Gobernu Kontseiluak Bilboko Metroaren 5. Linea eraikitzeko hitzarmena onartu du

Gobernu Kontseiluak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuaren proposamenez, Bilboko Metroko L5 linea (Etxebarriren eta Busturialdeko eta Durangaldeko trenbide-sarearen konexioaren artean) eraiki eta finantzatzeko eta sistema metropolitarrean integratzeko Eusko Jaurlaritzaren –Ogasuna eta Garraioak–, Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko hitzarmena sinatzea baimendu du gaur.

Hitzarmenak ezartzen duenez, Euskal Trenbide Sareak idatziko ditu azterketa eta proiektu teknikoak, eta, haien artean, hiri inguruko sarea 6,3 kilometrotan (Galdakaoraino) zabaltzearen bideragarritasun ekonomikoari eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzkoak. Garraio Sailaren mendeko erakunde publiko horrek, halaber, bost geltoki (Sarratu, Aperribai, Bengoetxe, Galdakao eta Usansoloko Ospitalea) izango dituen linea berria eraikiko du, eta obra-zuzendaritzaz eta ikuskapenaz arduratuko da. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegituraren % 50 finantzatuko dute, eta, horretarako, 360 milioi euroko inbertsioa egingo dute 2023tik 2029ra bitarte. Zerbitzua ustiatzeko material mugikorra Euskotrenen kontura izango da, eta hitzarmenetik kanpo geratu da.

Lanen jarraipena egiteko, batzorde instituzional bat eta batzorde tekniko bat sortzea ezarri da. Hitzarmena 2029ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta orain Legebiltzarrari helaraziko zaio, Jaurlaritzaren Legean jasotakoari jarraikiz.