Garraiorako laguntza berriak eskatzeko epea irailaren 30era arte zabalik Bizkaian

Datorren irailaren 30era arte eska daitezke, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez, abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuan errepideko garraioaren sektorerako ezarritako laguntza berriak, zeinen bidez erregaien prezioen igoeraren ondorio ekonomikoak arindu nahi diren.

Eskabideak aurkezteko epea abuztuaren 9an hasi zen, eta gaur arte 2.676 eskabide aurkeztu dira; haietatik 2.248 pertsona fisikoenak (autonomoak) dira, eta 428 pertsona juridikoenak (sozietateak eta kooperatibak).

Laguntzaren zenbatekoa baimen-motaren araberakoa da, eta martxoaren 29ko 6/2022 Errege Lege Dekretuan araututako bera da. Salgaien garraiorako kamioi bakoitzarentzat ezarritako laguntza 1.250 euro da, ibilgailu astuna bada, eta 500 euro, ibilgailu arina bada; autobus bakoitzak 950 euro jasoko ditu, eta taxi-gidariek eta gidaria barne hartzen duten alokairuko ibilgailuek, 300 euro.

Laguntzaren banakako zenbatekoa zehazteko, 2022ko uztailaren 15eko garraio-baimenari atxikitako ibilgailu kopurua eta mota hartuko dira kontuan, eta emaitzazko zenbatekoak ezin izango du inola ere gainditu Europako Ukraina Aldi Baterako Esparruaren arauei jarraikiz onartutako laguntzetarako aurreikusitako gehieneko kopurua.

Bestalde, izapidetzeaz Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saila arduratuko da, eta bide elektronikoz baino ezingo da egin.

Aurreko errege lege-dekretuaren betekizunez gainera, beste 2 erantzukizunpeko adierazpen gehitu dira: batean, kontzeptu hori dela-eta aurreko laguntzetan jasotako zenbatekoak adierazi behar dira; bestean, berriz, COVID-19aren denbora-esparruarekin lotuta jasotako laguntzak edo Ukrainako gerraren ondorioz izandako ezohiko kalteak konpontzeko laguntzak adierazi behar dira.

BFAko egoitza elektronikoa:  https://www.ebizkaia.eus/eu/izapideen-katalogoa?procID=2147&cId=si