- Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azpimarratu du “ondo kudeatutako” transferentziek “euskal gizartearentzako ongizate handiagoa” ekarriko dutela
Autogobernuaren erabateko garapenarekin eta Gernikako Estatutuaren burutzearekin Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoa berretsi du ostiral honetan Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torresek Eusko Legebiltzarreko control saioan: “Batzuen, hau da, Estatutua hilda dagoela diotenen aurrean, eta beste batzuen, alegia, estatu ustelkeria dela diotenen aurrean, autogobernuaren alde lanean jarraituko dugu. Inork ez dezala zalantzarik izan traineru hau helmugara iritsiko dela”.
Izandako hitzartzean, “elkarrizketa eta leialtasun instituzionala” jarri ditu Torresek balioan, “egiteko dauden transferentzia guztiak” burutu ahal izateko; izan ere, ziurtatu duenez, “autogobernu gehiago, ondo kudeatuta, ongizate handiagoa izango da euskal gizartearentzat, eta horregatik da garrantzitsua lan horiek zorroztasunez eta segurtasun juridikoarekin egitea”.
Lehendakariordeak adierazi du horrek guztiak “behartu” egiten dituztela lan teknikoko fase berri bat irekitzera, euskal administrazioa eskumen berrietara “egokitzeko” eta, horrela, “Euskadik zerbitzu horiek bere gain har ditzan bermatzeko, gutxienez, egungo kalitate estandarrak mantenduz, eta horiek hobetzeko lan egiteko asmoarekin”.
Joan den hilabetean transferitutako bost eskumenetatik lau Mikel Torresek zuzentzen duen sailak hartuko ditu bere gain, eta nabarmendu du, era horretan, enplegu politika aktiboak eta pasiboak osorik bere gain hartzen dituen lehen autonomia erkidegoa bihurtuko dela Euskadi, langabeziagatiko prestazioen eta subsidioen kudeaketa integrala egingo baitu.
«SEPE Lanbiden txertatuta, askoz ere modu eraginkorragoan esku hartuko dugu lan merkatuan, herritarrentzako berme eta eskubide gehiagorekin, estrategiak, tresnak eta baliabideak bateratzen dituen eredu bat sendotuz”, azpimarratu du. 2025ean bakarrik, 50.000 pertsonari baino gehiago izan ziren prestazio horien onuradun, eta 822 milioi euroko gastua izan zuen; orain, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak kudeatuko du zuzenean.
Torres Lehendakariordeak adierazi du autogobernua osatzea ez dela “sokatira proba bat, kontrakoa baizik”, eta gogorarazi du Espainiako gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak “traineru berean” egiten dutela arraun, “helburu bera” partekatuz: “Autogobernua zabaltzea eta osatzea”. Horren ildotik, azpimarratu du trainerua “orekatuta” dagoela “soilik taldean lan egiten bada”, eta hori dela “bi gobernuak leialtasunez eta elkarrizketaz egiten ari direna”. “Ez diogu inoiz aurrera egiteari uzten”, gaineratu du.






























