Hautesle Erroldaren Bulegoak Barrutiko Batzordeak berak egindako eskaerari erantzun dio, hauteslekuen eta hautes-mahaien osaera Altzan, Intxaurrondon eta Bidebietan bizi diren pertsonei egokitu dakien
Hautesle Erroldaren Bulegoak onartu egin du Ekialdeko Barrutiari (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) dagozkion erroldaren eta hauteskunde-mahaien banaketa aldatzea, hiriko 3 auzo horietako bizilagunek emandako botoak eremu geografiko horretara berariaz mugatzen direla bermatzeko. Horrela, Ekialdeko Barrutiko Batzordeak berak egindako eskariari erantzuten zaio, hauteslekuen osaerak eta hauteskunde-mahaiek Ekialdeko Barrutiko berariazko errolda kontuan har dezaten.
Honekin, orain arte gertatzen ari zena saihestuko da: Ekialdeko Barrutian bizi direnen botoak eta eremu horretatik kanpo bizi direnen botoak nahastea. Aldaketa honi esker, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan bizi diren pertsona guztien botoak Ekialdeko Barrutiko Batzarraren ordezkaritza politikoa osatzeko zenbatuko dira.
Cronología
2020ra arte, hiri mailako emaitzak hartzen ziren kontuan Ekialdeko Barrutiko Batzarraren ordezkaritza politikoa zehazteko orduan. Organo horretan, auzo-elkarteek eta erakunde sektorialek ere ordezkaritza dute. Urte bereko urtarrilean, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietan lortutako botoen arabera talde politikoak izendatzeko araudi organikoa aldatzea onartu zen Udalaren osoko bilkuran.
Aldaketa hori 2023ko hauteskundeetan aplikatu zen, baina Ekialdeko Barrutiko Batzarreko ordezkari politikoak eta haien lehendakaritza izendatzeko emaitza horien aplikazioak agerian utzi zuen ez zirela behar bezala zenbatzen Ekialdeko Barrutian bizi diren pertsonen botoak: Ekialdeko Barrutian kokatutako hauteslekuetan, mahaien banaketa zela-eta, bertatik kanpo bizi zirenek eman zezaketen botoa. Eta alderantziz ere bai, hau da, Barrutitik kanpoko hauteslekuetan bozkatzea tokatzen zitzaien auzotarrak.
Etorkizunean gertatutakoa errepikatu ez zedin, Barrutiko Batzarrak, Egituraketa lantaldearen bitartez, Donostiako erroldaren sekzionatuaren aldaketa bultzatu zuen 2024an, mahaien banaketaren inguruko irizpide berriak finkatzeko asmoz. Hautesle Erroldaren Bulegoak, azkenean, onartu egin ditu proposatutako aldaketak Ekialdeko Barrutiko (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) errolda-errealitateari erantzun ahal izateko.
Egindako aldaketek ez dute inola ere hautesleku-aldaketa ekarriko barrutiko biztanleentzat, aldaketak mahaien banaketari bakarrik eragiten baitio.






























