Naturako Jardueren Eskola Kanpainak, hezkuntza-komunitatean «Aste Berdea» izenez ezagutzen denak, ofizialki ospatu du bere 30. urteurrena 2025/2026 ikasturte honetan. Tokiko B.K.Z. (Bidasoa Kultur Zerbitzuak) enpresak antolatu duen ekimen honek aisialdiko eta denbora libreko esperientziak eskaintzen ditu.
Kultura, Kirol eta Turismo kontseilaria den Rebeca Esnaola Bertiz Abentura Parkeko instalazioetan izan da, urteurrena dela-eta bertan egiten baita programaren zati bat. Esnaolak azpimarratu duenez, “jarduera honen helburua da bertan parte hartzen duten gazteak euren errutinatik ateratzea eta normalean egiten ez dituzten kirol jarduera batzuk egitea; hala nola, tirolinak, pendulua edo ferrata bideak, denak aire zabalean”. Gainera, kontseilariak nabarmendu du garrantzitsua dela “bertaratzen diren ikastetxeen arteko bizikidetza eta elkartasuna”. NKJFIk antolatutako programa da, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan, eta “asko maite dugu, balioak eta jarduera fisikoa kontuan hartuta hezi behar delako”.
Nafarroako Foru Komunitatean, naturan egiten diren jardueren erreferentziazko eskola-programa bezala finkatuta dago, eta proiektuak hiru hamarkadako ibilbide ospatzen du, historiako mugarri handienera iritsita: erabateko errekorra, 3.004 ikaslek hartu baitute parte aurtengo kanpainan, elkarren segidako 27 txandatan banatuta (otsailaren 18tik ekainaren 12ra).
Naturako Jardueren eskola-kanpaina
Kanpaina Nafarroako ikastetxeei zuzenduta dago, zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) bigarren zikloko ikasleei. Ikastetxeko irakasleekin batera, ikasleek hiru eguneko egonaldi antolatuak egiten dituzte (astelehenetik asteazkenera edo asteazkenetik ostiralera), eta horietan hainbat kirol diziplina ezagutu eta praktikatzen dituzte ingurune naturalean, trebetasun motorrak indartu, ingurumen, kirol eta bizitza osasungarriko balioak eskuratu eta jarduera fisikoa erregulartasunez egiteko joera irmoa sortzearekin batera, abentura-jarduerak naturan modu seguruan eginez.
Programa hiru jarduera-motak osatzen dute, eta horiek goizez eta arratsaldez egiten dira lehenengo bi egunetan eta goizez azken egunean. Horiek guztiak nahiz instalazioak desgaitasuna duten pertsonentzat egokituta daude, eta, horrela, programa %100 egokitua eta inklusiboa da. Hona hemen egiten diren jarduerak:
- Kirol-jarduerak: programaren muina, natura-ingurunearekin harreman zuzena izanez. Abentura-diziplina seguruak praktikatzen dira: canoraft, hidrospeed, arborismoa, arroilen jaitsiera, rapela, tirolinen zirkuituak eta ferrata bideak.
- Ordezko jarduerak: ezusteko klimatologikoen aurrean aurreikusitako jarduerak, egonaldiaren dinamismoa ziurtatzeko aukera ematen dutenak: raftinga, Mugarkiko rokodromo estaliko saioak, Herri Kirolak, mendi-ibilaldiak Bertizko Parke Naturalean, Zubietako Errotara bisita etnografikoak eta kultura-esplorazioak Ikaburuako Haitzuloetara, Zugarramurdiko Haitzulora eta Sorginen Museo ospetsura.
- Jarduera osagarriak: Ingurumen-arloko sentsibilizaziora bideratutako bloke didaktikoak, lurraldea eta kirolean giza balioak ezagutzea. Mendi-ibili gidatua, Lakoizketa baserrira bisitak, Bidasoa ibaiaren eta Bertizarana eta Baztan haranen ekosistemari buruzko tailer espezifikoak, inguruko basoak eta Malerreka bailara, haranaren historia, geologia, fauna eta klima nahiz hondakinak kudeatzeko dinamika praktikoak, aurrezpen energetikoa eta proiekzio bideografikoak.
Edizio honek 130.000 euroko diru-laguntza du. Horietatik 80.000 NKJFIk jartzen ditu eta 50.000 Hezkuntza Departamentuak.



























