Markel Olano llama a la sociedad guipuzcoana a “cooperar a todos los niveles

Colaboración y más Modelo Gipuzkoa, claves para convertir al territorio en “referencia internacional” en la lucha contra la desigualdad.

Gipuzkoak “mundu mailako erreferentzia» izan nahi du elkartasunean eta desberdintasun sozialak murrizten, eta hori lortzeko bidea gizartearekiko lankidetza eta Gipuzkoa ereduan sakontzea dira, eskema sozioekonomiko horri esker bihurtu baita Gipuzkoa ongizate maila altuko lurralde aurreratu. Hori da Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak gaur marraztu duen estrategia, eta 2020-2023 aldirako Gipuzkoako Foru Aldundiak landuko duena. “Ziurgabetasunez betetako bidea dugu aurretik, etorkizuneko ongizatea bermatzeko, baina, aldi berean, oinarri sendoa dugu, eta Gipuzkoako gizarteak hori lortzeko duen potentzial guztia”, defendatu du.

Planteamendua foru erakundeak legealdi honetarako prestatu duen Kudeaketa Plan Estrategikoan jasota dago. Gaur aurkeztu da jendaurrean, 300 pertsona ingururen aurrean, Donostiako Tabakalera kultura garaikideko zentroan. Ekitaldian izan dira, Olanoz gainera, foru gobernuko kide guztiak eta lurraldeko eragile sozial eta ekonomiko nagusien ordezkariak; honako hauek, besteak beste: Eduardo Junkera, ADEGIko lehendakaria; Iñigo Ucin, MCCko lehendakaria; Nerea Ibañez, ASPEGIko zuzendaria; Asier Vitoria, Gureakeko zuzendari nagusia; Esther Larrañaga, ASPACE Gipuzkoako zuzendaria; Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendaria; Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria; eta Miren Vives, Balenziaga Fundazioko zuzendaria. Ekitaldian izan dira beste hauek ere: Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, eta Arrasate, Elgoibar, Pasaia, Zarautz edota Zumarraga herrietako alkateak, Eneko Goia Donostiako alkatea buru zutela.

            Diputatu nagusiak hitzaldian azpimarratu du desberdintasunaren aurkako borroka izango dela Aldundiaren helburu nagusia 2020-2023 aldian, baina abiapuntua sendoa dela adierazi du. Hala, adibide gisa jarri du Gini indizea bi puntu murriztu dela 2012tik, eta 25,3 mailan dagoela, Europan punta-puntakoak diren herrialdeen artean; langabezia tasa % 7 inguruan egonkortu dela, Europako batez bestekotik oso gertu; eta lurraldeak fiskalitate progresiboa duela, PFEZa bezalako zergetan ikus daitekeenez: diru sarrera handienak dituzten herritarren % 25ek laguntzen du zerga horren bidez egiten den diru bilketa osoaren % 70. Hala ere, triunfalismoetatik ihes egitera deitu du, besteak beste, lurraldean oraindik 38.000 pertsona daudelako pobrezia kronifikatzeko arriskuan.

            «Gipuzkoako Foru Aldundiak helburu hori lortu nahi du, eta, horretarako,Gipuzkoa eta bere eredua indartzeko proiektua gidatuko dugu, gizarte gipuzkoarrarekin batera», azpimarratu du diputatu nagusiak. Gaineratu duenez, «indartze» horrek, praktikan, honako hau dakar: enpresa eta proiektu jasangarri eta konprometituei laguntzea; kalitatezko enplegua sortzea; kohesio soziala indartu eta desberdintasunak murriztea; nortasun demokratikoa eta zibikoa sendotzea; emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea; hizkuntza eta kultura berdintasunerantz aurrera egitea; aniztasunean sakontzea; eta klima-aldaketaren aurka borrokatzea. Hori guztia, Gipuzkoako herritarren bizi kalitatea «kuantitatiboki eta kualitatiboki» hobetzeko helburuarekin.