- Nazioartekotzearen eta ekonomia globalaren arloan Frantziako Gobernuaren aholkulari-sareko ordezkariak Innobasquen hartu dituzte.
- Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azpimarratu du berrikuntza-politiketan gizarte-dimentsioa txertatzearen garrantzia.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek gaur Euskadiko zientzia, teknologia eta berrikuntza-politikak eta Euskadiko I+G+b sistemaren indargune nagusiak aurkeztu dizkio Frantziako Kanpo Merkataritzako Aholkularien (CCEF) ordezkaritza bati. Ordezkaritza Euskadin da urteko bilera dela eta.
Topaketa Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan egin da. Bertan, Frantziako ordezkariek harrera jaso dute sailburuaren eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuorde Adolfo Moraisen eskutik, baita Innobasqueko presidente Imanol Rego eta zuzendari nagusi Leire Bilbaoren aldetik ere.
Bere hitzaldian, Pérez Iglesiasek Euskadiren gaitasun industriala nabarmendu du. Euskal biztanleria Espainiakoaren %5 eta Europakoaren %1 inguru bada ere, Europako industria-ekoizpenean %2 inguruko ekarpena egiten du. Horrek erakusten du ekonomia industria-izaera sendoan oinarritzen dela, eta automobilgintza, energia, makina-erreminta eta industria kimikoa bezalako sektore tradizionalei eusten diela, aldi berean arlo berriak ere sustatuz.
Sailburuak Eusko Jaurlaritzak I+G+b arloan bultzatutako ekimen estrategiko nagusiak ere azaldu ditu. Horien artean dago IKUR estrategia, adimen artifiziala, superkonputazioa, teknologia kuantikoak, biozientziak eta neutroika bezalako arloetan oinarritua.
Era berean, azaldu du ildo horiek “Berrikuntzaren Faroak” programaren oinarri izan direla. Programa horrek Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana egituratzen du, bederatzi lehentasun-eremuren bidez, trantsizio teknologiko eta digitalaren, ingurumen- eta klima-trantsizioaren, eta gizarte- eta osasun-trantsizioaren erronkei erantzuteko.
Pérez Iglesiasek, gainera, berrikuntza-politiketan gizarte-dimentsioa txertatzearen garrantzia azpimarratu du. Haren ustez, «funtsezkoa da ongi komunaren ideia sustatzea, gurea bezalako herrialde txiki batek etorkizunean garatzeko aukerak izan ditzan eta herritar guztiei lortutako garapen-mailarekin bat datozen ongizate-mailak eskain diezazkien».
Bisitan nazioarteko aholkularitza ekonomikorako sare honetako 46 ordezkari bildu dira. Sare hori, nagusiki, Espainian ezarrita dauden Frantziako talde handien filialetako zuzendariek osatzen dute, eta Frantziako Gobernuari kanpo-merkataritzaren, nazioartekotzearen eta inbertsioak erakartzearen arloko aholkularitza eskaintzen diote.






























