Donostian egingo da adinekoentzako hiri eta komunitate lagunkoiei buruzko nazioarteko topaketarik handiena

• Ekainaren 16tik 18ra, 60 herrialde baino gehiagotako ordezkari instituzionalak, adituak, ikertzaileak eta gizarte-eragileak bilduko dira Kursaalen, OMEk eta Imsersok bultzatutako Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Kongresuaren esparruan.

• Euskal erakundeek herritarrengana hurbilduko dute Kongresua, Plaza Lagunkoiaren bidez: Kursaal inguruan kokatuko den gune ireki bat, bizitza luzeari, komunitateari eta bizikidetzari buruzko jarduerak, topaketak eta elkarrizketa publikoak hartuko dituena.

Donostia nazioarteko elkargune nagusietako bat bihurtuko da datorrren ekainean, gero eta luzeago bizi den gizarte batek planteatzen dituen erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko. Ekainaren 16tik 18ra bitartean, Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Kongresua egingo da Kursaalen, hamabi urtean baino gehiagoan egiten den lehena. Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (Imserso, Gizarte Eskubideen, Kontsumoaren eta 2030 Agendaren Ministerioari atxikitako erakundea) eta OMSek antolatu dute Kongresua, Eusko Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Donostiako Udalarekin batera, eta 60 herrialde baino gehiagoko 1.700 hiri eta komunitatetatik datozen ordezkari instituzionalak, arduradun publikoak, ikertzaileak, erakunde sozialak eta adituak bilduko ditu.

Kongresuaren aurkezpen instituzionala gaur egin da, Kursaaleko terrazan. Bertan izan dira Agustín Martínez Molina, Imsersoko Azterlanen eta Laguntza Teknikoaren Unitateko koordinatzaile eta Kongresuko presidenteordea; Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; eta Jon Insausti, Donostiako alkatea.

Imsersoko Azterlan eta Laguntza Teknikorako Unitateko koordinatzaile eta Kongresuko presidenteorde Agustín Martínez Molinaren esanetan, kongresua “aurrekaririk gabeko hitzordua” izango da; izan ere, 75 herrialde baino gehiagotako ordezkariak bilduko ditu, eta parte hartzeko helburuarekin 400 proposamen inguru jaso dira, “mugimendu honen indarra eta bizitasuna agerian uzten dituen erantzuna”. Halaber, presidenteordeak eskerrak eman dizkie Imsersori, Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari, kongresuaren antolatzaile eta anfitrioi gisa erakutsitako “eskuzabaltasunagatik eta konpromisoagatik”, haien lanari esker egin baita posible topaketa hau. Azpimarratu duenez, “hilabete luzeetako dedikazioa, nazioarteko koordinazioa eta erakundeen inplikazio handia” behar izan dira ekimena gauzatzeko.

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak adierazi duenez, Donostian egingo den Adinekoentzako Hiri eta Komunitate Lagunkoien 3. Mundu Kongresuak aitortza egiten dio Euskadik urte luzez bizi-itxaropenaren erronkari ikuspegi positibo eta inklusibotik heltzeko egin duen lanari. Azpimarratu du munduko bizi-itxaropen handienetako bat duen gizarte batean adineko pertsonek komunitatearen erdigunean egon behar dutela, eta balioan jarri ditu Adinekoekin 2026-2030 Estrategia, Beti On, Bizihabi eta Euskadi Lagunkoia Berria bezalako ekimenak. Halaber, nabarmendu du bizi-itxaropena gizarte gisa lortutako garaipen handietako bat dela, eta kongresuak aukera paregabea eskainiko duela Euskadin garatutako esperientziak nazioartearekin partekatzeko eta beste herrialde batzuetako jardunbide eta ikuspegi berritzaileetatik ikasteko.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, berretsi du nazioarteko kongresua Donostian antolatzea “aitortza esanguratsua” dela, “longebitatearen, bizitza betearen eta zaintzaren eraldatzearen alde” euskal erakunde, elkarte eta eragileak “elkarlanean” gauzatzen ari diren ahaleginari. “Gaur eta bihar pertsona orori, zaintza pertsonalizatua, berritzailea eta komunitateari konektatua bermatuko dion lurraldea da Gipuzkoa. Beharrei antizipatuz, esperientzia aurreratuak abiaraziz. Baina, ahalegin horretatik harago, adineko pertsonen ongizate integrala sustatzen duen lurraldea gara. Bizitzaren esparru guztietan ongi egon eta ongi sentitu daitezen. Kongresu honek bide horretan aurrerapausoak partekatu eta nazioarteko ekimen berritzaileak ezagutzeko balioko du, zalantzarik gabe”, azaldu du.

Jon Insausti Donostiako alkateak adierazi duenez, “kongresu honen leloa geure egiten dugu, eta elkarrekin eraldatu nahi dugu. Horixe da, hain zuzen ere, adinekoekin lagunkoiak diren hirien helburua. Herritarrei galdera garrantzitsuak luzatu nahi dizkiegu: nola bizi nahi dugu gero eta bizi-luzetasun handiagoa duen gizarte batean? Zer aldatu behar dugu gure hiri eta herrietan bizitza osoan zehar hobeto bizi ahal izateko? Zer eginkizun izan nahi dugu zahartzen garenean gure auzo, herri eta hirietako bizitzan? Eta zer behar dugu belaunaldi batzuek besteengandik komunitate bidezkoagoak, bizigarriagoak eta konektatuagoak eraikitzeko? Galdera horiek guztiak, gainera, Donostian datozen egunetan abiatuko dugun elkarrizketa kolektibo handiaren atarikoa dira; izan ere, Donostiarra Topera 2040 prozesuaren bidez, datozen urteetan nolako hiria izan nahi dugun eta donostiarrok nola bizi eta sentitu nahi dugun hausnartuko dugu”.

Bizitza luzeagoen erronkari aurre egiteko kongresu globala

“Eralda dezagun elkarrekin! Belaunaldi guztientzako mundu lagunkoi, konektatu, bidezko eta jasangarri baten alde” lelopean, topaguneak askotariko gaiak jorratuko ditu, hala nola gizarteko konexioa, inklusio digitala, jasangarritasuna, parte-hartzea edo zainketak, bizitza luzeagoek eta eraldaketa demografikoak markatutako testuinguru batean. Euskal erakundeek azpimarratu nahi izan dute Kongresu honek, era berean, aitortza egiten diola Donostian, Gipuzkoan eta Euskadin aspalditik bizitzaren ziklo osoan komunitate inklusiboagoak, kohesionatuagoak eta lagunkoiagoak eraikitzeko egiten ari den lanari. Izan ere, Donostia izan zen 2009an OMEren Hiri eta Komunitate Lagunkoien Sare Globalean sartu zen Estatuko lehen hiria, gaur egun Euskadi Lagunkoia Berria ekimenean 63 udalerri dituen lurralde batean. Egun horietan, nazioarteko mila bisitari eta parte-hartzaile inguruk zuzenean ezagutuko dituzte lurraldean hainbat arlotan (zainketak, bizitza komunitarioa, berrikuntza soziala, espazio publikoa, parte-hartzea edo zahartze osasuntsua) bultzatzen diren esperientziak, politika publikoak eta proiektuak.

Nazioarteko erreferentzia

Kongresua, gainera, funtsezko une batean egingo da, Nazio Batuen Zahartze Osasuntsuaren Hamarkadaren (2021-2030) erdialdean, eta esperientziak partekatzeko balioko du, baita hiriek eta komunitateek gaur egungo erronkei nola erantzun diezaieketen eztabaidatzeko ere. Erronka horien artean daude, esaterako, ekitatea, desberdintasun berriak, jasangarritasuna edo belaunaldi guztientzako bizigarriagoak diren inguruneen eraikuntza. Donostia nazioarteko egoitza gisa aukeratzeak Gipuzkoaren eta Euskadiren posizionamendua indartzen du lagunkoitasunari, berrikuntza sozialari, zainketei eta komunitate konektatu eta kohesionatuak eraikitzeari lotutako politiketan.

Plaza Lagunkoia: elkarrizketa kalera aterako da

Kongresuarekin batera, EAEko hiru erakundeek ‘Lagunkoia Plaza’ bultzatuko dute: herritarrei irekitako gune bat, ekainaren 16tik 18ra bitartean egingo dena, Kursaal kanpoko plazan. Ekimenaren helburua da espazio publikora ateratzea bizitza gero eta luzeagoa den gizarteetan bizitzeko eta bizikide izateko moduari buruzko hausnarketa eta askotariko gaiei buruzko elkarrizketa partekatua sustatzea: besteak beste, zainketak, etxebizitza, osasuna eta ongizatea, parte-hartzea, mugikortasuna, harreman komunitarioak edo desberdintasun berriak. Gunean, herritarrei irekitako jarduerak, topaketak eta parte hartzeko proposamenak uztartuko dira. Gainera, zeharkako ekintza bat ere egingo da, bertaratutakoek galdera hauei erantzun eta kolektiboki gogoeta egin dezaten haien inguruan: “Nola bizi nahi dugu elkarrekin bizitza gero eta luzeagoa den gizarte batean?”, “Zer da zuretzat adin guztientzako hiri bat?”. edo “Zer behar dugu gorde eta zer eraldatu?”.

Beste ekimen batzuen artean, lurraldean bultzatutako proiektuei buruzko zenbait jarduera hartuko ditu programazioak, hala nola Adinberri Saioa, podcastak, topaketa komunitarioak, hiriko esku-hartzeak, Alzheimerra prebenitzeko proiektuaren estrategia edo Kursaal inguruan garatutako partaidetza ekintzak. Horrela, Kursaalen barruan nazioarteko ordezkariak, erakundeak eta adituak hiri eta komunitate lagunkoiei buruzko elkarrizketa global baten inguruan bilduko diren bitartean, Plaza Lagunkoiak espazio publikora eta herritarrengana eramango du hausnarketa hori, gizarte lagunkoiagoak eta kohesionatuagoak eraikitzea zeregin partekatua delako ideia indartuz.