- Alokabidek kudeatutako zuzkidura-bizitokietako bederatzi bizilagunak, kea arnasteagatik ospitalean artatu dituztenak, alta jaso dute jada, eta etxean daude berriro
- Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak intrusioaren aurkako ate bat eta alarma-sistema bat jarriko ditu eragindako lokalean, legez kanpoko sarbide berriak eragozteko, LAB sindikatuari alokairuan lagatzen dion bitartean
- Alokabidek azpimarratu du ordena publikoko arazoa dela, eta ez etxebizitzarena
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gogor gaitzetsi du bart Arrasateko Garibai kaleko lokal batean piztutako sutea, eta elkartasuna adierazi die kaltetutako pertsonei, bereziki kea arnasteagatik ospitalean artatu behar izan dituzten Garibai 14ko zuzkidura-apartamentuetako bizilagunei.
Arrasateko Udaltzaingoak emandako informazioaren arabera, sutea lokal baten barruan piztu da, lokal horretara legez kanpo sartu eta erosketa-orga bat erre ondoren. Kearen ondorioz, bizitokietan bizi diren bederatzi pertsona ospitalera eraman dituzte, badaezpada. Guztiek jaso dute arreta medikoa, alta eman diete, eta dagoeneko beren etxebizitzetan daude berriro.
Alokabideko zuzendari nagusi Patricia Valek nabarmendu duenez, «erabat gaitzesten dugu ekintza bandaliko hori», eta azaldu du «ate bat bortxatzen duena eta sute bat eragiten duena da bizilagunen segurtasuna arriskuan jartzearen erantzule bakarra». Hori dela eta, «Eusko Jaurlaritzak azkar jardungo du lokal horren babesa indartzen, baina ordena publikoko arazo baten aurrean gaudela argi uztea komeni da, ez etxebizitzaren parke publikoaren arazo baten aurrean», onartu du.
Eragindako higiezina Eusko Jaurlaritzak sustatutako hiri-berroneratzeko jarduketa baten parte da, eta, horri esker, eraikina birgaitu ahal izan zen gazteentzako hamabi zuzkidura-bizitoki (gaur egun Alokabidek kudeatzen ditu) eta beheko solairuko hainbat lokal gaitzeko. Sutea Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren jabetzakoa den lokal horietako batean gertatu da, LAB sindikatuaren etorkizuneko egoitza hartzeko egokitze-fasean baitzegoen.
Gertakari horien aurrean, Sailak berehala jardungo du lokalaren segurtasuna indartzeko, intrusioaren aurkako ate bat eta alarma-sistema bat instalatuz, behin betiko okupazioa burutzen den bitartean legez kanpoko sarbideak edo ekintza bandalikoak berriro gerta ez daitezen.
Eusko Jaurlaritzak ezinbestekotzat jo du ondare publikoa babesteko neurri horiek hartzea, eta gogorarazi du gertaera horren jatorria ez dela etxebizitza-parke publikoaren kudeaketa-arazo bat, baizik eta ordena publikoa mantentzeari lotutako ustezko delitu-ekintza bat. Ildo horretan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak azpimarratu bere higiezinak zaintzeko eta bertan bizi diren pertsonen lasaitasuna bermatzeko beharrezkoa den guztian laguntzen jarraituko duela.
Eusko Jaurlaritzak gertaera horiengatiko gaitzespena berretsi du, polizia-ikerketari esker gertatutakoa argitu eta dagozkion erantzukizunak argitu ahal izatea espero du, eta zuzkidura-bizitokiek beren egoiliarrentzako gune seguru eta egokiak izaten jarrai dezaten lan egiten jarraitzeko konpromisoari eusten dio.






























