itun Soziala 2022-2036 estrategia hedatzeko balioko du. Estrategia horren arabera, helburua da 2036 urterako babestutako sustapenen % 65ek gutxienez % 50etik gorako industrializazio-maila izatea.
“Bide onetik goaz dagoeneko —adierazi du—; izan ere, Visesaren sustapen berri guztietan industrializatzeko elementuak modulatu eta estandarizatzeko aukera ematen duten diseinuak ebaluatzen dira, eta Sailaren sustapenen % 40k halako egiturak ditu; Ortuella-Peñota (% 33), Laudio-Goikoplaza (% 60) edo Sopela-Asu (% 87) bezalako esperientzia enblematikoek haien bideragarritasuna frogatzen dute”.

Bestalde, Pepe Fenollosa Porcelanosa Offsiteko gerenteak azpimarratu duenez, “Visesarekin etxebizitza babestuan lankidetzan aritzea aukera bat da erakusteko industrializazioak nola goratzen duen kalitatea, nola murrizten duen obrako inpaktua eta nola ematen duen balio soziala epe fidagarrietan”.

Abantaila teknikoak eta operatiboak

  • Obra arina: konektatzeko prest dauden moduluak, metaketak eta lanbideen joan-etorriak minimizatuta.
  • Kalitatea jatorrian egiaztatua: fasekako kontrola eta “bizitzen jartzeko prest” ematea, errepasoak eta saldu ostekoa murrizteko.
  • Fatxada modularra: geruza anitzeko soluzioa, bateragarria XLIGHT motako baldosa eta zeramikazko xaflekin eta beste akabera batzuekin, arotzeria eta beirak integratzeko aukerarekin.

Jatorrian fabrikatzeak eta Porcelanosa Taldeko materialak erabiltzeak hondakinak eta lermak murrizten dituzte, segurtasuna hobetzen dute eta energia-eraginkortasunari laguntzen diote, bereziki fatxada aireztatuko edo modularreko soluzioak aplikatzen direnean.