Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran 1.067.481,24 euroko inbertsioa baimendu du 2022an eta 2025ean erregistratutako suteek kaltetutako hainbat eremutan basoak lehengoratzeko jarduera berriak egiteko. Zehazki, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Jaitz, Gesalatz, Gares, Galipentzu eta Zarrakastelu udalerrietan basoak leheneratzeko eta birpopulatzeko hainbat proiektu lizitatzeko erabiliko du zenbateko hori.
Horretarako, Foru Gobernuak 686.454,59 euroko urte anitzeko gastua egiteko konpromisoa baimendu du, 2027ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, 2026rako 381.026,65 euroei gehituta.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik gaur prentsaurrekoan nabarmendu duenez, 2022tik 14 milioi euro inguru bideratu dira Nafarroako mendiak indartzera, mendiek eta baso masek ia bi herenetan estalitako lurralde baten “ezohiko baso ondarea” babesteko. “Gaur onetsitako inbertsioak aukera emanen du 2022ko eta 2025eko sute handien ondorioz kaltetutako baso-eremuak leheneratzeko, eta lagunduko du baso-masak izan daitezen askotarikoagoak, erresilienteagoak eta etorkizuneko muturreko gertakariei aurre egiteko hobeki prestatuak. Kontua ez da zuhaitzak berriz landatzea bakarrik, baizik eta ekosistemak leheneratzea, eta hori egitea, hain justu, haien kalteberatasuna murrizten duten irizpide teknikoak erabilita”, azaldu du.
Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Basoen eta Ehiza Kudeaketaren Zerbitzua kontratazio prozedura izapidetzen ari da, 2022ko ekainean eta uztailean izandako sute handien ondorioz, bai eta 2025eko abuztuan (berriz ere Zarrakazteluko udalerrian) piztutako sutearen ondorioz ere, kaltetutako eremuak leheneratzeko lanak gauzatzeko.
Helburua da jatorrizko baso-masak —pinudiak batez ere— leheneratzea; izan ere, kiskali egin ziren, eta, horren ondotik, segurtasunaren nahiz baso-kudeaketaren arrazoiengatik matarrasan moztu behar izan zituzten. Hartarako, lau jarduketa sorta zehaztu dira: Jaitz eta Gesalatz (1. sorta), Gares (2. sorta), Galipentzu (3. sorta) eta Zarrakaztelu (4. sorta). Adjudikatu ondotik, lanak 2026tik 2027ra bitartean eginen dira.
Inbertsioa 2023-2027 aldirako NPBPE LGENFari dagozkion partiden kargura finantzatuko da; hain zuzen ere, suntsitutako basoak lehengoratzeko eta basogintzaren, ehizaren eta abelbideen arloko inbertsioetarako partidak erabilita.
Estrategia integral bat mendi erresilienteagoak lortzeko
Gaur onetsitako jarduera Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren estrategia zabalago baten parte da, baso-suteen eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean prebenitzeko eta Nafarroako mendien erresilientzia indartzeko. 2022az geroztik, Departamentuak 14 milioi euro bideratu ditu helburu horretara. Zehazki, 4,7 milioi baso-azpiegituretara zuzendu dira; 3 milioi, baso-lanetara; 195.000 euro, prebentzio azterlanak egitera; 5,4 milioi, abeltzaintza azpiegiturak hobetzera, eta 659.000 euro, mendi larretako abeltzaintza sustatzeko beste laguntza batzuetara.
“Baso-suteak dira klima-aldaketak gure lurraldean dituen ondorio nagusietako bat, eta gure mendiak kudeatzeko modua aldatzera behartzen gaituzte. Administrazioen erantzukizuna da suak suntsitzen duena leheneratzea, baina gure lehentasuna da sutea gertatu aurretik jardutea. Horregatik, hain justu, bultzatzen ari garen basogintza politika oinarrituta dago mendiaren kudeaketa aktiboan, prebentzioan eta klima-aldaketarako egokitzapenean”, adierazi du Aierdi kontseilariak, arlo horretan prebentzioak duen garrantzia defendatzearekin batera.
“Gure estrategia argia da: prebenitzea, kudeatzea eta leheneratzea. Prebenitzea sute handien arriskua murrizten duen baso-kudeaketa aktiboaren bidez; kudeatzea bai baso-sektoreari, bai lurraldean bizi direnei eta lan egiten dutenei lagunduta; eta leheneratzea azkar eta zorroztasun teknikoz, baldin eta, hala eta guztiz ere, suak kalteak eragiten baditu. Hori da bermerik onena heldu diren belaunaldiei mendi osasuntsuagoak, seguruagoak eta erresilienteagoak uzteko”, azpimarratu du.
Nafarroa da Estatuan baso azalera handiena duen erkidegoetako bat: mendiak eta baso-masak daude lurraldearen % 64n edo. Errealitate horren ondorioz baso-kudeaketa jasangarria politika estrategikoa da biodibertsitatea kontserbatzeko, sute handien arriskua murrizteko, klima-aldaketara hobeki egokitzeko eta landa-ingurunean jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko.
Europako funtsei esker, Departamentuak jarduera programa zabala garatu du 2022az geroztik. Programak honako hauek hartzen ditu barne: basogintzako nahiz basoa hobetzeko lanak, suteetatik prebenitzeko neurriak, abeltzaintza estentsiboari laguntzea landare erregaia gutxitzeko tresna gisa, basoak leheneratzeko proiektuak eta sektoreko enpresei zuzendutako laguntzak, enpresek esku hartzeko eta modernizatzeko duten gaitasuna indartze aldera.
Erretako eremuak leheneratzea beste urrats bat da estrategia horren barruan. Aurreikusitako jarduketek lehengoratze naturala bultzatuko dute ahal den tokietan. Eta jasotzen dute, orobat, beharrezko duten guneetan basoberritzeko eta leheneratzeko lanak egitea, aintzat hartuta, betiere, espezie dibertsitatearen, jasangarritasunaren eta klima-aldaketara egokitzearen arloko irizpideak.
Baso-kudeaketa aktiboa da baso-sute handiak prebenitzeko tresnarik eraginkorrenetako bat. Uztartuta baso-tratamenduak, eremu degradatuen leheneratzea, abeltzaintza estentsiboari eustea eta baso-sektorea indartzea, hauxe lortuko da: landare erregaiaren jarraitutasuna murriztea, baso-masen egoera sanitarioa hobetzea eta Nafarroako mendiek ematen dituzten zerbitzu ekosistemikoak zaintzea.
Inbertsio honen bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak konpromisoa berresten du prebentzioa, leheneratzea eta landa-garapena barne hartzen dituen baso-politikarekin, haren bitartez mendiak gero eta seguruagoak, biodibertsitate handiagokoak eta erresilienteagoak izan daitezen, eta, bidenabar, Nafarroarentzat ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-aberastasuna sortzen jarrai dezaten.






























