Oihalen inprimaketako Waixo enpresak sektorea irauli nahi du

Waixo Gordexolan (Bizkaia) kokatutako enpresa bat da, sei urte eskas dituena. Oihalen inprimaketan dihardu eta sektorea irauli nahi du, “saltzen dena fabrikatuz, eta ez fabrikatzen dena salduz”. Konpainiak SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen duen fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzu sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

Waixo 2016ko abuztuan sortu zen, abiapuntutzat harturik “janzteko arropak pertsonalizatzeko aplikazio mugikor batekin” bildutako esperientzia, azaldu du Waixo-ko kudeatzaile Adolfo Muguerzak. “Aholkularitzako esperientzia handia dugu ekoizpenaren eta berrikuntzaren arloetan, eta lehen beste batzuk aholkatzen genituen, baina erabaki genuen geure ezagutzak aplikatzea proiektu propio, teknologiko eta industrial batean”.

Hasieran, konpainiak azpikontratatu egiten zuen fabrikazioa. 2016aren hasieran Berriup enpresa-azeleragailuan sartu ziren, zeina gero bere akziodun bihurtu baitzen. “Erabaki genuen fabrikazio guzti-guztia integratzea, bezeroei azkar erantzuteko eta gure ekoizpen-sistemako prozesu guztietan berritu ahal izateko”.

Waixo-k onlineko kanalen bidez garatzen du bere jarduera komertziala, marketin digitaleko estrategian jasotako ekintzak hedatuz. Bere produktua oihal pertsonalizatuak dira. “Oihalak estanpatzeko zerbitzu bat eskaintzen dugu B2B bezeroei zuzenduta, eta eboluzionatu egin dugu bukatutako produktua (oihal estanpatuak eta kolore lisodun oihalak) merkaturatzeko. Saltzen ditugun oihalak ez dauzkagu eskuartean, baina halere fabrikatu eta bezeroari helarazten dizkiogu 24-48 orduko epean, serieko fabrikazioko prezioetan. Masako pertsonalizazio kontzeptuetan oinarritutako 4.0 Industriaren adibide bat gara. Hori lortzeko oihalen inprimaketa-teknologiak erabiltzen ditugu, bai sublimazioa eta bai zuzeneko inprimaketa digitala”.

Bezeroek euren diseinu grafikoak bidaltzen dizkiote enpresari, “eta 50 oihal pertsonalizagarri eskaintzen ditugu inprimatuko den horren oinarrian erabiltzeko. Euren oihalak ere bidal diezazkigukete. Azken urte honetan 49.000 oihal-erreferentzia (satina, artilezko oihala, pana, popelina, mikrozuntza, krepea, olana, muselina, puntuzko ehunak, belusa, zumea, viyela, voile, tula, gasa, erdi-zeta, ehun teknikoak…) dituzten enpresekin lehiatu gara, eta datorren urterako onlineko oihal denda handiena izatea espero dugu”.

Waixo-k produktu birtualak sortzen ditu, eta 24-48 orduko fabrikazio-zerbitzua eskaintzen du “gehigarri bat ordainduta. Presazkoa ez bada, astebetean fabrikatzen eta entregatzen dugu produktua”.

Askotariko bezeroak dauzka, hasi elizetatik (aldareetarako oihalak) eta museoetara (adibidez, Thyssen-Bornemisza museoa). “5.000tik gora bezero dauzkagu. Normalean egitura txikiko enpresak izaten dira, pertsona bakarrekoak, autonomoak, partikularrak, euren produktuak hirugarrenen plataformetan eta sare sozialetan merkaturatzen dituzten profesionalak. Era berean, badauzkagu erreferentziazko bezeroak, marka handiak, gurekin lan egiten dutenak gure azkartasunagatik eta gure gestioagatik, eskaera zuzenean konektatuta daukagulako oihalen inprimaketa digitaleko ekipoekin. Bezeroen artean baditugu orobat saltokiak, mertzeriak, oihal dendak, ekitaldiak kudeatzen dituzten publizitate-agentziak… Oihala erabiltzen duen edonor izan daiteke gure bezero”.

Hala, konpainiak oihalak saltzen dizkie bezeroei, produktua merkaturatu dezaten hirugarrenentzat edo amaierako bezeroentzat, adibidez, “etxerako kuxin batzuk edo logelarako poster bat egiteko. Gehienbat diseinatzaileei eta moda markei saltzen diegu, haiei zuzentzen gatzaizkie”.

Enpresaren estrategia da iraultza eragitea janzteko arropak fabrikatzeko moduan. “Gure xedea da automatizatu eta eskalatu daitezkeen prozesu guztiak integratzea eta diseinua unibertsalizatzea, bakoitzak bere arropak sor ditzan ordenagailuko edo mugikorreko pantailaren bidez”.

Lokalki fabrikatzea

Muguerzak dioenez, “posible da 39 eurotik gorako edozein arropa lokalki fabrikatzea bitartekaririk gabeko eredu disruptibo batekin. Teknologia kontu bat da. Egin behar dena da oihalgintzako prozesua birlokalizatu, seriekoa ez den eredu bat baliatuz. Euskadin badaude hainbat moda marka, baina inoiz ez da erreferente izan arropagintzan, eta gure asmoa da trakzio-proiektu izatea, kontuan izanik moda dela onlineko salmenta handieneko sektorea. Aldaketaren lider izan nahi dugu, hots, helburua da hurbileko fabrikazioa sustatzea modu unitario eta pertsonalizatuan eta moda kate handien prezioetan. Aldaketa hori guk bultzatuko dugu, edo beste norbaitek, baina iritsiko da, eta horretarako “balio-kateko oztopoak kendu behar dira”.

Enpresaren plantillan zazpi lagun daude, eta I+G-a da proiektuaren giltzarria. “Lanean ari gara produktu birtualak eta errealak bereizezinak izan daitezen. Gaur egun 39.000 erreferentzia dauzkagu, baina datozen hilabeteetan milioika izatera iritsiko gara”.

SPRI Taldearen BDIH Konexio programako laguntzarekin tindu funtzionalei buruzko ikerketa egin dute. “3D inprimaketarekin erliebea eman nahi diegu oihalei. Ikerketari esker posible izan da funtzionaltasun horretarako 3D inprimagailu baten garapena bultzatzea. Gai konplexua da, ez baita erraza gaur egun eskaintzen ditugun ehunei hirugarren dimentsio bat ematea”.

Konpainiaren etorkizuneko erronkak dira “gure bezeroek produktu bat sor dezatela ordenagailutik altxa gabe, edo metroan etxera bidean doazenean smartphone batekin. Izan dadila fabrikatu gabe dagoen zerbait, existitzen ez dena. Eta beharrezkoak diren baliabideak bakarrik kontsumituz. Jasangarritasuna bilatzen dugu, saltzen dena fabrikatzea eta ez fabrikatu dena saltzea, eta apustu egin nahi dugu ehun jasangarri, birziklatu edo organikoen alde, GRS, GOTS eta OEKOTex ziurtagiriekin eta tindu ekologikoak erabiliz oihalak inprimatzeko prozesuetan”.

Une honetan enpresa milioi bat euroko inbertsio-erronda bat irekitzekotan da, “azken bi urteotan bezala aurrerantzean ere fakturazioa hirukoizten jarraitzeko”.