Hezkuntza Sailak kezka azaldu du Ministerioak USE probarako proposamena aurkezteko izan duen prozeduragatik

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua kezkatuta azaldu da, gaur eguerdian egindako Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak bilera hori deitzeko eta unibertsitatera sartzeko probaren lehen proposamena autonomia-erkidegoei helarazteko moduagatik.

Konferentzia Sektorialean hitza harturik, Bildarratz kezkatuta agertu da Ministerioak halako gai garrantzitsu bat aztertzeko duen presagatik, Hezkuntza Batzordetik aldez aurretik igaro gabe, beharrezko hausnarketa, diagnostikoa eta bateratze-lana egiteko. Sailburuak gogorarazi duenez, uztailaren 27an gaude, eta irakasle guztiak ikastetxeetatik kanpo, ikasgeletan lan askoko urtea izan ondoren. Gogorarazi du Euskadik hilabete askoko lana egin duela 2022-2023 ikasturtean indarrean sartuko diren curriculumak osatzeko, eta, beraz, adierazi du ez duela ulertzen kudeaketa honek irailera arte itxaron ezin izatea. Ildo horretan, faltan sumatu du Ministerioarekin aldebiko eta aldez aurreko harremana izatea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Ministerioaren proposamenari buruz duen iritzia ezagutzeko, proposamen hori Konferentzia Sektorialera iritsi aurretik.

Horregatik guztiagatik, Bildarratzek nahiago izan du bere balorazioetan labur aritzea eta edukietan jarrerarik ez azaltzea, hain garrantzitsua den eta “denbora, elkarrizketa eta lasaitasuna” behar dituen gai baten aurrean. Hala ere, agerian utzi du kezkatuta dagoela Euskadik hezkuntza-arloan duen eskumen-esparruarekiko errespetuagatik, edo Ministerioak egindako lehen proposamenean somatzen den homogeneizazio-borondateagatik.

Hezkuntza Sailaren ustez, gainera, edozein ebaluaziok, definizioz, ebaluatu beharreko testuinguruaren idiosinkrasia errespetatu behar du, bai eta ebaluazioa burutzen den tokia ere. Begi onez ikusten du proposatzen den konpetentzien araberako ebaluazio-ereduranzko trantsizioa, Euskal Hezkuntza Sistemak curriculum-proposamenetan egiten duen bezala, baina Bildarratzek bere hitzaldian berretsi duen bezala, «ez da unea, ezta prozedura ere». Bildarratzek gogorarazi du Batxilergoko curriculum berria irailean hasiko dela ezartzen, eta edozein aldaketa egin aurretik beharrezkoa dela ikastetxeei denbora ematea beren curriculum-proiektuak egokitzen joan daitezen.