Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak 456.796 euro inbertitu ditu Oronoz-Mugairiko arrain-haztegia eraberritzeko eta bertan egiten diren lanak hobetzeko, hala nola arrain-arrautzak ekoiztea eta arrainkumeak haztea ibaiak birpopulatzeko, bai amuarrainez, bai izokinez. Azken kasu horretan, ahalegin berezia egiten ari dira espeziea kontserbatzeko, espezieak Kantauri isurialde osoan bizi duen egoera kritikoa dela eta.
Jose Mari Aierdi Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eta Ana Bretaña Ingurumeneko zuzendari nagusia arrain-haztegian izan dira birmoldatze-lanak ez ezik, 2026an gure ibaiak birpopulatzeko erabiliko diren aleen lehen hazkuntza-faseen egoera ere ezagutzeko. Aierdik azpimarratu duenez, “izokinaren eta amuarrainaren kudeaketa ikuspegi integral batetik egin behar da, eta, ildo horretan, Departamentuan lanean jarraitzen dugu arroaren iragazkortasuna hobetzeko eta oztopoak kentzeko; aldi berean, gaur ikusten ari garen azpiegiturak berritu nahi ditugu, beharrezkoak baitira Departamentuko teknikariek eta Orekanek lanean jarrai dezaten profesionaltasun eta fintasun handiarekin bi espezie horien eta, batez ere, izokinaren hazkuntzan emaitzak optimizatzeko. Izokinari dagokionean, babestu nahian gabiltza, espeziea baldintza larrian aurkitzen da-eta”.
Oronoz-Mugairiko arrain-haztegian azken urte eta erdian egindako obra nagusien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Zeberia Ubideko Oieregi iturritik hartuta, iturria jartzeko ur-hargune bat, kalitatezko ur-fluxu garbia izateko izokin-arrabak inkubatzeko garai kritikoetan, uhertasunik ez izateko, tenperatura konstantea mantentzearekin batera, arrainkumeak garatzea eta udan helduak bizirik irauten laguntzeko; arrain-ponpa bat, instalazioen barruan arrainak mugitzeko nahiz birpopulatzeko ibilgailuetan aleak kargatzeko (horrek arrainak maneiatu beharra gutxitzen du eta arrainen ongizatea handitu, eremu batetik bestera uraren barruan igarotzean; eta biltegi-estalki bat, arrain-hazleen lan-eremuak hobetzeko. Modu berean, alebinajea hozteko sistema bat ezartzeak nolako eragina izan dezakeen probatzen ari dira, berantiarragoak hobetzeko, tenperatura igotzearen ondorioz eklosio-tasa txikiagoak jasaten dituztelako.
Gainera, berrikuntza-lanetan, estalki berri bat egin da, eta gainean plaka fotovoltaikoak jarri dira, helburu bikoitzarekin: batetik, arrain-haztegiko instalazioetarako eta Nafarroako Gobernuak inguruan dituen beste instalazio batzuetarako elektrizitatea sortzea (esate baterako, N-121 errepideko tunela edo Mugairiko eta Bertizko eraikin publikoak); eta, bestetik, amuarrainen urmaelei itzala egitea, ura hainbeste berotu gabe eta hazkuntza baldintza hobeetan egiteko. Estalki horren instalazioak 171.500 euroko kostua izan du, eta Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren Europako Proiektuen eta Ekonomia Zirkularraren atalak finantzatu eta gauzatu du.
Hobekuntza-lanak osatzeko, landaredi exotikoa kendu egin da, eta, horrela, ibaiertzeko baso autoktonoak berreskuratzeko aukera eskaintzen da; adibidez, haltzadiak, hots, interes komunitarioko habitata. Aldi berean, arrain-haztegiak erabiltzen duen uraren garbiketa eta egokitzapenean eragin negatiboa duen platanondo-hostoen kaltea murrizten da.
Bertako amuarrainak hazteko bi lerro berri
Nafarroako hiru arrain-haztegietan (Oronoz-Mugairikoa, Erronkarikoa eta Anotzekoa) birpopulatzeko planean, 2026. urteari begira, 50.000 izokin-kume eta 15.300 amuarrain ekoiztea aurreikusten da.
Berrikuntza gisa eta lehen aldiz (erregistroak duela 40 urtekoak dira), Nafarroako ibaiak birpopulatzeko erabiliko diren amuarrain guztiak autoktonoak izango dira. Zehazki, bertako bi hazkuntza-lerro berritakoak izango dira, ugaltzaile basatien bidez diseinatutakoak: Pirinioetako lerro bat, Eska eta Salazar ibaietako ugaltzaileekin lortua, eta ekialdeko beste lerro bat, Aragoi ibaian, Esako urtegiaren deribazio-kanaletik urtero erreskatatutako ugaltzaileek osatua.
Aurretik, ale horiei analisi genetikoak egin zitzaizkien, hibridazio eta introgresio genetikoa baztertze aldera, haien purutasuna bermatuaz. Era berean, birpopulatzeko tarteetan, legez ezarritako neurrietara iristen diren banakoak erabiliko dira bi lerroetatik; alegia, urtebetetik gora haztegian egon direnak, indarrean den gutxieneko neurria (20 cm) gainditu arte.
Birpopulatze horrek arrantzarako erabiliko diren arraiak indartzeko balioko du, eta hori 6 urteko lanaren eta arrain-haztegi horretako hazkuntza-forman egindako aldaketen emaitza da, pixkanaka genetika aloktonoa ezabatzeko eta gure ibaietakoarekin ordezkatzeko.
Aipatu behar da azken urteetan amuarrainaren birpopulazioak behera egin duela, aurreko urteetan beroaren ondorioz hazkuntza txarra izateagatik eta baita ere hazkuntza-ereduan egindako aldaketarengatik, 2025ean azken amuarrain triploideak eta lehenengo amuarrain autoktonoak birpopulatu baitziren. 2026ean, 15.300 amuarrain birpopulatzea aurreikusten da, denak autoktonoak, eta datozen urteetan kopuru hori handitzen joango da, parametroak eta ezagutza finkatzen doazen heinean, produkzioa gero eta egonkorragoa izan dadin.


























