Hondarribiko Udalak beste urrats bat eman du administrazioa herritarrengana hurbiltzeko eta familien eguneroko izapideak errazteko bidean. Aurrerantzean, adingabeek guraso edo tutorerik gabe Espainiako Estatutik kanpora bidaiatzeko behar duten baimena Hondarribiko Udaltzaingoan bertan tramitatu ahal izango da.
Orain arte, baimen hori eskuratzeko Irungo Ertzain-etxera jo behar izaten zuten, eta horrek joan-etorriak eta zailtasun logistikoak eragiten zizkien familia askori. Aurrerantzean, izapidea Hondarribian bertan egin ahal izango da, modu erosoago eta hurbilagoan.
Igor Enparan Araneta alkateak azaldu duenez, neurri honen helburua administrazio-prozedurak arintzea, gurasoei denbora aurreztea eta herritarren behar errealetara egokitutako zerbitzu hurbilagoa eskaintzea da. “Hondarribiko gurasook maiz izaten dugu baimen hau tramitatzeko beharra, batez ere Iparraldera egiten diren txangoak direla eta. Gure helburua familien egunerokoa erraztea da, tramiteak herrian bertan egin ahal izateko eta administrazioa benetan herritarren zerbitzura jartzeko”.
Iñaki Vielba Hondarribiko Udaltzain buruak ere positibotzat jo du eskumen berri hau. “Ohiko izapidea da, eta hemendik aurrera modu askoz hurbilago, arinago eta erosoagoan egin ahal izango da, itxaronaldiak edo beharrezkoak ez diren konplikazioak saihestuz”, adierazi du Vielbak.
Prozedura sinplea eta azkarra izango da: ez da aldez aurreko hitzordurik beharko, eta izapidea aurrez aurre egin ahal izango da Udaltzaingoaren bulegoetan (9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara), bai eta telematikoki ere, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.
Izapidea osatzeko, guraso edo legezko ordezkari bakoitzak eskaera-orri bana sinatu eta honako dokumentazioa aurkeztu beharko du:
- Eskaera-orria, behar bezala sinatuta. Udal webgunean dago eskuragarri: Tramiteak eta iragarki-taula / Inprimakiak eta eskaerak / Orokorrak / Adingabeei atzerrira irteteko baimena emateko inprimakia.
- Familia-liburua edo Erregistro Zibileko jaiotza-ziurtagiria.
- Adingabearen NANaren edo pasaportearen fotokopia.
Atzerriko adingabeen kasuan, baimena dagokion kontsulatuan tramitatu beharko da.
Alkateak erakundeen arteko lankidetza nabarmendu nahi izan du: “Horrelako adibideek erakusten dute administrazioek elkarrekin lan eginez gero herritarren benetako beharretara egokitutako zerbitzu eraginkorragoak, hurbilagoak eta erabilgarriagoak eskaini daitezkeela”. Ildo horretan, Udalak administrazio moderno, arin eta hurbilago baten alde lanean jarraituko duela adierazi du.






























