Nafarroako Gobernuak 416.000 euro jarri ditu desgaitasuna duten pertsonentzako lehen eguneko zentroa finantzatzeko Baztan-Bidasoako eskualdean

Nafarroako Gobernuak, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren (ANADP) bidez, 416.000 euro baino gehiago bideratu ditu desgaitasuna duten pertsonentzako Zunda Etxea izeneko eguneko zentro berria eraikitzeko. Zentroa inguruan ezaugarri horiek dituen lehena izango da, desgaitasuna duten 65 urtetik beherako pertsonentzat, 15 plaza izango ditu, eta Baztan-Bidasoa eskualdeko 21 udalerriri emango die zerbitzua.

Nafarroako Gobernuak 416.000 euro jarri ditu desgaitasuna duten pertsonentzako lehen eguneko zentroa finantzatzeko Baztan-Bidasoako eskualdean

Maeztu kontseilaria Oronoz-Mugairen kokatutako baliabide horretan izan da obrak ikusten; zentroak inguruko 21 udalerriri emango die zerbitzua

Nafarroako Gobernuak, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren (ANADP) bidez, 416.000 euro baino gehiago bideratu ditu desgaitasuna duten pertsonentzako Zunda Etxea izeneko eguneko zentro berria eraikitzeko. Zentroa inguruan ezaugarri horiek dituen lehena izango da, desgaitasuna duten 65 urtetik beherako pertsonentzat, 15 plaza izango ditu, eta Baztan-Bidasoa eskualdeko 21 udalerriri emango die zerbitzua.

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria den Carmen Maeztu baliabidearen obrak bisitatzen izan berria da, Pertsonen Autonomia eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea den Ines Francesekin nahiz inguruko udalerrietako hainbat alkaterekin eta beste udal eta erakunde batzuekin batera.

Zentroak inguruko herrien eskaera historikoari erantzungo dio, desgaitasuna duten pertsonei eta haien familiei arreta integrala eta kalitatezkoa eskaini ahal izate aldera, haien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetu dezaten. Proiektua 2023an hasi ziren gauzatzen, hainbat familiak, Gizarte Zerbitzuek eta inguruko udalek elkarrekin egindako lanaren ondorioz.

Bisitan izan ziren, baita ere, inguruko hainbat familia, eta proiektuko aurrerapenen berri emateaz gain, elkarrizketa bat egin zuten, erabiltzaile potentzialen familiei entzuteko, zalantzak argitzeko, haien beharrak jasotzeko eta proiektua eta horren kudeaketa eta funtzionamendua diseinatzeko bidean aurrera egiteko.

Baliabidea Zunda Etxean kokatuko da, Oronoz-Mugaireko hirigunean. Eraikinak hiru altuera ditu, eta 1900. urtea baino lehen eraikitakoa da. Eraikina guztiz birgaituko da, perimetro-hormak mantenduko dira eta estalkian eta fatxadan aldaketak egingo dira.

Eguneko-zentroak 553 metro karratuko azalera erabilgarria izango du hiru solairutan banatuta, eta hainbat espazio egongo dira; hala nola, erabilera anitzeko aretoa, jantokia, bilera-gela, aldagelak edota bainugela bat. Laster lizitatuko dira bigarren faseko obrak, eta ziurrenik 2026ko urtearen amaiera aldera hasiko dira.

Zunda Etxeak Baztan-Bidasoa Eskualdea osatzen duten 21 udalerriri emango die zerbitzua: Urdazubi, Zugarramurdi, Baztan, Bertizarana, Santesteban-Doneztebe, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Oiz, Urroz, Donamaria, Sunbilla, Beintza-Labaien, Saldias, Eratsun, Ezkurra, Etxalar, Arantza, Igantzi, Lesaka eta Bera.

Zunda Etxea zentroaren kostu osoa 600.000 eurotik gorakoa izatea aurreikusten da. Horietatik 416.524 euro jarri ditu Nafarroako Gobernuak, eta gainerako zatia udalek finantzatuko dute. 2023an 17.339 euro jarri ziren proiektua eta memoria idazteko; 2024an eta 2025ean, 249.185,26 euro obra-zuzendaritza eta eguneko zentroa eraikitzeko; eta 2026an 150.000 euro jarri dira zentroa finantzatzeko, ordain baten bidez.

8 milioi baino gehiago eguneko 28 zentrorentzat

Nafarroako Gobernuak eguneko zentro berriak eraikitzea bultzatzen jarraitzen du, eta azken urteotan 8 milioi eurotik gora jarri ditu orain arte azpiegitura eta zerbitzu horiek ez zituzten herrietan eguneko 25 zentrora bitarte abian jarri eta eraiki ahal izateko: Mendaza, Barañain, Berriozar, Murchante, Sartaguda, Zizur Nagusia, Cadreita, Esteribar, Elortzibar, Fontellas, Antsoain, Tafalla, Aiegi, Lizarra, Azagra, Baztan, Erronkari, Basaburua, Iruña, Iza, Mendabia, Arguedas, Gesalatz, Oteiza eta Mendigorria; gainera, eguneko beste 3 zentro hobetzeko lanak finantzatu ditu: Ribaforada, Aibar eta Altsasuko Josefina Arregui zentroa. Nafarroako Gobernua eguneko zentro berriak sortzea bultzatzen ari da 2022az geroztik; horrela, 500 plaza itundu sortu dira, Foru Exekutiboak %80 finantzatuta.

Beraz, apustu horrekin jarraituz, aurten deialdi berri bat egin da diru-laguntza lortu nahi duten  toki-erakundeek eska dezaten eguneko zentro bat izan ahal izateko. Epea martxoaren 18an amaitu zen, eta laster ebatziko da.