Europako Inbertsio Funtsak (EIF) akordioa sinatu du Seed Capital Bizkaiarekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren mendeko sozietatearekin eta, horren bidez, Konfekoop Seed Bizkaia funtsaren bidez egingo diren inbertsioen % 80 bermatuko ditu; funts hau lurraldeko kooperatiben finantzaketa eta hazkundea indartzera bideratutako finantza-tresna da.
Akordio honek babes estrategikoa ematen dio Konfekoop Seed Bizkaiari eta indartu egiten du 2024an eratutako funts horrek kooperatibismoaren aldeko finantza-baliabideak mobilizatzeko duen gaitasuna, baldintza egokietan finantzaketarako sarbidea erraztuz eta Bizkaian errotutako enpresa-proiektuak sendotzen eta hedatzen lagunduz. Konfekoop Seed Bizkaiak arrisku handiko eremuan jarduten duenez, EIFren laguntza bereziki jotzen da baliotsu eta estrategikotzat.
Europako Inbertsio Funtsa Europako Inbertsio Bankuaren Taldekoa da eta ETEentzako eta kapitalizazio ertaineko enpresentzako bermeen eta finantzaketaren Europako hornitzaile nagusia da. Europar Batasunak lehiakortasunaren, berrikuntzaren, enpleguaren eta lurralde-kohesioaren arloan dituen helburuei laguntzea du xede eta inbertsio-katalizatzaile gisa jarduten du hainbat lurraldetan finantza-erakunde publiko eta pribatuekin garatzen dituen akordioen bidez.
Enpresa kooperatiboentzako inbertsio-funts esklusiboa
Bestalde, Konfekoop Seed Bizkaia Seed Capital Bizkaiak sustatutako funtsa da, Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarekin lankidetzan. Berariaz Bizkaiko kooperatibak finantzatzeko diseinatutako finantza-tresna da, besteak beste partaidetza-maileguen bidez jarduten duena. Baliabide horiei esker enpresen finantza-egitura indartu daiteke abal eta berme gehigarririk eskatu gabe.
Funtsak Konfekoopen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren partaidetza du eta bere helburua hazkunde-, hedapen- edo belaunaldi-errelebuko faseetan dauden kooperatiba finkatuei laguntzea da, horrela gizarte-ekonomia indartzen eta lurraldean enpresak errotzen lagunduz.
820.000 euroko inbertsioa 9 kooperatibatan
Martxan jarri zenetik Konfekoop Seed Bizkaiak 8200.000 euro inbertitu ditu, hainbat sektore ekonomikotako 9 kooperatiba babestuz, eta funtsezko tresna bihurtu da Bizkaian eragin ekonomiko eta soziala duten proiektu kooperatiboak bultzatzeko. Europako Inbertsio Funtsarekin lortutako akordioari esker balantze hau indartu egingo da aurrerantzean.
EIFrekiko lankidetza honen esparruan Seed Capital Bizkaia berariazko metrikak ezartzera bideratutako lana garatzen ari da, gizarte-ekonomia —kooperatibismoari arreta berezia eskainiz— eta egindako inbertsioen gizarte-inpaktua ebaluatu ahal izateko.
Konfekoopen bitartez landu den EIFren eta Seed Capital Bizkaiaren arteko aliantzak Bizkaiaren posizionamendua indartzen du enpresa-eredu jasangarri, inklusibo eta errotuekin konprometitutako lurralde gisa eta, era berean, lankidetza instituzionalaren eta europarraren zeregina sendotzen du garapen ekonomiko eta sozialerako palanka moduan.






























