Euskadik hartuko du Industria Ondarearen Europako Sarearen (ERIH) urteko Konferentzia 2023an

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua Alemaniara joan da turismo industrialaren arloan prospekzio-bidaia bat egitera. Bisitan zehar, Christiane Baum ERIHko (European Route of Industrial Heritage) idazkari nagusiarekin bildu da, eta 2023rako ERIHk Euskadin egingo duen urteko konferentzia eta batzarra berretsi ditu.

Industria Ondarearen Europako Ibilbidea (ERIH) Europako Kontseiluak Europako Kultur Ibilbide gisa aitortutako kultura-sare bat da, eta gure kontinenteko historia industrialaren funtsezko guneak lotzen ditu, haien berezko ezaugarriak aitortuta Turismo Industriala sustatzeko oinarri gisa. Sareak 2.000 gune baino gehiago ditu Europako 50 herrialdetan, eta horietatik 112 Anchor Points edo aparteko lekuak dira. Gune horiek Europako industria-ondarearen bihotza dira, eta, beraz, turistei eta bisitariei esperientzia paregabea eskaini behar diete, eta horiek hobeto ezagutu eta interpretatzeko beharrezko turismo-azpiegituraz hornitu behar dira.

ERIHren Konferentzia 2018tik Turismo Industrialeko produktu bat garatzeko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik Euskadik egin duen lanaren emaitza da, eta, horren ondorioz, gaur egun lider diren erkidegoen artean dago.

Gaur egun, Anchor point gehien dituen autonomia-erkidegoa izatea lortu da, orain arte 3 ziurtagiri jaso baititu: Encartada (Balmaseda), Trenbidearen Museoa (Azpeitia) eta Añanako Gatz Harana. Anchor Pointak aparteko garrantzia duten tokitzat hartzen dira historia industrialari dagokionez, non esperientzia berritzailea eta kalitate handikoa eskaintzen zaion bisitariari.

Sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela Turismo Industriala bultzatzen ari den batzarra Euskadin egitea, “Euskadiren industria-ondarea gure lurraldearen eta gure historiaren memoria bizia delako. Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu. Horregatik, Euskadiren irudirik osoena eskaintzeko, ondare industrial hori balio turistikoa duen aktibo bihurtzeko ibilbideari ekin genion, Turismo Industrialaren Planaren bidez. 2023an ERIH Europako Sareari egingo diogu harrera Euskadin, gure memoria bizirik mantentzeko apustua berresteko eta bisitariari eskaintza anitzagoa eta erakargarriagoa eskaintzeko”.