Eusko Jaurlaritzak Next Generation EU funtsetatik 900.000 euro transferituko dizkio Arabako Foru Aldundiari, Iruña-Veleia sendotzeko eta lehengoratzeko

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Espainiako Gobernutik jasotako Next Generation EU funtsak Arabako Foru Aldundiari transferitzea. Guztira, 900.000 euro erabiliko dira Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan (Langraiz Oka, Araba) induskatutako egiturak sendotzeko eta lehengoratzeko. Aztarnategia Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa da.

Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak 24. osagaian jasotzen du “Kultura-industriaren birbalorizazioa”. Bertako azpiproiektu baten helburu nagusia kultura-intereseko ondasunen banakako babesa duten higiezinak kontserbatzea eta zaharberritzea da. Finantza daitezkeen jarduerak ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren eskumenekoak dira. Euskadin, Lurralde Historikoei dagokie Ondare Historiko Artistiko Monumentala eta Arkeologikoa kontserbatzea, hobetzea, zaharberritzea edo hondeatzea. Horregatik, Kulturaren Erakunde arteko Batzordean (HAKOBA) adostu zen bezala, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzari transferitu dion dirua, kasu honetan, Arabako Foru Aldundiari banatuko zaio.