Luznorrek eraginkortasun energetiko handiko segurtasun-ekipo elektroniko berritzaileak diseinatu eta fabrikatzen ditu

Luznor 1998an sortutako enpresa gasteiztarra da, eta segurtasun-ekipo elektronikoen diseinuan eta fabrikazioan espezializatuta dago. Hiru negozio-ildo nagusi ditu: larrialdietako argiztapena, linterna profesionalak eta etenik gabeko elikatze elektrikoko ekipoak. Konpainiak tokiko zein nazioarteko proiektuetan parte hartu du, eta bere produktuak leku aipagarri askotan aurki daitezke, hala nola Marqués de Riscal upeltegian, Basque Culinary Centerren, Mendizorrotzako Futbol Estadioan, Gasteizko Principal Antzokian, Hotel W Barcelonan, Bartzelonako Firan, Gregorio Marañón ospitalean, edo Madrilgo, Amsterdameko, Bruselako eta Berlingo metroetan. 

Luznorren jarduera nagusia eraikuntzaren eta garraioaren sektoreetan laguntzea da, eduki teknologiko handiko, kalitate handiko eta eraginkortasun energetiko handieneko produktuekin. Hori dela eta, 2019an, Gasteizko Udalak emandako ingurumen-jardunbide egokien Itun Berdea saria jaso zuen Luznorrek. 

“Gure enpresarentzat funtsezkoa da Luznor marka balio erantsi handiko soluzio pertsonalizatuen agiria izatea nazioartean, neurrira egindako konponbideak eskainiz, gure bezeroek eskatutako nahien arabera”, azaldu du Mattheus Bil Arabako enpresako esportazio arduradunak. 

Luznorren lan-taldearen %20a I+G+b arloan dihardu. Izan ere, enpresa bere produktuen berrikuntzan ari da buru-belarri, teknologiak eta material berriak erabiliz. Horretarako, lankidetza-politika bat gauzatzen du tokiko eragileekin. Horrela, Luznorreko hornikuntzen % 80 baino gehiago euskal hornitzaileengandik datoz, hurbileko enpresa-sarearen hazkundea sustatuz. 

Azken urteotan, Luznorrek SPRI Taldearen hainbat programatan parte hartu du. Adibidez, Hazitek programaren bidez, Arabako enpresak sistema zentralizatu bat garatu du larrialdietako argiztapen-aparatuen funtzionamendua urrutitik kontrolatzeko, edo linterna halogeno bat LED teknologiara aldatzeko proiektu berritzaile batean parte hartu du. Halaber, Elkartzen programaren laguntza izan du atzerriko merkataritza-misioetarako, Kanada, Maroko edo Txekiar Errepublika bezalako herrialdeetan. Zabaldu programaren laguntza ere izan du, atzerrian presentzia eta negozioa areagotzeko. 

Gaur egun, Luznor nuklearraren eta trenbidearen sektoreen segurtasuna hobetzeko proiektuetan sartuta dago. Etorkizunari begira, enpresa beste merkatu batzuetan sartzea baloratzen ari da, hala nola industria petrokimikoan eta offshore energia eolikoan. 

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.