Kontserben industriako hondakinekin garatutako mikroalgak, bioongarriak lortzeko

» NEIKER zentro teknologikoa ikerketa batean ari da lanean, kontserben industriako hondakinak bioongarri bihurtzeko, mikroalgen hazkuntzatik abiatuta

» Prozesu horren bidez, atuna egostean sortzen diren gatzunetan dauden nutrienteak berreskuratzea lortzen da

» NEIKERek koordinatzen duen SEA2LAND Europako proiektuaren esparruan lortu da emaitza hori, eta helburua da arrantza industrian sortzen diren hondakin tonak bioongarri bihurtzea

» Ekimena Eusko Jaurlaritzak bioekonomia etorkizuneko eredu ekonomiko gisa bultzatzeko egindako apustuaren barruan dago, Europar Batasunarekin lerrokatuta dagoen estrategian

Europako arrantza industriak urtean 5,2 milioi tona hondakin inguru sortzen ditu itsas arrantza prozesatzetik, eta horietako gehienak ez dira berraprobetxatzen. Aitzitik, hondakin horiek balio handiko mineralak dituzte, hala nola nitrogenoa, fosforoa, potasioa, burdina, kobrea edo zinka, baita bitaminak eta beste konposatu batzuk ere, nekazaritzako ekoizpenerako berreskura eta erabil daitezkeenak.

Testuinguru horretan, NEIKER zentro teknologikoa, Basque Research and Technology Allianceko (BRTA) kidea, ongarri berriak garatzen ari da, eta horien osaeran Euskadiko atun kontserbagintzatik eratorritako hondakinetatik sortutako mikroalgak sartzen dira. Zehazki, gatzunak erabiliz, arraina egosteko erabiltzen diren gatz askoko urak, atunen larru, haragi eta koipe hondarren konposatu nutritiboak dituztenak. Gatzun horiek mantenugai eta mineral ugari dituzte, eta mikroalgak ekoizteko erabiltzen ari dira.

Ikerketak AZTI zentro teknologikoaren eta hainbat euskal kontserbagileren lankidetza du, eta, horren barruan, biorremediazio prozesu bat probatu da, nekazaritza industriarako balio erantsi handiko mikroalgak lortzeko, arraina egostetik datozen gatzunetan dauden nutriente eta mineral guztiak birziklatuz.

Bereziki, tratamendu biologiko horretan, mikroalga heterotrofiko bat hazteko erabili da gatzuna, Pobeñako (Bizkaia) paduretatik datorrena, mikroalga hori gai delarik materia organikoa erabiliz hazteko.

Nutrienteetan aberatsak diren mikroalgak

Prozesua lehen begiratuan dirudiena baino errazagoa da. “Mikroalga horiek, hazkuntza prozesuan, egosteko uretan dagoen materia organikoaren zati bat barneratzen dute. Zehazki, hondakinean dauden proteinak, olioak eta beste konposatu nutritibo batzuk ‘jaten’ dituzte”, azaldu du Sonia Suarezek, NEIKEReko Landare Ekoizpen eta Babeserako departamentuko ikertzaileak.

Prozesu horrek 3-4 egun inguruko iraupena du, eta, tarte horretan, mikroalgak gai dira gatzunetan dauden proteinen eta aminoazidoen nitrogenoaren %90 ere kontsumitzeko.

Bildu ondoren, mikroalgak nekazaritzan erabiltzen diren produktuen formulazioan erabiltzen dira, bioongarri edo bioestimulatzaile gisa. Horrela, arrainetik datorren eta algek harrapatzen duten nitrogenoa lurrera iristen da, eta, hala, nekazaritzako laboreen ekoizpena errazten da.
Ikerketa horrek atea irekitzen dio arrantza industriatik datozen hondakin organikoetan dauden mineral ugari berrerabiltzeari. “Horrela, nutrienteetan aberastutako eta Europako nekazaritza industriarako balio erantsi handia duten bioongarriak garatzen laguntzen dugu”, adierazi du Suarezek. Bereziki, hondakin mota horiek aprobetxatuz, nekazaritzarako 1,8 milioi tona nitrogeno inguru berreskuratu ahal izango lirateke.

Arrain hondakinak bioongarri bihurtzea

Lan hori Europako SEA2LAND proiektuaren esparruan egin da, Europar Batasunaren Horizon 2020 programak finantzatuta, arrantza industrian tonaka sortzen diren hondakinak bioongarri bihurtzeko. 7,7 milioi euroko aurrekontuarekin, ‘itsasotik lurrera’ estrategiak proposatzen du 7 azterketa kasutan 10 teknologia baino gehiago aplikatzea Europako arrantza sektoreko 6 eremu adierazgarritan (Ipar Itsasoa, Baltikoa, Bizkaiko Golkoa, Mediterraneoa eta Adriatikoa, baita Ozeano Atlantikoa ere).

Horretarako, hainbat prozesu teknologiko optimizatzen ari dira, hala nola mikroalgekin nutrienteak atzitzeko eta birziklatzeko prozesuak, konpostatze aurreratua, biolehorketa, kontzentrazioa eta erauzketa izozketa bidez, pirolisia edo kitina erauzketa, besteak beste, eta, horiei esker, oinarri biologikoko eta neurrira egindako ongarriak sortu ahal izango dira, bai tokiko labore eta baldintzetarako, bai esportaziorako.

NEIKERek koordinatuta, SEA2LAND proiektuak 11 herrialdetako beste 25 bazkideren partaidetza du: Liegeko Unibertsitatea (ULIEGE), Fibl Europe – Forschungsinstitutfur Biologischen Landbau Europan (FIBL EU) eta Belgikako Universiteit Gent (UGENT); Kroaziako IPS Konzalting Doo Za Poslovne Usluge (IPS); Estoniako Nutriloop Ou (NUTRI) eta Eesti Taimekasvatuse Instituut (ECRI); Frantziako Center Regional D’Innovation et de Transfert de Technologie Agroressources (CATAR), Institut National Polytechnique de Toulouse (INPT) eta Chambre D’Agriculture des Pyrenees Atlantiques (CAPA); Italiako Universita Politecnica delle Marche (UNIVPM), Universita degli Studi di Milano (UMIL) eta Societa Cooperativa Pescatori Molluschicoltori (CO.PE.MO); Maltako Aquabiotech Limited (ABT); Norvegiako Gronn Gjodsel As (Grønn), Norsk institutt for biookonomi (NIBIO) eta Norsk Landbruksradgiving Nord Norge (NLR-NN); Portugalgo Instituto de Soldadura e Qualidade (ISQ); Espainiako Barna SA (BARNA), Caviar Pirinea SL (CAVIAR), AZTI, Fundacio Universitaria Balmes (UVIC-UCC), Fertinagro Biotech SL (FERTINAGRO) eta Iniciativas Innovadoras Sal (INI); Suitzako Forschungsinstitut Fur Biologischen Landbau Stiftung (FIBL-CH) eta Txileko Instituto de Investigaciones Agropecuarias (INIA).

SEA2LAND bioekonomia «baliabide biologikoetan oinarritutako ekonomia» etorkizuneko eredu ekonomiko gisa bultzatzen duen Europako estrategiaren barruan txertatzen da. Halaber, Eusko Jaurlaritzak bioekonomiaranzko trantsizioa sustatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da.