Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionala, Elgoibarren bost foruzain hil direla eta

Nafarroako Gobernuak ezohiko bilkura egin du gaur arratsaldeko lehen orduan, eta gaur goizean bost foruzain hil diren istripuaren adierazpen instituzionala onartu du.

Hauxe da adierazpen instituzionalaren hitzez hitzeko testua:

«Nafarroako Gobernuak bere min sakona adierazi nahi du, bost foruzain hil direlako gaur Elgoibarren (Gipuzkoa), Iurretako (Bizkaia) basera zihoazela Ertzaintzarekin lan-bilera egitera.
Nafarroako Gobernuak doluminak, babesa eta maitasuna helarazi nahi dizkie senideei, lagunei eta Foruzaingoko lankideei une latz hauetan. Zalantzarik gabe, gaur egun tristea da Foruzaingoarentzat eta Nafarroa osoarentzat.

Gure arreta eta pena hildakoen familiekin eta Foruzaingo osoarekin daude, batez ere.
Beren bizitzan herritarrak babesten eta zaintzen aritu diren bost zerbitzari publiko galdu ditugu. Gure aintzatespena, errespetua eta esker ona haientzat, erakutsi duten konpromisoagatik eta zerbitzurako bokazioagatik.

Nafarroako Gobernuak, Foruzaingoarekin batera, ekitaldi instituzional bat antolatuko du hildako bost foruzainei agur esateko eta omenaldia egiteko, zerbitzu publikoan eta Nafarroako herritarren eskubide eta askatasunen babesean egindako lanagatik eta dedikazioagatik.

Azkenik, Nafarroako Gobernuak eskerrak eman nahi ditu Nafarroako eta Nafarroaz kanpoko hainbat erakunde publikok, erreferente instituzionalek, gizarte zibilak eta herritarrek helarazitako laguntza-, adore- eta dolumin-mezuengatik; izan ere, horiek guztiek aitortzen dute bost hildakoen lana, bereziki, eta foruzain guztiena, orokorki.»