Euskal Museoa Bilbao euskal kulturaren nazioarteko atea da jada

 

  • Gaur arratsaldean egindako inaugurazio-ekitaldian Imanol Pradales lehendakariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta museoko presidenteak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak parte hartu dute.
  • Xabi Aburruzaga euskal artistak emanaldia egin du.
  • Parte-hartzaileek Bizkaiko erakundearen erakusketa-proposamen berria ezagutzeko aukera izan dute, zeinean euskal gizartearen lana, bizitza eta ohiturak islatzen dituzten pieza handietarako espazioak nabarmentzen baitira.
  • Bizkaiko erakundearen erakusketa-proposamenean, euskal gizartearen lana, bizitza eta ohiturak islatzen dituzten pieza handietarako espazioak nabarmentzen dira.

Ekainaren 10ean, Euskal Museoa Bilbaok ateak irekiko ditu berriz ere, museoa erakustoki moderno, ireki eta garaikide gisa sendotu duen eraldaketa sakon baten ondoren, eta, horrekin, euskal kulturara sartzeko ate bilakatuko da Bizkaiko erakundea.

Gaur inaugurazio instituzionala egin da, Bilboko eta Bizkaiko erakundeetako eta gizarte- eta kultura-arloko ordezkariekin. Besteak beste, Imanol Pradales lehendakariak, Juan Mari Aburto Bilboko alkate eta Museoko presidenteak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko diputatu nagusiak parte hartu dute. Era berean, Sorkunde Aiarza Museoko zuzendari-kudeatzailea ere izan da eraikinaren eta museografiaren eraldaketa ezagutzera emateko ekitaldian. Xabier Aburruzaga artistak jarri dio soinu-banda ekitaldiari.

Ekitaldiaren ondoren, bertaratutakoek museoa bisitatu dute. Zehazki, Miserikordia eraikinetik hasi dira, bildumaren pieza handiak ezagutzeko (hala nola 1940ko hamarkadaren hasieran Bilboko Victor jatetxerako egindako sukaldea) eta Aretz Bizia izena duen eta haritzaren enborra simulatzen duen enbor arina miresteko (euskararen gunea da hori), eta, amaitzeko, klaustroaren eraikinean dauden askotariko piezak ikusi dituzte.

Bultzada berri honek nazioartera begirako proiektu anbiziotsu bati erantzuten dio, eta museoaren beraren bilduman eta euskal kulturaren hedapenean jartzen du fokua, zaharberritze arkitektoniko zein museografiko integral baten bidez.  Esku-hartzeak beste dimentsio batean kokatzen du museoa, eta tradizioa eta garaikidetasuna lotzen dituen eta ondarea herritarrei modu berritzaile eta irisgarrian helarazten dien erakusketa-esperientzia murgiltzaile bat proposatzen du.

Proiektua ahalik eta gehien ezagutarazteko, ekainaren 10etik (egun horretan irekiko da museoa) 21era arte doakoa izango da museoan sartzea, herritarrek kultura-proposamen berritua zuzenean ezagutzeko aukera izan dezaten.

OBRA ARKITEKTONIKOA DATUETAN

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 20.397.401,53 euroko inbertsioa egin dute, eta proiektuak 5.000 m2 baino gehiagoko erakustokia irabazi du. Esparru arkitektoniko berrituaz gain, erakundeak museografia berria planteatzen du, zeinean inoiz jendaurrean erakutsi ez diren bildumako zenbait pieza berreskuratu eta eraberritu baitira.

Obraren konplexutasunaren erakusgarri, 200.000 kilo altzairu baino gehiago erabili dira hormigoi armatuetan, hainbat motatako 1.500 m2 forjatu jarri dira, eta kareorezko estalduren 12.000 m2 ipini dira kanpoko zein barruko hormetan eta sabaietan. Eraberritze-lanetan, 800 profesional inguruk hartu dute parte zuzenean.

Gainera, zenbait lanek zehaztasun handia eskatu dute. Esaterako, klaustroaren eraikineko beirak jartzeko, kofadurak ireki behar izan dira forjatuetan, garabi batekin beirak irekidura horietatik dagokion solairuraino jaitsi ahal izateko. Gero, solairu bakoitzean, banan-banan jarri dira beirak, robot mekaniko baten eta bentosen laguntzaz.

Piezak oso handiak dira, 800 kg ingurukoak.

Gainera, ezinbestekoa izan da lan horiek egin diren egunetan haizerik ez egotea, «bela» efekturik ez gertatzeko eta beirak segurtasunez jaitsi ahal izateko.

PROIEKTUA ANBIZIOTSUA

100 urtetik gorako historia duen Euskal Museoa Bilbaok 2023an hasi zituen zaharberritze-lanak, Eko nekta proiektutik abiatuta. Proiektu hori 2020an hautatu zen lehiaketa publiko bidez, eta Antonio Vaíllok eta Juan Luis Irigarayk sinatu dute.

Proposamenak ingurunearen eta jatorrizko eraikin historikoaren balioan jartzen du arreta (XVII. mendeko Jesuiten kolegio zaharra), María Muñoz kalerantz duen luzetarako ardatza berreskuratzen du eta klaustroa nabarmentzen du erakustokiaren bihotz gisa.

Arkitekturari dagokionez, Miserikordia eraikinaren «enbor arina» da azpimarratzekoa; espazio horrek egituratzen du euskal kulturaren eta euskararen sustraietatik berrinterpretazio garaikidera bitarteko ibilbide museografikoa. Planteamendu berriak esperientzien museo izatea du helburu, bisitariak atmosfera desberdinetan murgiltzera gonbidatuz.

Esku-hartzeak euskal ondarearen nazioarteko proiekzioa indartzen du, are gehiago zabaltzen dizkie ateak herritarrei, eta euskara kokatzen du ardatz nagusi gisa, hizkuntzaren ibilbidea, berreskuratzea eta sendotzea azpimarratuz.

Lanak amaituta, museoko Bildumen eta Erakusketen taldeak bildumak ekarri eta instalatu ditu, trazabilitate-kontrol zorrotz baten pean. Museografia berriak erakusketa berrantolatzen du, eta protagonismoa ematen die pieza handiei eta testuinguruan kokatutako ondare-multzoei, bai eta Bilbori eta hiriak itsasadarrarekin duen harremanari ere, hiriaren garapenaren ardatz den neurrian.

Diskurtso museografikoa «Aretz bizia» kontzeptuaren inguruan egituratzen da. Kontzeptu hori aldez aurretik garatu zuen erakundeak, eta metafora gisa hartzen du haritz berdeatua, organismo bizidun gisa konfiguratzeko eta bisitariak benetako esperientzia bizi dezan.

LAU ESPAZIO. MUSEOGRAFIA ETA FUNTZIONALTASUNA:

Miserikordia: Espazio honen beheko solairua da museoaren aurkezpen-gutuna, haritzaren sustraia. Hemen daude lurraldea eta ondare antropologikoa. Azken hori museoko funtsen bolumen handiko harribitxiek osatzen dute; adibidez, 1940ko hamarkadaren hasieran Bilboko Sagarduy e Hijos galdategiak Victor jatetxerako egindako egur- eta ikatz-sukalde ekonomikoak.

Klaustroa: Jesuiten kolegio zaharra XVII. mendeko klaustroaren inguruan egituratzen zen, eta bertan dago orain erakusketa erdiiraunkorra, zeinak euskal herriaren ondare historiko eta antropologiko kolektiboaren ikuspegi orokorra eskaintzen baitu. Espazio honen erdigunean dago Mikeldiko idoloa; Burdin Aroko (K.a. V.-I. mendeak) eskultura zoomorfo bat da, Euskal Museoaren pieza esanguratsuenetako bat.

Unamuno: Unamuno plazako eraikineko aretoek entitate eta diskurtso propioak dituzte. Hori dela eta, 2. fasean zabalduko dira, irailean eta urrian. Helburua da espazio horiek museo-berrikuntza handiaren barruan duintzea, haietako bakoitzari protagonismo eta ikusgarritasun handiagoa emanez.

-BIL(V)BAO aretoa: Hiriaren bilakaera erakusten du: nola bihurtu den itsasadarraren inguruko industria-lurralde indartsu.

-Lapikotik: Tailerrak egiteko eta sorkuntzarako gastronomia-laborategiak.

-Bisitatzeko moduko biltegia: Bisita gidatuak museoko teknikariekin batera, aurrez aurre ikusteko bildumako piezak nola kontserbatzen eta eraberritzen diren.

-Aldi baterako erakusketak: Bildumarekin edo euskal kulturarekin zerikusia duten askotariko gaietako erakusketak egongo dira ikusgai.

Kurtze: Eraikinik funtzionalena. Hemen daude hitzaldiak edo solasaldiak egiteko erabilera anitzeko aretoa, liburutegia eta jakintzarako eremua, zeina erakundeak ematen duen hezkuntza-zerbitzura bideratua baitago. Azken horretan, Hezkuntza Sailak diseinatutako familientzako jarduerak eta tailerrak egingo dira.

HEZKUNTZA- ETA GIZARTE-KOMUNITATEA SORTZEA

Proiektu berriak, gainera, ikaskuntza-, bitartekaritza- eta partaidetza-esperientzietan oinarritutako hezkuntza-eskaintza berritu bat jasotzen du, euskal ondarea eta kultura mota askotako bisitariei ezagutarazteko diseinatutako proposamenekin. Proposamen horien artean nabarmentzekoak dira eskola-programa propioak (hala nola, Hariz hari programa), bisita gidatuak, familientzako jarduerak eta kultura-programazio zabala. Halakoen bidez, ezagutza, gogoeta eta gozamen partekatua sustatzea da asmoa.

Aipatzekoak dira, halaber, katalogo eguneratua (ikuspegi berriekin eta ikusizko baliabide berriekin aurkeztutako pieza nabarmenen hautaketa zaindua), eta webgunearen berritze integrala: orain, webgunea intuitiboagoa eta eskuragarriagoa da, eta esperientzia digitala ere eskaintzen du, bisitariek aukera izan dezaten museoaren bilduma eta edukiak espazio fisikotik harago arakatzeko.

Bestalde, etapa berri honetan, museoak bere dimentsio soziala indartuko du, Museoaren Lagunen sarea bultzatuz. Sare hori funtsezkoa da museoa garatzeko, eta herritarrekiko harreman hurbilagoa, parte-hartzaileagoa eta jarraituagoa sustatzen du.