Ciudadanosekoak letratakoak dira

Intentsitate handiko aste tirabiratsu honetan, umore pixka bat jarri nahi diot gaurko idatzi honi. Hain zuzen ere, Ciudadanosen ohiko jokabidearen inguruan nabaritu dudan ezaugarri batez jardungo naiz: letratakoak direla. “Zientzietakoa ala letratakoa zara?”, galdetu ohi dugu askotan; edo, “ni letratakoa naiz!”, jartzen dugu aitzakiatzat kontu zailen bati ekiteko gogorik ez dugunean.

Atzo Albert Riverak egin behar zuen batuketa ez zen batere zaila, baina huts egin zuen. Hain zuzen ere, Pedro Sanchezi inorekin negoziatzeko duen ezgaitasuna aurpegiratzeko gogoratu zion beraiek Andaluziako Gobernuko aurrekontua adostu dutela “bi alderdiren artean”. Ez dakit nola kudeatuko duten Autonomia Erkidego bateko aurrekontua hiruraino zenbatzeko gaitasuna ez dutenek! Agian arazoa izan daiteke Vox alderdia batugai edo sumandoan sartzea ahaztu zaiela.

Ez da lehen aldia ‘laranjek’ matematika arazoak erakusten dituztela. Euskadi eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoen ondoriozko kupoak direla eta ez direla ere ez dira gai kontuak ondo egiteko. Agian arazoa herritarrei azaltzerako orduan sortzen zaie, benetan diren moduan baino, kasualitatez, beraien diskurtsoari komeni zaion moduan jakinarazten dituztelako.
Aitzitik, abilagoak dira letrekin, komunikabideetako titularrak bilatzeko terminoak asmatuz. Hain zuzen ere kupoaren inguruan ‘cuponazo’ hitz-jokoa asmatu zuten, arrakasta handiz, eta asteongo presidente aukeraketa plenorako ‘Sanchezen Plana’, ‘Izuaren gela’ edota ‘Sanchezen banda’ plazaratu dituzte, ohiko diskurtsoetatik aparte zerbait bitxia behar duten medioen gozamenerako.

Riveraren tesien arabera, ‘banda’ horrek Sanchez presidente jartzeko plana erabat lotuta zeukan. Azkenean, errealitateak gezurtatu egin zuen bere teoria hori, beste hainbatetan bezala: kupoaren zenbaketarekin, Voxekin duten harremana ezkutatzeko ahalegin lotsagabearekin edo Mutrikuko aireportuaren asmakizunarekin. Baina hori gutxienekoa da: egiak ez diezazula titular polit bat hondatu. “Ni letratakoa naiz!”