Andrea Villamor Sanchezen kartela izango da 2026ko Hondarribiko Inauterien irudia

Andrea Villamor Sanchezen “Inauterietan sardinak hegan!” lana izango da 2026ko Hondarribiko Inauterien irudia.

Guztira 15 proposamen aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaiak hainbat irizpide kontuan hartu ondoren —sormena, originaltasuna, jai-izaeraren transmisioa eta kalitate artistikoa, besteak beste— Villamorren lana hautatu du. “Ilustrazioa akuarelaz egina da, eta Inauterien izaera alaia eta irudimentsua modu original eta erakargarrian islatu ditu. Kolorea, teknika, euskal kultura eta inauterien espiritua uztartzen ditu”, azpimarratu du Ortzi Alonso Kultura zinegotziak.

Epaimahaia Ortzi Alonso, Kultura zinegotziak; Koro Bidaurreta eta Txane Carrillo, Emeki Elkarteko kideek; Javier Sagarzazu Garaicoechea, artista plastikoak; eta Maddi Carton Etxeberria, kultura, turismo eta merkataritza teknikariak osatu dute. Epaimahaikideek aurkeztutako lanen maila bikaina nabarmendu dute, eta horrek erabakia hartzea zaildu duela azpimarratu.

Alonsok eskerrak eman dizkie lehiaketan parte hartu duten sortzaile guztiei, eta herritar guztiak Inauterietako egitarauan parte hartzera eta jai-giroaz gozatzera animatu ditu.

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak otsailaren 9tik 16ra bitartean egongo dira ikusgai Arma Plazan.