Barakaldoko Udalak tratamendu prebentiboa egin du pikudo gorriaren aurka hiriko 120 palmondotan

Barakaldoko Udalak prebentzio-tratamendua hasi du gaur goizean udalerriko ehun palmondo baino gehiagotan. Zehazki, pikudo gorriaren aurkako tratamendu fitosanitarioa da. Koleoptero horrek palmondoen bihotzari erasotzen dio, lehortzea eragiten du eta hil ere egin ditzake. Espezie horrek Europan duen izurritearen aurrean hartu da neurria, hirian zehar banatzen diren palmondoak babesteko asmoz.

Zehazki, 120 palmondotan jardungo da. Barakaldoko palmondoetako bakar baten ere ez da ikusi pikudo gorriaren aztarnarik, eta, beraz, «gure helburua palmondoak babestea da, koleoptero horren izurriterik izan ez dezaten», adierazi du Asier Umaran Auzoetarako eta Hirirako Zerbitzuetako zinegotziak. Tratamendua USOAren eskutik egingo da, USOA arduratzen baita hiriko lorategiak eta landareak zaintzeaz, horrelako tratamenduetan espezializatutako enpresa baten laguntzarekin.

Erabiliko den metodoa endoterapia da, hau da, zulo bat egitea eta behar duen tratamendu fitosanitarioa zuzenean palmondoan sartzea. «Koleopteroa Asiatik dator eta izurrite bihurtu da Europan; beraz, Barakaldon arazoa izaten hasi aurretik palmondo osasuntsuaren gainean jarduten dugu prebentzio gisa», azpimarratu du zinegotziak.

Hurrengo eremuetako palmondoetan jardungo da: Maiatzaren 1ekoa, Arauti, Beteluri, Bide Onera, Albeniz kalea, Kanpeta, La Calzada, Lurkizaga, Magallanes, San Juan, Kirol Hiria, Gurutzeta ikastetxea, Udal Musika Kontserbatorioa, El Castañal, Galsua, Los Angeles taldea, Gurutzetako Haurreskola, Juan de Garay, Kontorri, La Paz, La Previsión, Maestro Granados, Murrieta, Orkonera, Eskulturen parkea, Los Hermanos parkea, San Vicente parkea, Trueba parkea, Pio Baroja plaza, Kantabria plaza, Azkueko erronda, Serralta eta Susunaga.