- Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak EMIE 20+11 Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak antolatutako edizio honetako finalistak saritzeko ekitaldian parte hartu du gaur. Aurtengo edizioan, Euskadiko 93 ikastetxeko 2.386 ikaslek hartu dute parte.
(Vitoria-Gasteiz, 2026ko ekainaren 5a). XXII. “Eduardo Chillida” Matematika Olinpiadako sariak banatu dira gaur Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Aurtengo edizioan, Euskadiko 93 ikastetxeko 2.386 ikaslek hartu dute parte. Lehiaketa EMIE 20+11 Euskadiko Matematika Irakasleen Elkarteak antolatu du eta DBHko 2. mailako ikasleei zuzenduta dago. Lehiaketaren helburua da ikasle gazteengan matematikarekiko interesa sustatzea, arrazoibide logikoan, sormenean eta problemen ebazpenean oinarritutako proben bidez.
Ekitaldian, saritutako 12 ikasleak eta haien senideak eta irakasleak izan dira, eta Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak, EMIE 20+11 elkarteko lehendakari Alex Aginagaldek eta Chillida Leku museoko Hezkuntza eta Ikerketako arduradun Nausica Sánchezek hartu dute parte.
2.383 IKASLE
Aurtengo edizioan, Euskadiko 93 ikastetxeko 2.386 ikaslek hartu zuten parte lehiaketaren lehen fasean. Ondoren, 82 ikastetxeko 214 ikaslek bigarren fasean parte hartu zuten joan den maiatzaren 9an.
Fase guztietan, parte hartu duten ikasleek EMIE 20+11 elkarteko Antolaketa Batzordeak diseinatutako lau problema ebatzi behar izan dituzte. Problemak matematikako hainbat arlori lotuta zeuden, hala nola aritmetikari, aljebrari, geometriari, logikari edo estrategiari. Ariketak, gainera, eguneroko egoeretatik eta testuinguruetatik abiatuta planteatu dira, arrazoibidea, sormena eta soluzioak bilatzeko gaitasuna sustatzeko helburuarekin.
“Eduardo Chillida” Matematika Olinpiadarako deialdia urtero egiten da EMIE 20+11 Euskadiko Matematika Irakasleen Elkartearen bitartez. Elkarte hori Euskadiko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeekin harremanetan jartzen da izena emateko eta parte hartzeko prozesua irekitzeko. Ikastetxeek berek hautatzen dituzte azken fasean sartzen diren ikasleak (hiru ikasle ikastetxeko gehienez), Antolaketa Batzordeak landutako jarraibideen arabera antolatutako aldez aurreko eskola-fase bat egin ondoren.
Hitzaldian, Hezkuntza sailburuak saritutako ikasleak zoriondu ditu, eta nabarmendu duenez, “dena gero eta azkarrago gertatzen dela dirudien garai batean bizi gara, baina ulertu eta pentsatzeko denbora behar da oraindik. Eta hain zuzen ere, hori da Olinpiada honek aitortzen eta balioan jartzen duena”.
Begoña Pedrosak azpimarratu duenez, “matematikak ez du burutazio azkarra eta erantzunik ikusgarriena saritzen, baizik eta ulertzeko, berriro begiratzeko eta lehenak funtzionatzen ez duenean beste bide bat bilatzeko gaitasuna”. Horren harira, sarietatik harago, “benetan garrantzitsua dena jakin-mina, ulertzeko gogoa eta ezinezkoak ziruditen arazoei irtenbideak aurkitzeko poza” direla adierazi du.
Sailburuak irakasleen lana ere eskertu du, “neska-mutil horietako bakoitzaren atzean jakin-min hori laguntzen eta elikatzen jakin duten pertsonak daudelako”, baita familien babesa ere, eta “harro egoteko arrazoiak” dituztela adierazi die, “ez emaitzagatik bakarrik, baizik eta seme-alabek oso goiz deskubritu dutelako ulertzeko poza”.
Bestalde, Alex Aginagaldek nabarmendu du zuzentzen duen Elkartea pozik dagoela Olinpiadaren XXII. edizioak izan duen harrera onagatik eta arrakastagatik, eta antolaketan inplikatutako erakundeen eta pertsonen babesa eskertu du, hala nola Hezkuntza Sailarena, EMIEko kideena eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeena.
SARITUAK
Lehen sariak:
- Peru Santos Barranco, Deutsche Schule San Alberto Magno (Gipuzkoa)
- Jon Torrontegi Etxaburu, Andres Urdaneta Ikastetxea (Bizkaia)
Euskadi ordezkatuko dute Lugon ekainaren 24tik 27ra egingo den Estatuko XXXV. Junior Matematika Olinpiadan.
Hirugarren eta laugarren sariak:
- Saúl Garcia Comino, Murgia BHI (Araba)
- Ibai Martin Gonzalez, Zabalgana BHI (Araba)
Gainera:
- Liam Aguilar Duque, Orereta Ikastola (Gipuzkoa)
- Nerea Ariznabarreta Benito, IES Los Herrán BHI (Araba)
- Giulia Conde Luise, Colegio Patronato Santa Eulalia Ikastetxea (Bizkaia)
- Eneko Durántez González, Zabalgana BHI (Araba)
- Lier Imaz Arrondo, Beasain BHI (Gipuzkoa)
- Ekhine Jimenez Alberdi, Zubiri Manteo BHI (Gipuzkoa)
- Noa Sardon Obispo, El Regato Ikastetxea (Bizkaia)
- Jon Zubia Llavina, Lizardi BHI (Gipuzkoa)
Ekitaldiari amaiera emateko, parte hartu duten ikasleei, irakasleei eta familiei zuzendutako “Datuek azaltzen diguten mundu ezezaguna” hitzaldia eskaini du EHUko irakasle Leire Garmendiak.






























