Eusko Jaurlaritzak eskola publikoa aldarrikatu du Euskadik bere etorkizuna eraikitzen duen espazio gisa

  • Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Santurtzin egin den 33. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren inaugurazioan parte hartu du gaur goizean, EHUNETAN lelopean.
  • Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du eskola publikoa indartu egin dela, profesional gehiagorekin, hezkuntza-espazio berriekin eta hizkuntza eta hezkuntza inklusiorako programekin.

(Santurtzin, 2026ko ekainaren 7an).- Eusko Jaurlaritzak eskola publikoa aldarrikatu du gaur, Euskadiko eraikuntza kolektiboaren gune nagusietako bat delako eta belaunaldi berrien etorkizuna prestatzeko funtsezko tresna gisa.

Horixe nabarmendu du Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, gaur goizean, EHUNETAN lelopean Santurtzin egin den Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaiaren inaugurazio-ekitaldian. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Susana Aribayos EHIGEko presidenteak, Itziar Carrocera Santurtziko alkateak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, hezkuntza-komunitateko eta euskal erakundeetako ordezkariekin batera.

Begoña Pedrosak bere mintzaldian azpimarratu duenez, “gizarte bezala eraikitzen dugun obrarik garrantzitsuena ez dago hormigoiz edo altzairuz egina. Eraikitzen dugun obrarik garrantzitsuena gure haur eta gazteak dira”. “Eskola publikoa da Euskadik bere etorkizuna goizero prestatzen duen lekuetako bat”, adierazi du.

Sailburuak nabarmendu du hezkuntzak ezagutza-transmisio hutsa gainditzen duela, eta ikasleek beren gaitasunak ezagutzeko, beren bizi-proiektua garatzeko, pertsona desberdinekin bizitzen ikasteko eta gizarte-kohesioa indartzen duten loturak eraikitzeko gunea dela.

Aurtengo ediziorako aukeratu den EHUNETAN leloari dagokionez, Pedrosak azpimarratu du eskola publikoak milaka pertsonez osatutako sarea ordezkatzen duela, eta horiek laguntzen dutela egunero komunitatea eraikitzen. “Ikasle, familia, irakasle eta ikastetxe bakoitzak bere ekarpena egiten du. Eskola publikoaren indarra, hain zuzen ere, aniztasun horretatik eta bere indargune handienetako bat bihurtzeko duen gaitasunetik sortzen da», esan du.

ESKOLA PUBLIKOA INDARTZEKO ERALDAKETA

Etorkizuna eraikitzeak eskola publikoa indartzen jarraitzea ere eskatzen du. Ikasleek, familiek, irakasleek, ikastetxeek eta Administrazio Publikoak osatzen duten sare hori da Euskal Eskola Publikoaren eraldaketaren oinarria. 500 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte Euskal Eskola Publikoa Eraldatzeko I. Plan Estrategikoan. Eusko Jaurlaritzak sustatu zuen prozesua, datozen urteetako hezkuntza, gizarte eta teknologia erronkei aurre egiteko ikastetxe publikoen gaitasuna indartzeko.

Aldaketa horren lehen urratsak gauzatzen ari dira, dagoeneko: giza taldeak indartzea, hezkuntza-espazioak hobetzea eta ikastetxeei laguntzeko baliabideak handitzea. 2022az geroztik, 6.610 irakasle egonkortu dira, eta 1.474 egiturazko plaza sortu dira hezkuntza-sisteman. Gainera, 2025-2026 ikasturtean, Pedagogia Terapeutikoko 100 profesional eta 97 HIPI irakasle (hizkuntza errefortzua, eskola garai aurreratuetan sartu diren ikasleentzat) sartu dira, 44 Haur eta Lehen Hezkuntzan eta 53 Bigarren Hezkuntzan. Datorren ikasturtetik aurrera, entzumen eta hizkuntzako 76 espezialista izango dira, besteak beste.

Eraldaketa hezkuntza-esparruetara ere iristen ari da. Hezkuntza Eraiki 2030en bidez, Eusko Jaurlaritzak 750 milioi euro baliatuko ditu 2030era arte, ikastetxeak eraikitzeko, handitzeko, birgaitzeko eta hobetzeko. Gainera, IkasLab beste 40 ikastetxe publikotara zabalduko da datorren ikasturtean, ikaskuntzarako espazio malguagoak, inklusiboagoak eta berritzaileagoak sortzeko. Espazioen hobekuntza horren barruan sartzen da, halaber, eskoletako jantokiak pixkanaka eraldatzea. Horri esker, sukalde propioa duten ikastetxeak 120tik 158ra igo dira, eta datozen urteetan beste 40 sukalde berri ezartzea aurreikusten da.

Era berean, euskarak leku zentrala hartzen du eraldaketa honetan, begirada inklusibo batetik. Gero eta anitzagoa den eskola publiko batean, euskararen ikaskuntza eta erabilera indartzeak esan nahi du, halaber, ikasle etorri berriei laguntzea, ikastetxeko bizitzan sar daitezen, ikaskideekin harremanak izan ditzaten eta aukera-berdintasunean aurrera egin dezaten. Helburu horrekin, EUSLE programak nabarmen zabaldu du bere irismena azken ikasturteetan: 2024-2025 ikasturtean 89 ikastetxek hartu zuten parte, eta 2025-2026 ikasturtean 133k, eta hurrengo ikasturtean hazten jarraituko du.

Eskola publikoaren aldeko apustua Euskadiko Lanbide Heziketara ere zabaltzen da. Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketa publiko bat sustatzen du, euskaraz, berritzailea eta inklusiboa, ekoizpen-sarearekin konektatua eta aukera berriak irekitzera bideratua, baita Hasierako Lanbide Heziketa indartuz ere.

“Hezkuntzak ez du soilik orainaldirako prestatzen. Etorkizunari ere bidea zabaltzen dio. Eta herrialdeak ez dira eraikitzen dituzten azpiegiturengatik bakarrik definitzen, baita sortzeko gai diren belaunaldiengatik ere”, amaitu du sailburuak.

JAIEGUN BAT LAU GUNETAN

33. Euskal Eskola Publikoaren Jaiak milaka pertsona bilduko ditu gaur Santurtzin, EHIGEk eta herriko hezkuntza-komunitateak antolatutako jaialdian. EHUNETAN lelopean, esku askoren, ibilbide askoren eta errealitate ezberdin askoren artean eraikitako eskola publikoa balioan jartzen du ospakizunak, aniztasun horretan aurkitzen baitu, hain zuzen ere, bere indargune nagusietako bat.

Lau gune nagusitan egiten da jaia —Las Viñas Eskola, Gernika parkea, Parke Nagusia eta Portua—, eta kontzertuak, antzerkia, tailerrak, familientzako jarduerak, gastronomia, herri kirolak eta publiko guztientzako parte-hartze proposamen ugari izaten dira.

Horrez gain, programazio ibiltari trinko batek jai giroa ekarriko du Santurtziko kaleetara, kalejirak, musika emanaldiak eta euskal eskola publikoarekin lotura duten elkarte, kultur talde eta eragileek bultzatutako ekintzak eskainiz.