Gipuzkoako 61 udalerrik parte hartzen dute dagoeneko farmazia-tratamenduen prestaketa indibidualeko Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileentzako Programan

  • Itsasondok bat egin du berriki Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Gipuzkoako Sendagaigileen Elkartearekin lankidetzan sustatu eta finantzatutako programa horrekin
  • Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak adierazi duenez, pazienteei medikazioa eskuratzeko aukera erraztea eta medikazioaren erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetzea da helburua
  • Gaur egun, mila paziente inguruk eta Gipuzkoan egiaztatutako 280 farmaziak hartzen dute parte programa horretan

Osasun Sailak (Farmazia Zuzendaritzaren bitartez), Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteak (GSE) eta Itsasondoko udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatzeko egintza egin dute gaur goizean. Horren bidez, Gipuzkoako udalerriak bat egin du Eusko Jaurlaritzak etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileengan eta familia-inguruneko zainketetarako prestazio ekonomiko bat jasotzen duten pertsonengan sendagaien erabilera hobetzeko bultzatzen duen programarekin.

Programa horren xedea da zerbitzu horiek erabiltzen dituzten pertsonei sendagaia eskuratzeko aukera erraztea eta sendagaien erabilera eta tratamenduekiko atxikidura hobetzea. Horretarako, Itsasondoko farmaziak zaintzaile nagusiarekin edo etxeko laguntzailearekin lankidetzan jardungo du sendagaiak erosi, kontserbatu eta emateari lotutako alderdietan. Aldez aurretik, gizarte-zerbitzuek informazioa emango diete programa horren onuradun izan daitezkeen pertsonei. Pertsonek baimena eman eta hasierako elkarrizketa bat egin ondoren, farmazialariak astean behin edo hamabostean behin sendagaiak prestatu eta emango ditu dosifikazio pertsonalizatuetan eta dagokion informazioarekin, dosifikazio-sistema pertsonalizatuen (DSP) bidez.

Itsasondorekin, dagoeneko 61 dira parte hartzen duten Gipuzkoako udalerriak. Ekimena 2009an hasi zen lurraldean, eta, gaur egun, 954 pazientek hartzen dute parte eta 280 farmazia daude egiaztatuta zerbitzua Gipuzkoan emateko. Farmazia horietatik, 225 daude aktibo (pazienteekin). 2025. urtean, 18.057 blister prestatu ziren Gipuzkoako farmazietan, 108.155 Euskal Autonomia Erkidegoko farmazietan.

Programaren onurak

Egintzan, Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Jon Iñaki Betolazak parte hartu du, eta programarekin betetzen den helburu bikoitza azpimarratu du: “Alde batetik, gure gobernu-programa betetzea, farmaziak osasun-eragile gisa indartzea eta haiekin lankidetzan aritzea; eta, bestetik, pertsonak gure jardunaren erdigunean jartzea, haien beharrei erantzuteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko”.

Betolazak adierazi duenez, programa horrek —Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatzen duenak eta Gipuzkoan 2026rako 160.000 euroko aurrekontua duenak— tratamendu farmakologikoaren segurtasuna eta eraginkortasuna ziurtatzen laguntzen du, pazienteen eta haien senideen mesedetan. “Jarraipen farmakoterapeutikoko eta atxikipen-kontroleko arreta aktiboa sustatzen du, laguntzaren, gainbegiratze pertsonalizatuaren eta medikazio-akatsak jakinaraztearen bidez”, adierazi du.

Bestalde, Gipuzkoako Sendagaigileen Elkarteko presidente Miguel Ángel Gastelurrutiak eskerrak eman dizkio Itsasondoko Udalari bertako farmazian udaleko gizarte-zerbitzuen «aliatu» gisa jarritako konfiantzagatik, eta programaren onurak azpimarratu ditu: “pazienteari sendagaien erabilera eta agindutako tratamenduekiko atxikidura hobeto kontrolatzeko aukera eskaintzen dio, eta horrek ongizatearen eta bizi-kalitatearen hobekuntza dakar.  Osasun-sistemaren barruan, berriz, arreta pertsonalizatuagoa eta seguruagoa ematen eta sendagaien erabileran efizientzia handiagoa lortzen laguntzen du”, adierazi du.

Itsasondoko alkate Iñaki Aizpuruk farmazia bat izateak udalerriarentzat duen balioa azpimarratu du, eta, adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin eta Sendagaigileen Elkartearekin izenpetutako hitzarmenari esker, lankidetza publiko-pribatuaren eredu den zerbitzu horrek “bere mugak gainditu ahal izango ditu, udalerri osora zabaldu ahal izango da eta soluzioak eskaini ahal izango dizkie arreta handiagoa behar duten pertsonei”.

Aizpuruk biztanleriaren zahartze progresiboa eta medikazio-beharren gorakada gogorarazi ditu, eta ohartarazi du beti ez dela izaten erabilera egokia bermatzeko beharrezkoa den ahalmena. Ildo horretan, azpimarratu du akordioak etxeko laguntzako langileen lana indartzea ahalbidetuko duela; izan ere, “tratamenduak jasotzeko aukera erraztuko du eta haien erabilerari buruzko informazio egokia hobetuko du, baita arrisku soziosanitarioko balizko egoeren detekzioa ere”.

Azkenik, Gizarte Zerbitzuen arloaren eta udal-langile guztien lanaren balioa nabarmendu du, eta, azpimarratu duenez, askotan haien lana nabarmentzen ez bada ere, horrelako akordioek “agerian uzten dute toki-erakundeek egiten duten lan garrantzitsua”.