Imanol Pradales: “Euskadirentzat eta Europarentzat funtsezkoa den une honetan, aukeren eta bizi-kalitatearen iturri dira zientziaren ezagutza aurreratua eta zientziaren gizarte-hedapena”

  • Lehendakariak DIPC – Donostia International Physics Centerren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian parte hartu du
  • Pradalesek azpimarratu duenez, «gure ekosistema zientifiko-teknologikoa etengabe lantzen eta babesten» jarraitu behar dugu

Gaur arratsaldean Donostia International Physics Centerren (DIPC) 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian izan da Imanol Pradales Lehendakaria. Ekitaldi hori Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izan da. Lehendakariak bere hitzaldian fisikan eta gisa horretako diziplinetan abangoardiako ikerketa garatzen duen ikerketa-zentro ezagun honen ibilbidea eta “proiektu berritzaile hau bultzatu zutenen ausardia” nabarmendu ditu.

Lehendakariaren hitzetan, “Euskadi munduko zientziaren mapan kokatzeko erabakigarria izan da DIPC. Bikaintasunaren erreferentzia. Herri-proiektu estrategikoa. Harrotasun-iturria. Bere sortzaile eta presidente Pedro Miguel Etxenikek maisuki gidatuta, Donostia zientziaren hiri gisa kokatu du; eta Euskadi, gure Herria, abangoardian eta munduan eredu gisa, fisikan eta gisa horretako diziplinetan”, nabarmendu du.

Testuinguru horretan, Pradalesek berretsi duenez, “munduan ez dago nazio aurreraturik arlo guztietan aurrera egiteko aukera eman dion sistema zientifiko-teknologiko aurreratu bat garatu ez duenik”. Ildo beretik, Lehendakariak DIPC goraipatu du, “zientzia globalari euskal ekarpen nazionala egiteko funtsezko pieza” baita.

Hala, Lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela “gure ekosistema zientifiko teknologikoa etengabe lantzen eta babesten jarraitzea”. “Gaur, agian, beste une historiko batzuetan baino gehiago, zientzia, talentua eta berrikuntza dira gure itsasargiak, erronka eta zalantza handiz betetako garai hauetan”, esan du “populismoen, autoritarismoen, estremismoen eta fake news-en hazkundea» adibidetzat hartuta.

Azkenik, Pradalesek zientzia “aurrerapen sozial, ekonomiko edo teknologikoaren oinarri eta eragile» dela azpimarratu du, eta gaineratu du “Euskadirentzat eta Europarentzat funtsezkoa den une honetan, zientziaren ezagutza aurreratua eta zabalkunde soziala aukeren eta bizi-kalitatearen, nazioarteko proiekzioaren, lehiakortasunaren eta autonomia estrategikoaren iturri dira, baina baita demokrazian sakontzeko iturri ere”.