- Ituntzeko euskal ereduak aurrera egin du etorkizuneko ikuspegiarekin eta Euskadin egonkortasun ekonomikoa eta gizarte kohesioa indartzen duten lau akordio zehatzekin
Euskadik itun sozialaren eredua indartu du, Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren baitan akordio berriak lortuz, eta neurri sorta adostu du Ekialde Hurbileko gatazkaren inpaktu ekonomikoari aurre egiteko, etorkizuneko Parte hartze Instituzionalari buruzko euskal Legearen oinarrien inguruan, langileentzako prestakuntza eredu propio baten garapenean aurrera egiteko eta lan merkatuan migrazioei buruzko lantalde bat sortzeko. Guztiek helburu bera dute: enplegua babestea, enpresa sarea indartzea, enplegagarritasuna hobetzea eta gizarte kohesionatuago baterantz aurrera egitea, erakundeen, enpresen eta langileen ordezkarien arteko elkarrizketaren eta akordioaren bidez.
Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua izan da bilkuraren buru, eta Euskadiko Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren barruan lortutako akordioak balioetsi ditu, nabarmenduz elkarrizketa funtsezko tresna dela enpresentzat zein langileentzat erabilgarriak, egonkorrak eta onuragarriak diren politikak eraikitzeko.
Torresek azpimarratu duenez, “ziurgabetasunak eta polarizazioak markatutako garai honetan, elkarrizketaren balioa aldarrikatzea ez da asmoen adierazpen bat bakarrik; politika erabilgarria, arduratsua eta erabat demokratikoa egiteko modu baten aldeko apustu sendoa da”.
Lehendakariordeak nabarmendu du Elkarrizketa Sozialerako Mahaia gobernantza partekatuaren adierazpenik “onena” dela, “non instituzioek, enpresaburuen elkarteek eta sindikatuek askotariko posizioetatik lan egiten dugun akordio sendoak eraikitzeko”. Ildo horretan, “adostea ez da uko egitea, elkarrekin aurrera egitea baizik”, azpimarratu du.
Lortutako akordio nagusien artean, lehenik eta behin, Ekialde Hurbileko gatazkak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko neurrien sorta aipatu du Torresek. “Gure enpresak eta langileak babesteko neurri zehatzak adosteko gai izan gara, bai langabeziagatiko prestazioen osagarriak, bai birkualifikazio eta birkokatze programak”, azaldu du. “Akordio horrek erakusten du elkarrizketa soziala ere tresna eraginkorra dela tokian tokiko krisi globalak aurreikusi eta arintzeko”.
Aurreikusitako laguntzek aukera emango dute jarduera zehatzak hedatzeko ERTEetan dauden pertsonentzako langabezia prestazioen osagarri gisa, eta eragina jasandako sektoreetan birkualifikatzeko eta birkokatzeko programak eta kontratazioa sustatzeko neurriak ezarriko dira, Euskadiko ehun produktibo eta sozialaren erresilientzia indartzeko helburuarekin. Gatazkak euskal ekonomian duen eragina ikusita —batez ere, energiaren garestitzean, inflazioan, enpresen lehiakortasunean eta enpleguan—, akordioak aurreikusten du egoeraren etengabeko jarraipena egitea eta ondorioak arintzeko neurriak hartzea, besteak beste, energía prezioak egonkortzea, prezioak osatzeko mekanismoak kontrolatzea, enpresa bideragarritasunari laguntzea eta enplegua babestea.
Bigarrenik, Parte hartze Instituzionalari buruzko euskal Legearen oinarriei buruzko akordioa nabarmendu du, Euskadin elkarrizketa sozialaren egiturazko zeregina sendotuko duena. “Erakunde arkitektura sendoagoa, gardenagoa eta parte hartzaileagoa eraikitzen ari gara, elkarrizketa ekintza publikoaren erdigunean jartzen duena”, adierazi du. Era berean, nabarmendu du lege horrek sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek euskal sistema demokratiko eta ekonomikoan duten zereginari buruzko hausnarketa prozesu bat irekiko duela.
Akordioak esparru komun eta egonkor bat ezartzen du Euskadin erakundeen parte hartzea eta elkarrizketa soziala indartzeko, eta balio konstituzional eta demokratikoa aitortzen dio. Ardatz nagusitzat hartzen ditu enpresa eta sindikatu erakundeek zeharkako politika publikoetan duten lehentasunezko eginkizuna, gaien arabera legitimatuta dauden subjektuak argitzea eta parte hartzeko eskubideak eta prozedurak arautzea, bai eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaia instituzionalizatzea ere. Gainera, aurreikusten du jarduera horren aurrekontua indartzea, gizarte eragileen parte hartze eraginkorrik ezaren ondorioak arautzen ditu eta berezko organoak baztertzen ditu; hala nola, Lan Harremanen Kontseilua eta Ekonomia eta Gizarte Kontseilua, gobernantza sozioekonomikoaren euskal ereduari koherentzia, egonkortasun eta kalitate demokratiko handiagoa emateko xedez.
Enpleguaren eta prestakuntzaren arloan, langileentzako prestakuntza eredu propioaren garapenean izandako aurrerapena nabarmendu du Torresek. “Urrats erabakigarria ematen ari gara sistema integral, malgu eta produkzio sarearen eta pertsonen benetako beharretara egokitutakoa lortzeko”, adierazi du. Langileentzako prestakuntza eredu propioa garatzeari buruzko akordioak sendotu eta baliozkotu egiten du 2022an definitutako euskal eredua, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailaren eta Hezkuntza Sailaren arteko koordinazioa nabarmenduz. Urrats horrekin, diseinu- asea itxi eta 2026-2028 aldirako hedapen progresiboa hasiko da, prestakuntza egiaztagarri eta ziurtagarriaren integrazioan, zentro sare osoaren inplikazioan eta ziurtagirien erregistro autonomiko bat sortzean oinarrituta.
Era berean, akordioak lehentasuna ematen die laneratzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei, enpresa txiki eta ertainei eta birkualifikazio premia handienak dituzten lurraldeei, ereduaren jarraipena eta etengabeko ebaluazioa indartzen ditu, eta araudi doikuntzak planteatzen ditu gaitasunen aintzatespena errazteko, prestakuntza sistema inklusiboaren, iraunkorraren eta Euskadiko eraldaketa ekonomiko eta sozialekin bat datorrenaren aldeko konpromisoa berretsiz.
Azkenik, euskal lan merkatuan migrazioei buruzko lantalde bat sortzea azpimarratu du Lehendakariordeak, erronkak aurreratzeko eta aukerak aprobetxatzeko. “Migrazioa errealitate estrukturala da, eta arduraz kudeatu behar dugu, prozesu seguruak, ordenatuak eta giza eskubideak errespetatzen dituztenak bermatuz”, adierazi du.
Eusko Jaurlaritzaren eta eragile sozialen arteko lankidetzarako espazio iraunkor horri esker, Euskadiko demografia eta enplegu erronken aurrean lan migrazioak duen zeregina aztertu eta jorratu ahal izango da. Ikuspegi integral horrek enplegu politika aktiboak lan migrazioaren kudeaketarekin lotzen ditu, migrazio prozesu seguru, ordenatu eta erregularrak sustatzeko, migratzaileen eskubideak bermatzeko eta haien laneratzea bultzatzeko helburuarekin. Bere eginkizunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: migrazioak enpleguan duen eragina etengabe aztertzea, enpresen eta langileen beharrak identifikatzea, eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaira eramateko proposamenak egitea.
Torresek azpimarratu du aurrerapen horiek guztiek elementu komun bat dutela: “eEkarrizketaren emaitza dira, ez inposaketaren emaitza. Lan pazientzia, zorrotza eta zintzoa desberdinen artean”. Ildo horretan, parte hartu duten eragile guztien inplikazioa eskertu du, eta “politikak akordiotik eraikitzen direnean, sendoagoak, egonkorragoak eta erabilgarriagoak” direla nabarmendu du.
Euskadik elkarrizketarako duen konpromisoa berretsi du Lehendakariordeak: “Norgehiagoka askotan nagusitzen den mundu honetan, Euskadik erakusten du, ezberdintasunetatik abiatuta ere, posible dela gizarte osoari mesede egingo dioten akordioak lortzea”. “Jarrai dezagun elkarrizketaren alde egiten etorkizuna eraikitzeko tresna gisa”, gaineratu du.
Bileran izan dira Mahaiko gainerako kideak, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburua, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua eta Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburua. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria ere bertan izan da.
Confebasken izenean, Tamara Yagüe presidentea, José Miguel Ayerza ADEGIkoa, Juan Ugarte SEAkoa eta Francisco Javier Azpiazu CEBEKeko idazkari nagusia izan dira. CCOO Euskadiren izenean, Santi Martinez idazkari nagusiak, Óscar Arenas Babes Sozialeko idazkariak eta Estibaliz Montero Emakumeen eta Enpleguaren idazkariak parte hartu dute. Azkenik, UGT Euskadiren ordezkari izan dira José Manuel López kudeaketa batzordeko presidentea, Xuria Arza Berdintasun, Gizarte Politika eta Aniztasuneko idazkaria eta Daniel González Politika Sindikal eta Instituzionaleko idazkaria.






























