Gemma Varona ikerlaria izango da Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluaren lehendakaria

  • José Luis de la Cuesta ordezkatuko du, azken hamasei urteetan ardura hori bete duena

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak ohiko bilera bat izan du ostiral honetan, eta, bertan, bere lehendakaritzaren aldaketa formalizatu da. Gema Varona kriminologo eta ikertzailea Kontseiluaren lehendakari berria izendatu dute, Jose Luis de la Cuesta ordezkatuko duena. Azken hamasei urteetan ardura hori bete ondoren, Varonak lekukoa hartuko du.

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua organo aholku-emailea eta parte-hartzailea da, terrorismoaren biktimen aitortzarako eta erreparaziorako euskal araudian aurreikusita. Haren funtzio nagusia biktimen eta haiek ordezkatzen dituzten elkarteen ahotsa eta parte-hartzea bideratzea da, haiei eragiten dieten politika publikoen diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan. Erakundeen eta gizarte zibilaren arteko elkarrizketarako gune egonkorra da, eta bideratuta dago memoria, duintasuna, justizia eta erreparazioa sendotzera.

Gaurko saioan, lehendakariaren ordezkapena egin da, eta Jose Luis de la Cuestaren agindupean egindako lana balioan jarri da; Kontseilua biktimen, giza eskubideen eta bizikidetza demokratikoaren alorrean hausnarketa eta proposamen foro gisa finkatzeko ekarpena egin baitu.

Lehendakari berriak, Gemma Varonak, ibilbide akademiko eta profesional ezaguna du biktimologiaren, kriminologiaren eta giza eskubideen arloetan. Zigor Zuzenbidean doktorea eta EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko zuzendaria, Varonak ikerketa eta aholkularitza lanak egin ditu erakunde publikoetarako zein nazioartekoetarako. Era berean, erantzukizun nabarmenak izan ditu biktimei arreta eta errekonozimendua ematen espezializatutako sare eta erakundeetan.

Ostiral honetan izandako bileran egon dira, hala nola  Giza Eskubideen, Memoriaren eta Bizikidetzaren sailburu ordea, Arritxu Marañon; Giza Eskubideen eta Biktimen Arretaren zuzendaria, Ainhoa Zugasti, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren – Gogoraren zuzendaria, Alberto Alonso. Biktimen kolektiboen aldetik egon dira Terrorismoaren Biktimen Elkartea (AVT) COVITE, Fernando Buesa Fundazioa, Ertzainen eta Terrorismoaren Biktimen Senideen elkartea (ASEFAVITE) eta Terrorismoaren Biktimak Babesteko Plataforma elkartea (APAVT, besteak beste.

Saioan, Kontseiluak hurrengo hilabeteetako lan-ildo nagusiak jorratu ditu; horien artean, biktimei zuzendutako politika publikoen jarraipena, bizikidetzari lotutako ekimenak, bai eta esparru instituzionalean eta sozialean biktimen parte-hartze eraginkorra sustatzeko proposamen berriak ere.

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak, Maria Jesus San Jose sailburuak zuzentzen duenak, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarekin duen konpromisoa berretsi du, entzuteko, hitz egiteko eta elkarrekin eraikitzeko oinarrizko gune gisa. Sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela biktimen eskutik, duintasunaren, memoriaren, erreparazioaren eta giza eskubideen errespetuan oinarritutako politika publikoetan aurrera egiten jarraitzea.