- Inbertsio orokorra 13 milioi euro ingurukoa da, eta obrak 2027ko lehen seihilekoan amaituko dira. Proiektuak estudio motako (espazio bakarra) 81 etxebizitza ditu, logela bateko 26 etxebizitza —horietako hiru egokituak— eta 120 metro koadroko lokal zabal bat, belaunaldien arteko bizikidetzak autonomia pertsonala, parte-hartzea eta elkarri laguntzeko sareak indartzen laguntzeko.
- Alokabidek sustatutako eredua Loiolako Erriberan eta Zorrotzaurren etorkizunean garatuko diren sustapenetara ere zabalduko da, belaunaldien arteko bizikidetza bultzatzeko eta alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok eta Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Eusko Jaurlaritzak Txurdinaga auzoko Gabriel Aresti etorbidean (36B) sustatzen dituen 107 zuzkidura-bizitokiak bisitatu dituzte gaur goizean. Aurreikuspenen arabera, 2027ko lehen seihilekoan amaituko dira bertan egiten ari diren lanak. Sustapena mugarri izango da Euskal AEko etxebizitza-politika publikoetan, Alokabidek bultzatutako belaunaldien arteko eredu berria aplikatuko duen lehen esperientzia izango baita. Ekimen berritzailea da, gaur egungo bi erronka sozial nagusiei aldi berean erantzuteko sortua: gazteen emantzipazio-zailtasunak, batetik, eta adinekoentzako egoitza-alternatiba egokiak, eskuragarriak eta sozialki aktiboak eskaintzeko beharra, bestetik.
Bisitan —Bilboko Udaleko Etxebizitzako zinegotzi Yolanda Díezek ere bertan egon da—, sailburuak nabarmendu du proiektu hori “etxebizitza-politika publikoak ulertzeko modu berri bat” dela. Ildo horretan, adierazi duenez, “jasaten ari garen etxebizitza-krisiaren aurrean, asmoa ez da soilik ostatu hartzeko gaitasun handiagoa eraikitzea, baita komunitatea egitea ere. Gure ustez, gure hirien etorkizuna ere jokoan dago auzo kohesionatuagoak eta hobeto egituratuak izateko eta belaunaldien arteko terminoetan ere komunitatea egiteko aukerarekin».
Bestalde, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok «Bilbon etxebizitzari buruzko proiektu guztiak aurrera ateratzeko Udalaren eta Etxebizitza Sailaren —alkatearen eta sailburuaren— arteko harreman ona eta lan partekatua» azpimarratu ditu. Era berean, Aburtok nabarmendu nahi izan du «proiektu honek etxebizitzari buruzko beste eztabaida huts edo interesatu batzuk ezabatzeko duen gaitasuna, gure bi erakundeek etxebizitzaren kontzeptu sozialari zentzu gehiago emateko indarrak batuz». Alkatearen ustez, «etxebizitzaz ari garenean, pertsonez ere ari gara. Beren bizi-proiektua eta etorkizunekoa garatzeko ekipamendu bat eskura dezaketen gizonei eta emakumeei buruz ari gara». Eta gaineratu duenez, «Txurdinagan, belaunaldien arteko komunitatearen proiektu honetan, beste urrats bat ematen dugu. Etxebizitza horiei adinaren pisua —gazteena eta adinekoena— kentzen diegu, eta elkartasunaren, bizikidetzaren, komunitatea egitearen eta abarren balioa ematen diegu. Bilbon ere aitzindariak izango gara balioak dituzten etxebizitzak eraikitzen».
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako belaunaldien arteko eredua ideia sinple baina irismen sozial handiko batetik abiatzen da: etxebizitza espazio fisiko gisa ez ezik, komunitatea eraikitzeko, elkarri laguntzeko eta dagoen bizitegi-parkearen erabilera optimizatzeko tresna gisa ere ulertzea. Ildo horretan, zuzkidura-apartamentuek aldi baterako bizitegi-baliabide gisa duten funtzio nagusiari eutsiko diote, lehentasunez gazteen emantzipazioa —txandakako erregimenean bost urte— eta etxebizitza eskuragarri bat eskuratzea errazteko.
Esleipenak Etxebiden indarrean dagoen araudiaren arabera egingo dira. Araudi horren arabera, Alokabidek kudeatutako bizitegi-parkean gutxienez % 50eko erreserba egingo da gazteentzat. «Zuzkidura-apartamentuek funtsezko tresna izaten jarraituko dute gure gazteen emantzipazioa errazteko. Eredu berri horrek ez du funtzio hori ordezten; aitzitik, indartu egiten du, komunitate osoari mesede egiten dion dimentsio sozial gehigarria txertatuz», azaldu du sailburuak.
Berritasun nagusia 70 urtetik gorako adineko pertsona autonomoak sartzea da, beren borondatez bizitoki horietako batera joatea eta beren etxebizitza Bizigune programaren esku uztea erabakitzen badute. Horretarako, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Presako Neurriei buruzko Dekretuaren bidez, bizitoki horietara sartzeko aukera emango die etxebizitza baten jabe diren adineko pertsonei, betiere beren jabetzako etxebizitza hori aldi baterako Biziguneri lagatzen badiote eta ezarritako autonomia-baldintzak betetzen badituzte.
“Pertsona asko bakarrik bizi dira —kasu batzuetan alargunak dira—, gaur egun dituzten beharretarako handiegiak diren etxebizitzetan. Haien bizitzan zehar sor dakizkiekeen edozein autonomia-faltak eragindako arazoren aurrean apartamentu trinkoagoetara, hobeto hornituagoetara eta egokituagoetara joateko aukera eskaini nahi diegu. Trukean, beren etxebizitzak Biziguneren zerbitzura jarri ahal izango dituzte, alokairuko parke eskuragarrian sartzeko”, azaldu du Itxasok.
Sailburuak azpimarratu duenez, “ekimen honek aldi berean bi beharretan jarduteko aukera ematen digu: adinekoei bizitegi-soluzio egokiagoak eskaintzea eta, aldi berean, Biziguneren bidez alokairu eskuragarrian etxebizitza berriak sartzea. Politika publiko adimenduna da, jarduketa bakoitzaren inpaktu soziala handitzen duen politika”.
Era berean, nabarmendu du bizitoki horietara bizitzera joaten diren adinekoek autonomoak izan beharko dutela hasieran, eta belaunaldi bereko beste pertsona batzuekin zein esleipendun gazteekin biziko direla. “Ekipamendu horien espiritu komunitarioa indartu nahi dugu. Auzo baten errealitatean askoz hobeto integratuak dauden komunitateak direla uste dugu, eta oso litekeena da lekualdatzen direnak inguruko pertsonak izatea, horrela beren gizarte- eta auzo-loturak mantenduz”.
Gainera, Itxasok azpimarratu du ekimenak aukera emango duela egungo etxebizitza-parkearen erabilera optimizatzeko. “Bizigunen sartzen diren etxebizitza asko etxebizitza handiak dira, eta espazio-premia handiagoa duten familientzat izan daitezke. Horrela, eskuragarri dauden azalerak familia bakoitzaren benetako beharretara egokitzen ditugu, lehendik dauden bizitegi-baliabideak hobeto aprobetxatuz”.
Elkarrekin bizitzeko pentsatutako eraikina
Sustapenak 13 milioi euro inguruko inbertsioa ekarri du, eta Gabriel Aresti etorbideko 36B partzelan kokatzen da. Beheko solairua eta gaineko lau solairu dituen eraikina da; bertan, estudio motako (espazio bakarra) 81 etxebizitza eta logela bateko 26 etxebizitza topatuko ditugu —horietako hiru egokituak—.Obra-zuzendaritza Oneka Arquitectura SLPren esku egon da, eta egikaritze materialaren zuzendaritza eta segurtasunaren eta osasunaren koordinazioa Aparejo Oficina Técnica SLren esku; eraikuntza-enpresa, berriz, IZA Obras y Promociones SA izan da.
Bizitokiez gain, proiektuak 107 aparkaleku-plaza ditu sotoko hiru solairutan, 43 trasteleku, eta bizikidetza eta komunitatearen parte-hartzea bultzatzeko espazio komunak. Espazio horien artean, hasiera batean bizikletentzako espazio gisa diseinatutako 120 metro koadroko lokal zabal bat nabarmentzen da, belaunaldien arteko lokal gisa birdefinituko dena, bizitegi-eredu berriaren elementu nagusietako bat bilakatuz. Helburua da ingurune irisgarria, inklusiboa eta bizitza komunitariora irekia sortzea, non belaunaldien arteko bizikidetzak autonomia pertsonala, parte-hartzea eta elkarri laguntzeko sareak indartzen lagunduko duen.
Eraikina jasangarritasuneko eta energia-efizientziako irizpide aurreratuen arabera diseinatu da. Sistema erabat elektrifikatua izango du, erregai fosilen mende egon gabe, errendimendu handiko aerotermiaren bidez ur beroaren produkzio zentralizatua, beroaren berreskurapena duen fluxu bikoitzeko aireztapena, eta egoiliarren autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat. Era berean, inguratzaile oso efizientea izango du, eraikinaren energia-beharrak minimizatzeko eta A kalifikazio energetikoa lortzeko.
Gaur egun proiektuan txertatzen diren hobekuntzek etxebizitzaren parke publikoaren jasangarritasuna, inklusioa eta digitalizazioa indartzea dute helburu, etorkizuneko erabiltzaileen artean pobrezia energetikoko egoerak prebenitzeari arreta berezia eskainiz.
Belaunaldien arteko sustapen-sare baten lehen esperientzia
Txurdinaga izango da eredu hori gauzatuko duen lehen promozioa Euskal AEn, baina ez bakarra. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak formula hori jada identifikatutako beste sustapen batzuetara zabaltzea aurreikusten du, besteak beste, Loiolako Erriberan aurreikusitako 83 zuzkidura-apartamentuetara (horien obrak urte hau amaitu aurretik hastea aurreikusita dago) eta Zorrotzaurren (Bilbo) etorkizunean egingo den 57 bizitokiren sustapenera. “Gazteen emantzipazioa, zahartze aktiboa, irisgarritasun unibertsala, kohesio soziala eta alokairu eskuragarriko parkea handitzea uztartzen dituzten bizitoki publikoen belaunaldi berri bat eraikitzen ari gara. Euskal AE erreferentzia bihur daiteke horrelako politika berritzaileetan”, adierazi du Itxasok.
Obrak aurreikusitako plangintzaren arabera gauzatzen ari dira, eta 2027ko lehen seihilekoan amaituko dira. Era berean, Bizkaiko ordezkaritzak aurreikusten du datozen hilabeteetan hasiko dela bizitokiak esleitzeko prozedura, etorkizuneko egoiliarrak belaunaldien arteko lehen erkidegoa osatzen has daitezen, Euskal AEko etxebizitza-parke publikotik bultzatuta. Jarduketa horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak beste urrats bat eman du etxebizitza eskuragarrien parke publikoa handitzeko estrategian, egungo eta etorkizuneko erronka demografikoei, bizilekuari lotutakoei eta erronka sozialei aldi berean erantzuteko gai diren formula berritzaileen bidez.






























