Haurdunaldiko eta jaioberrietako heriotzek nekez azal daitekeen mina dakarte, eta hainbat adituren sentsibilitatea eta laguntza eskatzen dute, osasun-ingurunean hasita, inguru horretan gertatu ohi baitira. Hori dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko diziplina anitzeko talde batek ‘Beti gure bihotzetan‘ izeneko oroitzapen-kutxa diseinatu du, eta horrekin jaiotza-inguruko galera baten aurrean duelu normal bat errazten laguntzea espero dute. Gainera, Jaiotza-inguruko dolua maneiatzeari buruzko gida bat argitaratu dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalentzat, kaltetutako familiekin harremanetan baitaude.
‘Beti gure bihotzetan’ oroitzapen-kutxa, haurra hil zaien gurasoentzat da, jaio eta 28. egunera bitarteko denboraldian gertatu bada. Bertan, oroigarriak gorde ditzakete; hala nola, jaiotza-ziurtagiria, zilbor-pintza, hatz-markak, arropa eta jaso nahi duten guztia. Kutxak Nafarroako hiru osasun-eremuetako (Iruña, Lizarra eta Tutera) ospitaletan eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Arretarako Zentroetan (CASSYR) eskura daitezke, sufrimendua arintzeko eta senitartekoei laguntzeko pentsatutako ekimenaren barruan sartzen dira.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalen arabera, azken hamarkadetan egindako azterketek eta ebidentziak erakutsi dute beharrezkoa dela hitz egin ahal izatea eta haurdunaldiaren galera ikusaraztea. “Gure testuinguru kulturalak heriotza ikusezin bihurtzeko joera du, eta haurdunaldiko heriotzen eta jaioberrien heriotzen kasuan bereziki gertatzen da hori. Gainera, egiaztatu dugunez, heriotzaren diagnostikoa egiten den unetik aurrera zaintza egokiak izateak gurasoen egokitzapen-erantzuna erraztu ez ezik, dolua zailtasunik gabe egitea lagundu ere egiten du, dolu ez patologiko baten esentzia maitatuaren oroitzapenak baitira”, ziurtatu dute.
Dolu perinataleko gida osasun-arloko profesionalentzat
Seme edo alaba baten heriotzaren aurrean, profesionalen jokabideek eragin handia dute gurasoengan eta ingurukoengan, eta hori erronka bat da sistemarentzat. Hori dela-eta, Osasun Departamentuak dolu perinatalaren gida egin du, kaltetutako familiei arreta egokia eta homogeneoa emateko tresna eta guzti. Funtsezkoa da arreta-guneetan lan egiten duten profesionalek trebetasunak izatea; hots, Nafarroako ospitale publikoetako ama- eta pediatria-eremuetako ospitalizazio-unitateak, erditze-unitateak eta hiru osasun-eremuetako CASSYRak.
Nafarroako hiru osasun-eremuetako 22 profesionalek osatutako diziplina anitzeko talde batek egin du gida, eta Laguntzaren Eraginkortasun eta Segurtasuneko Zerbitzuak koordinatu du. Besteak beste, honako hauei buruzko informazioa aurki daiteke bertan: haurdunaldiko, galera, galera perinatala eta jaioberrien galera, doluaren prozesua, dolu-motak, komunikazioaren eta laguntzaren garrantzia, arreta klinikoa, eta mina eta dolua maneiatzen laguntzeko gomendioak.
Tresna horrek baliabideak eta ezagutzak eskaintzen ditu, eta, beraz, laguntza integrala, humanizatua eta kalitatezkoa ematen die jaiotza-inguruko dolu-egoeran bizi diren haurdunei eta haien familiei. Ildo horretan, honela nabarmendu dute: “gurasoei emandako arretaren eta azaldutako informazioaren arteko koordinazio egokia erabakigarria izango da zaintzetan, haurdunaldiko haur baten eta jaioberri baten heriotza gertatu ondoren”.
Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) 2024ko datuen arabera, Nafarroan, jaiotza-inguruko heriotza-tasa 4,38koa izan zen jaiotako mila pertsonako; jaioberrien heriotza-tasa 1,51koa jaiotako mila pertsonako; eta fetuaren beranduko heriotza-tasa (haurdunaldiaren 23. astetik aurrera agertzen den heriotza) 2,87koa jaiotako mila pertsonako.
Ekimen horiek Nafarroako Osasun Sistema Publikoa Humanizatzeko 2024-2028 Estrategian kokatzen dira, ‘Berotasuna pazienteen tratuan eta autonomian’ jarduera-ildoan. Hain zuzen ere, tratuan berotasuna sustatzeko konpromisoa adierazten du, pazienteen eta senitartekoen oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritutako arretarekin bat eginik.





























