Maria Elorzaren ‘A los libros y a las mujeres canto’ filmaren trailerra ikusgai

zinea.eus

Maria Elorza euskal zinemagilearen opera prima izango den A los libros y a las mujeres canto film luzearen trailerra zabaldu dute jada. Irailaren 16tik 24ra ospatuko den Donostia Zinemaldian izango du filmak mundu mailako estreinaldia, New Directors sailean.

Emakume bati ia Avioneta (hegazkin txiki) izena jarri zioten. Beste batek liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Beste batek etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek disertazioak entzuten dituzte lanean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatu die Maria Elorzak bere lehen lan luzea izango denean: Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, liburuak zaintzen dituen armada anonimoari. Horietako bakoitzak borrokatzen duen erresistentzia intimoari; epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.

Gaztelaniaz eta italieraz filmatua, 72 minutuko iraupena izango du Gipuzkoan (Donostia, Zarautz, Pasaia), Nafarroan (Esparza, Turrillas), Bilbon, Madrilen, Suancesen (Kantabria) eta Italian (Sardinia, Herculano, Monte Vesubio, Napoles) errodatutako pieza honek. Elorza bera izan da gidoilari, zuzendari, argazki zuzendari eta muntatzaile, eta zinemagileak Txintxua Films ekoiztetxearekin landutako laugarren lankidetza izango da (Aurretik iritsi ziren, Gure Hormek, Ancora lucciole, Quebrantos). Koldo Almandoz (Intimidad, Hondar Ahoak, Oreina, Sîpo phantasma) da ekoizlea eta Marian Fernández Pascal ekoizle exekutiboa. Xanti Salvador (La trinchera infinita, Las horas muertas, Handia) arduratu da soinuaren postprodukzio lanekin; eta antzezleen artean Tonina (Antonia Deias), Loreto (Loreto Casado), Viki (Viki Claramunt), Wal (Waltraud Kirste) eta Anne (Anne Elorza) daude.

Film hau Kutxabank-New Directors Saria lortzeko lehiatuko da irailaren 16tik 24ra ospatuko den Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan. Gainera, sail horretan aritzeagatik, TCM Sarirako hautagaia izango da ere, 18 eta 25 urte bitarteko ikasleek osatutako epaimahaiak ematen duena. Amaitzeko, A los libros y a las mujeres canto Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko ere lehiatuko da.