- Eusko Jaurlaritzak burujabetza digitalaren inguruan hausnartu eta lankidetzan aritzeko gune bat abiatu du, datuetan, adimen artifizialean eta azpiegitura digitaletan irtenbide propioak lantzeko
- Ubarretxena: «Subiranotasun digitala herri-politika gisa formulatu behar da; eraldaketa digitala baliatu behar dugu zerbitzu publikoak hobetu, herritarren eskubideak babestu eta gure industriaren lehiakortasuna bultzatzeko»
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko subiranotasun digitalari buruzko jardunaldi bat egin du gaur, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak sustatuta, Euskadik arlo horretan dituen benetako gaitasunak aztertzeko. Topaketan erakunde, sektore teknologiko eta ekoizpen-ehunaren ordezkariek parte hartu dute.
Administrazioa eta industria eraldaketa prozesu betean murgilduta daude. Mendekotasun teknologikoa izugarria da, datuak eta Adimen Artifiziala plataforma handien esku daude, tentsio geopolitiko eta erregulatzaileak nabariak dira eta kudeaketa eta ekonomia gero eta gehiago oinarritzen dira datuetan. Testuinguru horretan, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak ikuspegi propiotik landutako herri estrategia defendatu du gaurko jardunaldiaren irekieran. «Euskadik, eremu digitalean, zer kontrolatu, zer partekatu eta zer garatu erabaki behar du; datuak berme osoz partekatu behar ditugu, Adimen Artifiziala modu etiko eta fidagarrian hedatu behar dugu eta gaitasun propioak garatu behar ditugu, eta Eusko Jaurlaritzatik prozesu hori gidatu nahi dugu, Euskadiren etorkizun digitala arlo publikotik gobernatu, erabaki eta eraiki dezagun», azpimarratu du.
«Subiranotasun digitala herri-politika gisa formulatu behar da; eraldaketa digitalaren eskutik, zerbitzu publikoak hobetu, herritarren eskubideak babestu eta gure industriaren lehiakortasuna bultzatu dezagun; baina prozesu hori ezin dugu erakundeok bakarrik egin, erronka honek lankidetza publiko-pribatua eskatzen du» adierazi du Ubarretxenak.
Irtenbide propioak lantzeko foroa
Gaurko jardunaldiak agerian utzi du Euskadik baduela gaitasun instituzional, teknologiko, industrial eta zientifikoa erronka honi asmo handiko ikuspegi propio, errealista eta kolaboratibo batetik erantzuteko.
Jardunaldi hau, gainera, lanerako foro gisa eta jarraitutasun izaerarekin sortu da, diagnostikoak partekatzeko, esperientziak kontrastatzeko eta subiranotasun digitalaren arloan irtenbide propioak lantzeko.
Gaurko saioan, arlo horretan lan egiten duten euskal erakunde eta enpresetako 30 ordezkari inguruk parte hartu dute, eta hainbat mahai-inguru egin dira subiranotasun digitalari hainbat ikuspuntutatik heltzeko.
Erakunde-esparrua. Foro honetan euskal erakundeek ekosistema digital partekatua eraikitzeko duten zeregina aztertu da. Ekosistema horrek gaitasun propioak eraikitzeko eta erabakiak koordinatzeko gaitasuna izan behar du eta digitalizazioak interes orokorrari erantzuten diola bermatu behar du. Era berean, administrazioa sinplifikatzeko eta arintzeko, zerbitzuak hobetzeko eta zerbitzu elkarreragile berriak martxan jartzeko, administrazioa datuak eta Adimen Artifiziala nola erabiltzen ari den ere aztertu da.
Ekonomia-esparrua. Bigarren mahai-inguruak datuak, adimen artifiziala eta azpiegitura digitalak aztertu ditu palanka ekonomiko gisa. Eztabaidak arreta jarri du nola sortu balioa datuetatik eta Adimen Artifizialetik abiatuta, nola saihestu balio hori euskal ekosistematik kanpo geratzea, eta nola indartu industriaren, sektore teknologikoaren eta ekonomia osoaren lehiakortasuna.
Mahai horri esker, Adimen Artifiziala industrialari, konputazio aurreratuari, plataformei eta azpiegiturei lotutako gaitasun eta esperientzia zehatzak kontrastatu ahal izan dira, eta eremu horretan, sektore publikoak eta lankidetzak izan behar duten papera ere aztertu da.




























