Euskalmeten arabera, uztaila oso beroa eta erabat lehorra izan da

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uztaila oso beroa eta erabat lehorra izan da, eta azken 50 urte hauetako uztailik bero eta lehorrenetako bat izan dela egiaztatu du. Hilaren 11tik 18ra bitartean izandako bero-bolada historikoa izan zen, eta Euskalmetek orain arte inoiz ez ditu erregistratu urteko hilabete bakar batean ere hain balio altuak.

Egoera ezohikoa izan dela agerian jartzen du Euskalmetek dituen 140 estazioetako 80tan lortutako uztaileko efemeride-kopuru handiak, eta horietako 17tan urteko errekorrak ere hautsi dira.

Erregistratu diren uztaileko efemerideei dagokienez, Gardeako estazioko 43.6 ºC-ak, Arrasateko eta Saratxoko 42.9 ºC-ak, Ordunteko 42.5 ºCak eta Orozkoko 42.4 ºC-ak nabarmentzen dira. Erregistratu diren urteko efemerideei dagokienez, berriz, nabarmentzen dira Arrasateko estazioan neurtutako 42.9 ºC-ak, Ordunteko 42.5 ºC-ak, San Prudentzioko 42.3 ºC-ak eta Behobiako 42.1 ºC-ak.

Tenperatura altuekin batera izandako intsolazioa urteko sasoi honetan espero zitekeena baino askoz ere altuagoa izan da barnealdean, bereziki isurialde kantauriarrean, eta % 35-50 gehiago izan dira eguzki-orduak. Intsolazio-maila ere ohikoaren gainetik ibili da isurialde mediterraneoan, eta % 20 ingurukoa izan da. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 281 eguzki-ordu izan zituen, Donostiak 267 eta Gasteizek 297.

Orokorrean, euria beti han-hemenka bota du, eta prezipitazioak oso eskasak izan dira. Euskadi osoan egun batean edo bitan bakarrik egin du euria, Gipuzkoa ipar-ekialdean izan ezik, 6 prezipitazio-egun zenbatu baitira eskualdean. Eguneko baliorik altuenak uztailaren 6an erregistratu ziren, eta egun horretan bakarrik metatu ziren prezipitazio ugariak (Ordizia 43.1 l/m², Matxinbenta 41.4, Aitzu, Arkauti 23.3 eta Oñati 22.3).

Uztailean zehar Eusko Jaurlaritzak 19 abisu hori aktibatu ditu: 1 galernagatik, 5 tenperatura altu iraunkorrengatik, 7 muturreko tenperatura altuengatik eta 6 basoko sute-arriskuagatik. Horrez gainera, 14 alerta laranja ere aktibatu ditu: 1 tenperatura altu iraunkorrengatik, 6 muturreko tenperatura altuengatik eta 7 basoko sute-arriskuagatik. Azkenik, 5 alarma gorri aktibatu ditu: 3 muturreko tenperatura altuengatik eta 2 basoko suteengatik.

Basoko suteei dagokienez, adierazi behar da basoko suteen arriskua eragin zuen faktore bakarra ez zela tenperatura altuarena izan, faktore horri erantsi behar baitzaio landarediak jasandako estres handia, bereziki Araban, eta laboreen uzta jasotzeko garaia izatea.