Donostiako Udala aurrera doa hiriak zientzian eta ezagutzan erreferente izaten jarrai dezan

Illunbeko ingurunea eraldatzeko eta DIPCri Ibaetako lursailaren azalera-eskubidea lagatzeko izapideak abiarazi ditu Tokiko Gobernu Batzordeak

Donostiako Udalak hiria zientziaren eta ezagutzaren arloan estrategikoki kokatzeko konpromisoari eusten dio, eta hori garatzeko ekosistema egokia sortzeko urratsak egiten jarraitzen du.

Horrela, Tokiko Gobernu Batzordeak Illunbeko hirigintza eremuari dagokion Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala idazteko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du, 54.483 euroko aurrekontuarekin eta gehienez 18 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Jon Insausti alkateak nabarmendu duenez, «gutxi erabiltzen den ingurune hori egokitzeko izapidearekin hasten gara, erabilera anitzeko pabiloira eta polo bioteknologikora sarbide hobea sortuz, eta, horrela, Illunbe zientziaren eta ikerketaren esparruan abangoardiako eta erreferentziazko leku bihurtuz, Miramongo Parke Teknologikoa zabalduz, gure hirira talentu gehiago erakartzeko«.

Izan ere, HAPOren aldaketa hau lehen izapideetako bat da bide-trazadura berria garatu ahal izateko, hirugarren sektoreko lurzatiaren eraikigarritasuna handitzeko, eta konexio eta sarbide berriak, aisialdirako espazio zabal bat eta aparkaleku berri bat diseinatzeko.

Udalak onartutako beste izapide bat, eremu zientifiko-teknologikoaren aldeko apustu horren erakusgarri dena, Ibaetako lurzatia Donostia International Physics Center Fundazioari (DIPC) azalera-eskubidearen lagapenaren hasierako onarpena da. Lurzati horretan du egoitza ikerketa publiko-pribatuko zentroak hirian.

Lagapen hori 75 urterako ematen da, eta lurzatia hartzen duen proiektuaren egitura-izaerari eta epe luzekoari erantzuten dio, bai eta eraikin berria eraikitzeko egindako inbertsio publiko garrantzitsuari ere.

Bizi-kalitatea hobetzea

Hiri-proiektu handiez gain, Udalak tamaina txikiagoko baina donostiarren eguneroko bizitzaren kalitatea hobetzera bideratutako beste hainbat jarduerarekiko konpromisoari eusten dio.

Oraingo honetan, Tokiko Gobernu Batzordeak Gros auzoko Miserikordia kalea zolatzeko egikaritze proiektua onartu du, ibilgailuei irabazitako pasabide hau oinezkoei itzultzeko eta paseatzeko eta egoteko toki atsegin batean bihurtzeko.

Proiektu horrek 196.804 euroko aurrekontua eta 3 hilabeteko egikaritze-epea ditu, eta hiri-bilbearen barruan garrantzi handia duen ardatz baten gainean jardungo du, oinezkoen irisgarritasuna eta auzoen arteko lotura hobetzeko.

Zoladura bateratuko da, eta horren gainean, zuhaitzez eta jardinerez osatutako elementu berdeen bilbea banatuko da. Zuhaitzak modu erregularrean banatuko dira, eta kalearen muturretan partzialki aldatuko dira, plaza baten pertzepzioa sortzeko. Era berean, ibilbide irisgarriak eta larrialdietako ibilgailuen pasabidea bermatuko dira.

Horrez gain, berdeguneen ondoan bankuak jarriko dira, itzalaz gozatzeko aukera emango duten posizioetan, bizikletentzako bi aparkaleku-bloke eta hiri-altzari finkorik gabeko guneak, etorkizunean kalean dauden jarduerekin lotutako elementuak kokatu ahal izateko.

Haurren babesa

Eta hiri-bilbeko jarduerez gain, hirian haurren eta gazteen bizi-kalitatea babesteko eta hobetzeko hainbat izapide ere onartu dira.

Alde batetik, Udalak % 20 handituko du Haurtxoko eta Gaztelekuetako behar berezien zerbitzuari dagokion aurrekontua. Aurrekontu-aldaketa horren bidez, urtean 120 ordu gehiago eskaini ahal izango dira udal-sarea osatzen duten 11 zentroetan horrelako premiak dituzten haurrei zerbitzua eta arreta eskaintzeko.

Bestalde, Oporrak bakean programaren beste edizio bat onartu da, uztailean eta abuztuan Tindoufen (Aljeria) errefuxiatutako haur sahararrak hartzeko. 46.000 euro bideratuko dira adingabe horiek kanpamentuetan dituzten bizi-baldintza gogorrak ahal den neurrian arintzeko, Donostiako herritarrak errealitate horretara hurbiltzeko eta senidetutako bi udalerrien arteko harremanak estutzeko