- 2024an eta 2025ean, jakintza-arlo guztietako 77 zientzialari batu dira Ikerbasquera
- Imanol Pradales: “Argi dugu zientzia kulturaren funtsezko zatia dela”
- Ikerbasquek nazioarteko esperientzia duten 35 herrialdetako 417 ikertzaile ditu, unibertsitateetan eta I+G zentroetan lanean.
Ajuria Eneko Jauregiko Elkargunea gunean egin da gaur arratsaldean Lehendakariak, Imanol Pradalesek, Ikerbasquera batu diren azken ikertzaileei egin dien harrera-ekitaldia. 2024an eta 2025ean, guztira, jakintza-arlo guztietako 77 ikertzailek aukeratu dute Euskadiko unibertsitate eta ikerketa-zentroetan beren lana garatzea Ikerbasqueren bidez.
Ikertzaile berriei aintzatespenak eman ondoren, Lehendakariak Euskadin zientzian eta ikerketan erabakitasunez inbertitzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du. Hala, adierazi du Euskadik I+G+Bn egindako inbertsioa % 6,1 handitu duela, 723 milioi eurora iritsi arte; ikertzaileak prestatzeko eta hobetzeko programetan, % 12,8 egin du gora, eta doktoratu ondoko programan, % 35. Pradalesek azpimarratu duenez, Ikerbasquek funtsezko eragile gisa jokatzen du, gure Herrian abangoardiako zientziaren katalizatzaile gisa, eta «ibilbide luzeko ikuspegia dugu», adierazi du.
«Ikerketa-taldeen karga burokratikoa murrizten ari gara, ongizate emozionalaren dimentsioa txertatuz eta emakumeen lidergoa sustatuz. Eta jarraitu beharreko norabidea markatu dugu, euskal I+G+b Herriaren lehentasunekin lerrokatuz, ZTBPren eta berrikuntza-itsasargien bidez. Argi dugulako zientzia kulturaren funtsezko zatia dela «, azpimarratu du Lehendakariak.
Bestalde, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak nabarmendu du Ikerbasque programak erakarrita Euskadira etorri edo itzuli diren pertsonek, gure erkidegoan lanean ari den ikertzaile kopuru osoaren zati oso txikia izan arren, ekarpen oso esanguratsua egiten diotela Euskadiko zientziaren garapenari.
“Haiek dira”, azpimarratu du, “beren esparruetan ekarpen zientifiko oso garrantzitsuen erantzule; maila goreneko taldeak sortu dituzte; gure zientzia- eta berrikuntza-sisteman dauden ERC proiektu guztiak (ERC Grants) haien esku daude; beren proiektuetarako lortzen duten kanpo-finantzaketak programaren beraren aurrekontua bikoizten du; eta pertsona horien hamarren batek oinarri zientifikoko enpresa bat sortu du”. Horregatik guztiagatik, sailburuak nabarmendu duenez, “gure aurrekoek abian jarritako zientzia-politikak asmatze handiak izan ditu, eta gutxi izan dira Ikerbasque programa bezain emankorrak”.
Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Fernando Cossíok, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak; eta Ikerbasquera batu diren ikertzaileetatik lauk. Harrera ekitaldian, besteak beste, 77 ikertzaile hauek lan egiten duten 22 erakundeetako -unibertsitate eta ikerketa zentroak- arduradunak izan dira.
Ikerketa-ibilbidea
77 ikertzaileak deialdi desberdinen bidez batu dira Ikerbasquera. Research Professor kategoria profil sendotuei dago zuzenduta, nazioarteko esperientzia handia eta lidergo-gaitasuna dutenei. Azken bi urteetan, 15 ikertzaile batu dira kategoria horretara.
Research Fellow programa jakintza-arlo desberdinetan potentzial handia duten ikertzaile gazteak Euskadira erakartzera eta hemen atxikitzera bideratuta dago, talentu-harrobi bat sortzeko helburuarekin. Programa horren bidez, 51 pertsona batu dira Ikerbasquera 2024an eta 2025ean.
Bi kategoria horiek osatzeko, Research Associate Professor programa dago, bien arteko tarteko etapa gisa pentsatua. Bide horren bidez, 11 pertsona batu dira Ikerbasquera.
Gaur egun, Ikerbasquek 417 ikertzaile ditu —Research Professor (214), Research Associate (96) eta Research Fellow (107)—, guztiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean integratuta. Euskadiko unibertsitateek eta I+G zentroek askotariko diziplinetako adituen ekarpena jasotzen dute: zientzia esperimentaletatik hasi eta humanitateetaraino, tartean medikuntza, ingeniaritza eta gizarte-zientziak daudela.
Ikerketa-esperientzia handia
Ekitaldian, ikertzaile berrietako lauk beren ibilbide profesionala partekatu dute. Haien artean izan dira Leire Bejarano eta Virginia Ruiz Garate euskal ikertzaileak. Bejaranok, Suitzan, Belgikan eta Estatuko hainbat zentrotan bere ibilbide zientifikoa garatu ondoren, Biogipuzkoara jo du garuneko tumoreen inguruko ikerketarekin jarraitzeko. Ruiz Garatek, berriz, Italian eta Erresuma Batuko punta-puntako zentroetan ikertu ondoren, Mondragon Unibertsitatean hasi da, osasun- eta industria-inguruneei aplikatutako robotika bioadimendunaren arloan aurrera egiteko.
Era berean, Brendan Costello ikertzaile irlandarra Ikerbasquen sartu da BCBLren bidez; izan ere, zentro horretan bertan ari zen lehendik ere ikerketa-lanean. Cambridgeko Unibertsitatean Informatika ikasi zuen, eta UPV/EHUn, berriz, Ingeles Filologia; Hizkuntzalaritzan doktorea da, UPV/EHUk eta Amsterdameko Unibertsitateak emandako titulazioarekin. Azken urteotan egindako lanen artean, bereziki nabarmentzen dira zeinu-hizkuntza eta irakurketa garunean nola prozesatzen diren aztertzen duten ikerketak.
Azkenik, kolonbiar jatorriko Camilo Umaña ikertzailea, nazioarteko ibilbide luze baten ondoren —besteak beste, Harvard Kennedy Schoolen eta Browneko Unibertsitateko Latinoamerikako Ikasketen Zentroan egonaldiak eginda—, Oñatiko Soziologia Juridikoaren Nazioarteko Institutuan sartu da zuzendari zientifiko gisa.
Ikerbasqueri buruz
Ikerbasqueren programek helburu bikoitza dute: talentua erakartzea eta talentuari eustea. Alde batetik, ikerketa-lana atzerrian egiten duten ikertzaileak erakartzea dute xede, arreta berezia jarriz beren ibilbideko uneren batean kanpora joandako euskal ikertzaileak itzularaztean; eta, bestetik, Euskadin dagoeneko ikertzen ari direnei beren ibilbidea finkatzeko aukerak eskaintzea. Azken atxikipenen artean, 22 euskal ikertzaile dira, programa horiei esker itzuli direnak edo beren ikerketa-ibilbidea sendotu dutenak.
Ikerbasque Eusko Jaurlaritzaren ekimena da, autonomi erkidegoko abangoardiako ikerketa zientifikoaren aldeko apustu estrategikoa sendotzera zuzendua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planaren ildotik. Bere helburu nagusia da Euskadi I+G+b arloan aurreratuenen artean kokatzen laguntzea, ikertzaile-talentua erakartzeko eta sendotzeko gune gisa jardunez.






























