Eusko Jaurlaritzak berriro ekingo dio Gaztemundu programari pandemiaren ondoren

Eusko Jaurlaritzak berriro ekingo dio Gaztemundu programari, pandemiaren ondoren, Gobernu Kontseiluak gaur onartu baitu Euskadin egonaldi bat egin nahi duten Euskal Etxeetako gazteei zuzendutakoekimena.

Edizio honetan, helburua da egungo Euskadiren ikuspegi bat eskaintzea, bere bilakaera historikoarekin eta tradizio kulturalarekin lotuta, leku esanguratsuetan bisitak eta prestakuntza-jarduerak eginez.

Zehazki, egonaldia abenduaren 4tik 20ra bitartean egingo da Euskal Etxeetako bazkide diren 18 eta 35 urte bitarteko 20 gazterekin.

Deialdia EHAAn argitaratu ondoren aurkeztuko dira eskabideak, helbide elektroniko honetan: [email protected]

Gaztemundu programa Basque Country Estrategiaren baitakoa da –estrategia horren helburuetako bat da Euskadi kanpoan proiektatzea– eta 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadiren egungo errealitatearen alde guztiak ezagutarazteko eta belaunaldi berriei Euskal Etxeetako bizitza aktiboan integratzeko aukera emateko.

Ordutik hona, 800 bat lagunek hartu dute parte programa horretan (gehienak Argentinakoak) eta horietako asko orain Euskal Etxeetako zuzendaritzetako kideak dira edota ardura postuak betetzen dituzte.