Amaiera gabeko lasterketa

Garai honetarako apirilaren 28an eta maiatzaren 26an etaparik garrantzitsuenak izan dituen hauteskunde ‘tourra’ amaituta egongo zela uste genuen. Ekitaldi eta adierazpen gorabeheren ostean, herritarren iritziak lotzeko zaila izango den sare nahasi batera heldu gara erakunde gehienetan: Udal, Foru Gobernu, Gobernu zentral… eta irabazle gehiegi dago dauden beste txapel janzteko. Alderdi nagusiek herritarren pluraltasuna ulertu izana espero dut akordioak lortzerakoan.

Senatuko eguneroko lanera bueltatzea eskertuko nuela uste nuen, baina aurkitu dudana ez da nire gustukoa izan. Izan ere, bakoitzak bere interesen arabera ulertu du herriaren ahotsa eta bere bideari ekin dio besteek gurpilaren atzean jarri eta jarraitu behar diotelakoan. ERCk Miquel Iceta senatari autonomiko izateko aukera –eta ostean Senatuko presidente- itxi egin du eta, ostean, Kongresuko Mahaiak preso dauden diputatu kataluniarrekin egin bezala, Goi Ganberakoak ere Raül Romeva kargugabetzea erabaki du Ciudadanos eta PPk eskatuta, eta PSOEren aldeko botoekin ere.

Guk aurka bozkatu dugu. Lehenik, gure iritziz preso dauden politikari hauek aske egon beharko liratekeelako; inoiz ez zituzten espetxera sartu behar izan. Behin hori argi utzita, gainera Senatuko Gobernuak bere eginkizuna betetzeari uko egin dio bere kideak eta haien jarduna babesteko duen eskubidea eta betebeharra ez duelako bete. Hile honetan beteko dira bi urte Europako Giza Eskubideetako Auzitegiak Espainia kondenatu zuenetik Juan Mari Atutxari jarritako kargugabetzeagatik, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarraren jarduna Auzitegi Gorenaren aginduen gainetik dagoela defendatu zuelako eta, norbere ideologiak alde batera utzita, Sozialista Abertzaleak Taldea desegin gabe utzi zuelako.

Kongresuak eta Senatuak ez dute integritate lezio harekin ezer jakin nahi izan eta Auzitegi Gorenak Gorte Orokorretako jardunean eragina izatea ahalbidetu dute, botereen arteko banaketa hautsiz. Senatuak arauak egiteko eskubidea duen moduan, hauek betetzeko beharra ere badu eta, horiek jarraituz, suplikatorioa eskatu behar izan zuen Romeva kargugabetzeko prozesuari ekiteko, Komisioak lehenengo eta Osoko Bilkurak gero horretarako hitza izanik.

Eta, non geratzen da herritarrek erakundeetako partaide izateko duten eskubidea? Konstituzioan jasota agertzen da, baina gure karguak hartzeko Konstituzio hori betetzeko promesa egiterakoan batzuk erabiltzen ditugun formulekin haserretzen direnek, formekin iraintzen omen ditugulako, ez dute batere arazorik Konstituzio berberaren edukia bete ez eta, beraz, modu larriagoan Testu Gorena iraintzeko.

Zentzugabekeriarekin jarraitzeko, Raül Romeva, atzeraeragintasunez, maiatzaren 21etik aurrera kargugabetu dute, Ganbera eratu zenetik, baina prestazio ekonomikorik gabe utzi dute hauteskundeen egunetik bertatik, apirilaren 28tik. Hori gutxi balitz, ezin omen da Talde Parlamentario bateko kide izan eta ERC Taldetik kanpo atera dute… Talde Parlamentario Mistoan sartzeko.

Katalunian lurralde arazo handia dago baina gehiengo osoez baliatuz diferentziak zapaltzeko ohitura duten Estatuko alderdi politikoek ez dute elkarrizketarako eta akordioetarako ohiturarik; ez dute ulertzen edo ez dute ulertu nahi Estatua ulertzeko modu desberdinak daudela eta bide politikoetatik konpondu beharreko diferentziak epaileen bideetatik konpontzen ahalegintzen dira, arazoak hortxe jarraituko duela kontuan hartu gabe.

Askok uste genuen, behin ekainera helduta, aurreko bi hilabeteetako hauteskunde lasterketa amaituta egongo zela, baina batzuetan belodromo baten antzeko ibilbidea sumatzen diot honi: alderdi bakoitzak pedalei eragiten die, baina piñoi fijoa sartuta, behin eta berriro irteera lerrora bueltatzen dira irtenbiderik aurkitu gabe.