26 gazte sartu dira Gaztenek Berri Programan

Belaunaldien berrikuntza eta ekintzailetza oinarrizkoak dira euskal nekazaritzako elikakate osoaren biziraupenerako eta modernizaziorako, Euskadiko garapen sozioekonomikoaren zati garrantzitsua baita. Premisa horrekin, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek Gaztenek Programa  programa jarri zuten abian 2004. urtean, gazteak lehen sektorean eta landa-munduan sar daitezen errazteko. Orain, Mondragon Unibertsitatearen lankidetza tekniko eta pedagogikoarekin, programa modernizatu egiten da, egungo beharretara egokitzeko.

Orain, Gaztenek Berri programaren ezarpenaren bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek, Mondragon Unibertsitatearen asistentzia pedagogikoarekin, Gaztenek programara iristen diren gazte guztien artean enpresa-kudeaketari, digitalizazioari eta berrikuntzari buruzko prestakuntza zabaldu nahi dute, sektoreko eta inguruko erronka eta beharrei erantzuteko jakin-mina eta gogoa pizteko.

Etapa berri honetan, proiektuak gero eta berritzaileagoak izatea lortu nahi da, balio erantsi handiagoa sortzea eta etorkizun-ikuspegia duten pertsonek gidatzea. Gainera, beharrezkotzat jotzen da nekazaritza-ekintzailetzari laguntzeko ekosistema sentsibilizatzea eta kualifikatzea, arreta 2023-2027 aldi berrian jarrita.

Gaztenek Berrik lehen sektoreko ekintzailetzak motibatutako gazteak bilatzen ditu, ekimenarekin eta taldean esperientzia berriak bizitzeko gogoarekin, tresna, metodologia eta ekimen berritzaileak aurkituz.

Guztira 26 gaztek (Arabako 11k, Bizkaiko 6k eta Gipuzkoako 9k) heziketa-erronka berri honetan parte hartzea erabaki dute. Horren helburua da lehen sektorea gaztetzea eta modernizatzea, eta horretarako XXI. mendeko erronka berriei aurre egiteko tresnak eskainiko zaizkie, hala nola, enpresa-kudeaketa, nekazaritza eta abeltzaintza-lanaren digitalizazioa edo arlo horretako teknika eta berrikuntza berriak.

Aplikatuko den metodologia Mondragon Unibertsitateko MTA (Mondragon Team Academy) da, zeinaren gakoa den “eginez ikasi” kontzeptua. Horrela, ikaskuntza aurkezten diren proiektu ekintzaileetan oinarrituko da, eta prozesua programa baten bidez garatuko da. Programa horretan, besteak beste, online saioak egingo dira, sektorearen problematikak ulertzeko, etorkizuneko joerak ezagutzeko eta berrikuntza-tresnak aurkitzeko.

Programa horrek berariazko mentoria-saioak ere izango ditu. Horrez gain, “ikasketa-bidaiak” ere egingo dira; lehen sektoreko inguru berritzaileak ezagutzeko esperientziazko saioak dira, eta inspiratzeaz gain, kontaktu-sarea handitzen lagunduko dute eta talde-lan dinamika sustatzeko espazio informalak eskainiko dituzte.