Osasun Departamentuak gogorarazten du eguzki-eklipsea betaurreko homologatuekin behatu behar dela eta inoiz ere ez zaiola zuzenean begiratu behar eguzkiari, ez bada babes egokiarekin

Nafarroaren zati batean ikusi ahal izanen den abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa edonorentzako moduko fenomeno astronomiko historikoa da; hala, Nafarroako Osasun Zerbitzuak behaketa-puntu ofizialetako zentro sanitarioak indartzeaz gain, gomendio sorta bat eman dio biztanleriari eklipsea segurtasunez eta ikusmen-arazoak saihestuz behatzeko.

Lehenik, eklipserako betaurreko homologatuak erabili behar direla ohartarazten du; alegia, ISO 12312-2 araua betetzen eta CE marka dutenak. Erabili aurretik, egiaztatu behar da iragazkia ez dagoela ez urratuta ez tolestuta, eta ez duela argiunerik inon, ezta bestelako kalterik ere. Kaltetuta badago, ez da erabili behar. Gainera, behatzean, are babes egokiarekin ere, aldi laburretan begiratu behar zaio eguzkiari, minutu batez, eta, gero, segundo batzuez atseden eman behar zaie begiei.

Osasun Departamentuak azpimarratzen du eguzkitako betaurreko arruntek, oso ilunak izan arren, ez dutela balio. Ez dute balio, ezta ere, erradiografia, CD, kristal ketu eta etxean egindako iragazkiek. Gainera, tresna optikoak erabiltzen badira (teleskopioak, prismatikoak edo kamerak), berariazko eguzki-iragazkiak izan behar dituzte, hau da, behar bezala homologatuak eta CE marka dutenak.

Henar Heraz Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko (NUO) oftalmologoak azaldutakoaren arabera, «betaurrekoak lurrera begira egonik jantzi behar dira, eta ondo jarritakoan bakarrik altxa behar da begirada». Kentzeko, gauza bera egin behar da: lurrera begiratu, eta kendu. Adingabeek eta desgaitasuna duten pertsonek helduren batek gainbegiratzea beharrezkoa dute, prozesua zuzen egiteko».

Halaber, gogora dakar «fase partzialetan, betaurrekoak jarrita eduki behar direla. Eklipsea bere osoan denean bakarrik kentzen ahal dira; alegia, ilargiak erabat ezkutatzen duenean eguzkia. Osotasun-zerrendan sartutako herrietarako bakarrik balio du horrek. Eguzki izpi ttipiena ikustean, berriro ipini behar dira betaurrekoak».

Eguzki-erretinopatia

Eklipsea oker behatzetik eratortzen ahal den lesioetako bat da eguzki-erretinopatia. Eguzki-erretinopatia da eguzki-erradiazioarekiko zuzeneko esposizioak eragindako erretina-lesioa; ez du minik ematen, ez du tratamendurik eta atzeraezina izaten ahal da. Fenomenoa igaro eta ordu batzuetara agertzen ahal dira sintomak.

«Eguzki-erretinopatiaren klinika ezaugarritzen dute ikusmen-zolitasunaren murrizketak, ikusmen-eskotoma zentralak edo parazentralak (orban finko bat ikuseremuaren erdi-erdian edo erditik oso hurbil, begiradarekin mugitzen ez dena) eta metamorfopsiek (lerro zuzenak tolestuta, uhinduta edo apurtuta ikusten diren ikusmen-sintoma). Sintoma horiez gain, ez da izaten ez begi gorriturik ez malko-jariorik. Ez du tratamendurik, eta hobera egiten du asteekin, baina, batzuetan, atzeraezina izaten ahal da», dio Heras doktoreak.

Behar duten erabiltzaileei eklipsearen egunean edo hurrengoetan arreta zuzena emateko, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren sareko lehen mailako arretako profesionalek begi-erasana duten pazienteen maneiurako protokolo bat jaso dute, zeina NUOren, Lizarrako García Orcoyen ospitalearen eta Tuterako Reina Sofia ospitalearen Lehen Mailako Arreta Kudeatzeko Laguntza Zerbitzuak eta Oftalmologia Zerbitzuak egin baitute.

Bestalde, gogoan izan behar da, eklipsea behatzeko begi-prebentzioaz gain, beroa egiten ahal duela egun horretan, abuztuaren 12a izaki; beraz, maiz hidratatzea, eguzkitako babes-kremak eta txapelak erabiltzea, gerizpean egotea, etab., bete beharreko gomendioak dira. Zenbait herrik freskatzeko guneak eskainiko dituzte (igerilekua, spa), eta jarduerak eginen dira egunean zehar. Halaber, garrantzitsua da intsektu-uxagarriak erabiltzea, ziztadak saihesteko.