- Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zierbenako 35 ordezkari inguruk segurtasunaren hainbat erronka aztertu dituzte: droga-trafikoa, emakumeen aurkako indarkeria, larrialdien kudeaketa…
Santurtzik Basque Segurtasun Foroaren hamaikagarren bilera hartu du gaur arratsaldean. Oraingoan, Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zierbenako 35 ordezkarik baino gehiagok parte hartu dute topaketan. Bertan, talde-dinamika baten bidez, segurtasunari eta Ezkerraldeak eta Meatzaldeak etorkizunean izango dituzten erronkei buruzko hausnarketa egin dute.
Lan-jardunaldi honetan, hainbat gai jorratu dira, hala nola emakumeen aurkako indarkeria, droga-trafikoa, larrialdien kudeaketa, klima-aldaketaren eraginak, herritarren segurtasuna, ziberdelinkuentzia, desinformazioa eta balio eta autoritate-galera, parte-hartzaileen esperientziak eta proposamenak jasotzeko, egungo eta etorkizuneko segurtasun-erronken aurrean erantzun bateratua hobetzeko eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorra prestatzeko.
Segurtasuneko sailburu Bingen Zupiriak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazioko eta Erakunde Harremanetako diputatu Ager Izagirre izan dira ekitaldiaren buru. Topaketan parte hartu dute, gainera, Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordeak, Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak, Pedro Izaga Bizkaiko Larrialdiak eta Babes Zibila Kudeatzeko zuzendari nagusiak eta Abanto-Zierbena, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zierbenako erakundeetako ordezkariek. Bertan izan dira, besteak beste, Ertzaintza eta Udaltzaingoak, Babes Zibileko arduradunak, toki-garapeneko agentziak eta jubilatuen, emakumeen eta kirol-elkarteen ordezkariak.
Prozesu parte-hartzailea Euskadi osoan
Horrela, Basque Segurtasun Foroak aurrera jarraitzen du Arabar Errioxan eta Mendialdean, Oarsoaldean, Bilbon, Aiaraldean, Urola Kostan, Lea-Artibain, Debabarrenan, Ezkerraldean, Enkarterrin eta Araban egindako topaketen ondoren, Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien, udalen eta Euskadiko beste gizarte-eragile batzuen arteko partaidetza- eta elkarrizketa-gune gisa sendotuz.
Parte-hartze prozesu bat da, segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat ikuspegi integral batetik eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, entitatek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak…
Gaur Santurtzin jokatuko den partidaren ondoren, hurrengo hitzordua abenduaren 17an, asteazkenean, izango da, Bergaran.




























