“Eskerrik asko Ur Lagunak” kanpainak Publifestival Publizitate Sozialaren Nazioarteko Festibalean saritu dute

Uraren Euskal Agentziak (URA) bultzatutako Eskerrik asko, Ur Lagunak kanpaina Publifestival-ean (Publizitate Sozialaren Nazioarteko Festibalean) saritu dute. Izan ere, Publifestival-a balio sozialekin komunikatzeko erreferentziazko festibalenetako bat da.

Ekimen honek lau sari jaso ditu. Alde batetik, Publizitate sozialeko iragarkiko produkziorik onenaren saria jaso du, Laszlo Hace agentziaren eskutik. Bestalde, Diagonal Comunicación 360º agentziak Mezuaren erabilerarik onena publizitate-kanpainan, Mezuaren eraginkortasunik onena proiektuan edo gizarte-ekintzan, eta Ekarpen onena marka korporatiboaren garapenean sariak jaso ditu.

 

Publifestival-ak urtero komunikazioaren bidez gizarte-sentsibilizazioa sustatzen duten ekimen ospetsuenak saritzen ditu; hala nola, mezu eraginkorren bidez herritarrengan hausnarketa sorrarazten dituen agentziak, erakundeak eta iragarleak balioan jartzen ditu.

Eskerrik asko, Ur Lagunak Euskadin urarekiko kultura indartzeko bideratu den kanpaina da; herritarrek, erakundeek eta agente sozialek duten ondasun komun horren zaintzan duten funtsezko zeregina aitortuz.

Helburu komun baten inguruan eragileak informatzeko, sentsibilizatzeko eta lerrokatzeko sortu da kanpaina; administrazio-mugez ulertzen ez duen ondasun bat zaintzeko ahaleginak eta baliabideak lerrokatzeko sortu da. Alegatu bat da — eskumen-banaketetatik haratago, nor bere jarduera-eremutik — uraren babesa taldeko harrotasunaren arrazoi bat dela adierazteko.

Uraren kultura partekatua bultzatzeko helburuarekin sortu zen, uraren babesarekiko, erabilera iraunkorrarekiko eta bizitzarako funtsezko baliabide gisa duen balioarekiko konpromiso kolektiboan oinarrituta.

Ikuspegi emozional eta bisual baten bidez, kanpainak balioesten du ura babestea erantzukizun partekatua eta harrotasun kolektiboko arrazoi bat dela, erantzukidetasunaren eta ingurunearekiko konpromisoaren mezu argi bat helaraziz.

Proposamenak identitate narratibo eta bisual koherente bat du oinarri, hizkuntza hurbila, inspiratzailea eta irisgarria, eta komunitatearen indarra islatzen duen estetika uztartzen ditu. Kanpainaren pieza bakoitza (spot-ak, grafikoa, prentsako originalak, musika, zuzendaritza artistikoa) uraren edertasuna, agertokiak eta pertsonaiak erakusteko sortu da. Paisaia bikainak, giza keinu sotilak, bertako fauna eta flora…Denak bizitza komunikatzen du. Euskadin, natura ez da dekoratua, identitatea baizik. Irudiek lasaitasunera, kontenplaziora, harridurara gonbidatzen dute. Funtsezkoaren ospakizun bat dira. Isilune bat zarataren erdian. Konektatzeko deia.

Gainera, kanpainak komunitate ireki bat ikusarazten laguntzen du, non pertsona, erakunde edo kolektibo bakoitzak zeregin aktiboa duen uraren zaintzan, herritarren, enpresen, administrazioen eta elkarteen arteko lerrokatzea bultzatuz, ingurune urtarraren babesean benetako eragina sortzeko.

Ikuspegi horrekin, kanpainak informazioa emateaz gain, hunkitu, aitortu eta inplikatu ere egiten du, jarrera arduratsuak sustatuz eta Euskadiko uraren iraunkortasunaren aldeko kontzientzia kolektiboa sendotuz.