Udalak protokolo integral bat aktibatu du, honako hauetan oinarritua: prebentzioan, detekzio goiztiarrean eta jarduera koordinatuan
Donostiako Udalak gurgurio gorriari (Rhynchophorus ferrugineus) aurre egiteko protokolo integral bat zehaztu du. Jatorri tropikaleko intsektu bat da gurgurio gorria, eta arku mediterraneoko eta atlantikoko hiri-inguruneetako palmondo apaingarrien mehatxu nagusietako bat bihurtu da. Intsektu horrek ugaltzeko gaitasun handia du, klima desberdinetara egokitzen da eta zaila da fase goiztiarretan antzematea. Hori dela eta, Donostia ingurumen-, paisaia- eta ondare-arrisku nabarmenean dago.
Palmondoak elementu enblematikoak dira bai itsas pasealekuetan, bai lorategi historikoetan, bai Donostiako berdeguneetan, eta horiei bereziki eragiten die izurrite horrek. Palmondo-ale horiek galtzeak, hiri-irudian galera sortzeaz gain, kostu ekonomiko handiak sortzen ditu, horiek kendu, ordeztu eta tratatu behar izaten baitira.
Testuinguru horretan, eta Donostian 400 palmondo inguru daudela kontuan hartuta, astelehen honetan bertan, Udala horietan tratamendu fitosanitarioak egiten hasi da. Esku hartzeko estrategia urte osoan zehar egingo da, eta hainbat fasetan egituratuta egongo da: martxotik ekainera bitartean, feromonadun tranpak instalatuko dira; martxoan eta apirilean dutxa intsektizidak aplikatuko dira, eta apiriletik abuztura bitartean, landare-endoterapiako tratamenduak aplikatuko dira.
Egoera horren aurrean, udal-protokoloaren estrategiak lau ardatz nagusi ditu: prebentzioa, zaintza, tratamendua eta ale berreskuraezinen deuseztapena. Prebentzio-neurrien artean daude arrisku handiko aldietan inausketak mugatzea, zauriak zigilatzea, palmondoak behar bezala mantentzea eta landare-materialaren jatorria kontrolatzea. Detekzio goiztiarraren jarduketak honako hauek dira: aldizkako ikuskapenak eta feromonak dituzten tranpak erabiltzea, horien bidez, intsektuaren presentzia monitorizatzeko.
Udalak azpimarratu du gurgurio gorria erabat desagerraraztea ez dela bideragarria epe laburrean; beraz, kudeaketa jarraitu eta koordinatuaren aldeko apustua egiten du. Ildo horretan, azpimarratu du estrategia eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa dela palmondoen jabe pribatuak ere inplikatzea, hiriko palmondoen hain handi bat espazio partikularretan kokatuta baitago.
Helburu horrekin, Udalak herritarrei aukera emango die palmondo pribatuetan tratamenduak koordinatzeko, era horretan, udalerri osoan jarduera homogeneo bermatzeko. Interesdunek informazioa eska dezakete eta protokoloari atxiki 943 481060 eta 943 481647 telefonoetara deituz edo [email protected] helbide elektronikora mezu bat idatziz.






























